2010/2011- LAPURDI IRRATI-ko KRONIKAK  -  "HAZPARNE XAHAR BERRI"  -
HAZPARNEKO HISTORIOAZ (lehen urtea)

JEAN-BAPTISTE GARAT, Pikasarri, Apeza

JEAN-BAPTISTE GARAT, Hazparne "Pikasarri"ko semea, izan zen, Misionesten etxeko lehen zuzendaria.
         1773-ko uztailaren 17-an sortu zen, JEAN-BAPTISTE GARAT? Hazparne "Pikasarrian". Pesta antolatzaile buru izanez, gazte denbora alaia eremana zuen, JAMATTIT GARAT-ek, Hazparnen. HARISPE jeneral iraultzlari aintzindariaren armadan, barne izana zen, eta ezkontzerat abiatu zen ere, Lardapide izeneko Aihertar neska batekilan. 29 urte zituelarik, betbetan etorri zitzaion, apez egiteko gogoa, eta ordutik hasi zituen ikastaldiak, peko mailatik abiatuz. Apeztu zen, 1807an eta Uztaritzerat izendatu zuten, bikario, beren lehen postuarentzat. Uztaritzeko jendea, laster ohartu zen, pereiku egiteko dohain haundia zuela, bikario berriak.

        Apez hunen izaitea ongi inguratzeko, huna, Hazparnen gertatua, eta Xipri Arbelbidek liburu batean kondatzen daukuna : " Urte batez, Hazparneko Jaun erretorak, bere eliza-pestarako predikaritzat galdatu zuen, JAMATTITT GARAT "Pikasarri", eta menturaz, sekulan ez dute Hazpandarrek geroztik entzun, holako prediku sakonik. Ez zituen hitz bakar batzu baizik erran herriko, Jondoni Juanes Batista herriko patroinaz; bere buruaz mintzatu zen, bere gazte denborako xorokeriez, bere orduko espantuez eta barreiamenduetaz. Eta bere baitan zaukan urrikiaren karrak, emendarazten baitziozkan bere hutsak, erran ahala baino gehiago ari zen, bere buruaren apaltzen, osoki belzten, bularrak joiten zituela, barkamendua galdatuz, begietarik nigarra zariola. Elizako jende guziak nigar hipetan arrarazi zituen, halako moldez, nun, azkenean, ez baitzen gehiago predikaria entzuten ahal. Oi zer kofesioa! Aitorlearentzat ere baino gehiago, populu handi batentzat osoki baliatu zena. Prediku alkitik jaustearekin erran zioten: "Ene herritar maiteak, aitortu dauzkitzuet ene bekatuak diren bezala; hemendik goiti, zuenak aipatuko ditut, hekien gudukatzeko eta zuen salbatzeko."
          
1814-eko urtean etorri zen Hazparnerat, bikari, eta hor egon, zortzi urtez. 1822ko urtean, gogoan hartu zuen misionesten etxe baten eraikitzea. Haren lehen misionest lagunak izan ziren: Aita INTXAUZPE eta bi diakre, GIREZ eta GIMON. Gero jin ziren: Aita ZAROTE, Aita PERGILHEM eta Aita HARAMBURU. Behin, Baionako semenariotik hurbil kokatu ziren lehen misionestak. Gero laster, Larresoron erosi zuten, "Iturrinea" deitu etxe bat, bainan han jarri bezain laster, Hazparnen, "Landaburua" deitu etxea saltzeko gertatu zen, eta JEAN-BAPTISTE GARAT -en nahia zen, betidanik, Hazparnen eraikitzea etxe hori ; Nafarroa eta Lapurdiren juntan zelakotz, eta gainerat, bere sort-herria. tz da gure gogoa apez hunen bizi osoaren aipatzea hemen, bainan nola, GARAT Pikasarri-ren gazte denborako ixtorio batekin hasi dugun, hunen azken egunetan gertatuarekin, bukatuko dugu. Ezindua zagolarik bere etxean -zangoek ez zuten gehiago atxikitzen eta norbeit behar zuen bere kaderarekin mugitzeko- beraz, Hazparnen, Jean LISSARDI erretor zen denboran, hunek, ospe haunditan egin zuen JESUSEN BIHOTZ SAKRATUA-ren kongregazionearen pesta, Besta Berri zaharrez.
            Goiz hartan berean, Aita GARAT-ek entzun zuen, nola, Hazparneko etxeko jauak elgar aditu zirela, bihiaren prezioa emendatzeko. Denbora heietan, gosea zen herrian eta langileek ez zuten lanerat galderik. Hori entzun zuelarik, ez zuen bere burua arrazoinatu ahal izan, eta Bezperak hasi zirenetik, deitu zuen sehia erranez:
"Har ene kadera, ereman behar nauzue elizarat." Bi mutilek ereman zuten beraz elizarat. Ordukotz, hau, konkorraino betea zagon eta guziak boztu ziren, Pikasarri behar zutela entzun.
         
Prediku tenorea etorri zenean, Mahain Saindutik itzultzen da Aita GARAT, eta erraiten du: " Ez naiz predikatzerat etorria. Jaun Erretorak, predikatuko derauzue nik baino hobeki; galdatuko diot bakarrik zenbait hitzen erraiteko baimena. Ikusten duzue, jende behartsua zer hersturetan den. Ofizialek ez dute lanik, artoa egunetik egunera goratuz doa, bazterretan, hainitz labe jada ez dire gorritzen. Ai! Zuek, aberatsak, kasu emazue Jainkoak ez zaitzaten fundi, jende gaixoaz ez bazarete urrikaltzen, horrelako hersturan. Ez da zueri behatzen den lana erraitea, zer heinetan saldu behar duzuen ogi ala artoa. Auzapezak bakarrik egin dezake hori". Harriturik bezala, bihiak beheratu ziren eta jendeak deskantsu poxi bat izan zuen.
        Hori izan zen Aita GARAT-en azken ateraldia. Handik zazpi ilabeteren buruan, joan behar zen Jainkoaren ganat. 1847garren urteko, Urtarrilaren lauean, zendu zen, Aita GARAT Pikasarri, 73 urtetan. Hil ondoan, Hazparneko elizaren erdian ezarri zuten, bere kadiran jarria zagola eta hola agertzen zen herritarren aintzinean. Gorputza, proosionean eremana izan zen, bere kadiran jarririk, Misionesteiko kapera arte, eta han ehortzia da, postura berean.


HAZPARNE-ko GALBARIOA

1848-ko urtean hasia zen Iraultzaren ondorioz, mende undarrean, girixtinoen kontrako ikusmoldeak, Europa guzian hedatu ziren. Iraultzak sarturik zuen leize-zolatik, Elizak, bere indarra erakutsi nahi zuen herriaren begietan; ordukoak dira, Hazparneko eliza berria, hirurogoi metro gora egiten duen dorre luzearekin, Misionesten etxea, eta Kolegioa. Uztaritze , Donapaleu, Maule, Atarratze eta beste eliza berriak ère, beren dorre luzeekin, 1873-an, zeruari gora abiatu ziren, katedralekoen idurikoak.
           Garai hartan, Napoléon III garrena zen, Frantziaren buru, eta hunek, ainitz lagundu zuen Eliza, leizeatik ateratzen. Ordukoak dira ere, gure Galbario zenbait, eta bereziki, Hazparnekoa. Misionestean, Arbelbide Apeza zen buru eta hunek zuen asmatu horren eraikitzea, Arroltzemendi gainean, misionesten eremuetan. Dotzena bat metro gora egiten du, Jesu Kristoren kurutzeak, metra pare bat gutiago, beste bi kurutzeek. Kristo, eta bere bi sahetsetan diren gaixtaginak, burdinezkoak dira. Norbaitek, dirua emana zion, Arbelbide apezari, nahi zuena egiteko eta obra hortan sartu zuen.

        1890-ean estrenatu zuten, ospe handitan, apezpikua bera hor zegoela. Aste batez, Hazparneko eliza bete zen ; ordu hartako predikari hoberenek, bedera prediku egin zuten, egun horren prestatzeko ; horiek ziren : LAPEYRE kalonjea, ZANZINENA, katedraleko bikarioa ; XORIBIT, kalonjea ; BELTZAGI, Donibane Garaziko apez nagusia ; ABBADIE, Larresoroko zuzendaria, ; eta BASTRES, Belokeko abadea.
       Prediku guziak, ARBELBIDE misionestak bildu zituen, "Hazparneko Kalbarioa" liburuan, aintzin solas bat berak eginez, eta orduko 82 kantika ezagunenak emanez, beren aireekin. Gure historioan, aireekin agertu lehen kantika bilduma da. JARET, misionest lagunak, egin zion lan hori, gauza arraroa, gregoriano notekin.

       1890-eko, irailaren 14ean, egin zen estrena hortarat, bezperatik etorri zen, VIEILLEVILLE Jaun apezpikua bera. Larunbatarekin, aratsaldeko lau orenetan, 30 bat zaldunez inguraturik, Herriko hautetsiek errezebitu zuten karrika buruan. Gertakari hunentzat, karrikako etxeak nasaiki apainduak izan ziren. Biharamunean, igande arratsaldeko hiruetan, hasi zuten Galbario gainerateko proosinoa, Kurutzearen bidea eginez, eta hiru oren berantago bururatu. Azken hitza, Apezpikuak eman zuen beherean, Misionesten kapera aintzinean; ez baitzitzaion behin ere hainbeste dolutu euskara ez jakitea. Aitortu zuen, Marzellako Notre-Dame-de-la Garde basilikan ikusi zuela elizkizun ederrik, bainan ez hainbeste kartsutasunekin. 4.000 jende bazela diote, orduko egunkariek ; 6.000, idatzi zuen, JARET-ek, Pabeko "Le Bulletin Catholique" astekarian. (Hazparneko herriak geroztik atera duen " Regards sur Hasparren " liburuan, 5000 jende zirela idatzia da.)
        ARBELBIDE misionestak, ondoko urteetan eraiki zituen zimentaz, mosaikazko hitzekin, Kurutzearen bideko kurutze guziak. Gaur, 2011 urte huntan, Hazparneko Galbarioak beren ospea galdua du, debalde utzia da.
 
       Denboran, bi Galbario baziren Hazparnen : bat, gaurko gune huntan berean, eta bertzea, Zelaian, Xuhia mendixka kaskoan. Azken huntan, kapera baten eraikitzea ere asmatua izan zen, bainan ez zioten ondoriorik eman. Ainitz urtez, Galbarioko haitzen dorreak mozten zituzten, herri guzitik hiru kurutzeak agerian izaiteko moldean. Egun, tokirat juan behar da, kurutze horien ikusteko, bide arroilkatu batetarik goiti; estazioneko kurutzeek mosaikaz idatzia zauzkaten zenbakiak, galduak dauzkatela.
         ARROLTZE MENDI tontorrean, Jesus Kristorekin kurutzefikatuak ziren bi gaixtaginetarik bat, lurrean dago hiru pozitan. Gaixtagin hau, Jesusen eskuineko hura da; hain xuxen, urrikaldu zen hura bera. ARROLTZE MENDI kaskotik, bixta ezin ederragoa da, mendieri buruz, eta kurritzeko toki egokia gelditzen da.

BIHOTZ SAKRATUAREN edo MISIONESTEN Kapera

Hazparnen kokatu zirenetik, Misionestek eraiki zuten Kapera bat, 1824-an. Kapera ttipi hau, 1858-an doietarik eskapatu zen, sutei batetarik. Kapera ez zen bakarrik, arras ttipia, bainan ere, dixtira gutikoa zen, hain bat arrunta, nun, egun batez, hazpandar batek erran zuen: " Jaun Misionestek egoitza ederra dute, bainan, nagusia, Jainkoa, etxola hitsean daukate".
          
Nola Kapera hortako elizkizunetan ainitz jende bazabilan, Misionestek erabaki zuten kapera haundiago baten eraikitzea. Hau jin zakion gogorat, Jean-Baptiste Garat, Misionesten Lehen zuzendariari, bainan, hunek ez zuen eraiki ahal izan eta ere, ez oraino, hunen ondotik izan ziren 4 superiorek. Misionesten kapera berriaren eraikitzailea izan zen beraz, seigarren superiora, Aita LOPEZ DE LA VEGA. Hunek, HIRIART, LAFAYE, TRIBOUT eta BEAU, lau arkitekteri manatu zioten Kapera berriaren planoak egitea eta obren kudeatzea.
        
Lehen projektu bat eskaini zioten, Aita LOPEZ DE LA VEGA-ri. Huntan, kapera berriaren sartzea, gaurko lizeoko portaletan bezala zen eta eki alderat luzara asmatua zen, gaurko kapera ez den bezala. Kapera ekialderat buruz eta Misionesten etxea sahetsean zaukala, huni, kalastrape bat lotua zaioten luze luzia. Obra gaitza baten ekaia zen, gastu izigarriekilan eta behar izan zuten beren ikusmoldea, eginahalaren izarietarat jautsi. Orduan, arkitektuek eskaini zuten, gaur ikusten ahal dugun kapera hunen itxurako ekeia; aldarea ez da, lehen projektuan zuen bezala, ekialderat, Eliza gehienek bezala, bainan, hegoalderat, eta sartzea, ipar aldetik eginen da, mendebaletik egiteko orde. Projektu hau onartua izan zen.
        
Ordutik, dirua behar zen bildu eta 1928-tik haste, abiatu ziren emaitzak. Misionestak, herriz herri zabiltzan beren ekintzaren aipatzen eta Euskal Herri guzitik etorri ziren laguntzak ; 73 Parropia izan ziren dirua eman zutenak ; hauetan, Hazparneko herria izan zen emaile haundiena. Hazparneren egitate hunek, Aita LOPEZ DE LA VEGA zuzendariari erranarazi zaion : " Emailen zerenda huntan, ohorezko lehen tokia dauka Hazparnek ; hunek gai ezartzen du, Bihotz Sakratuaren zaindari dagon euskal herrialdeko herria izaiterat. " Hazparnez bertzalde, emaile haundienak izan ziren : DONIBANE LOHIZUNE, 13 770 libera; HENDAIA, 11 580 libera; URRUNA, 11 516 libera; SENPERE, 10 579 libera; BAIGORRI, BIOARRAY, GARAZI, -5 000 eta 6000 arte hortan bakotxak, eta abar.
           
Kapera berriaren eraikitzen hasi zirenetik, eta hunen bukatzerat, 3 urte iragan ziren. 1931-ko urtean bukatua da beraz, eta hunen ordaintzea, 1942-an izan zen, orotarat, orduko 1 300 051 libera gosta izan zen. Dakiguna da, eraikitzearen denboran pagatu behar ziren obrak, ez zirela oraino Misionesten kutxan sartuak osoki, eta anartean, prestuzko diruarekin pagatzen zituztela obrak. Kapera eraiki ondotik, 10 urtez dirua bildua izan da Herrialdetan, eta azken finean, 3 685 libera soberakindu zitzaioten Misionesteri.
          
Obra gaitza egin zuten hor, ekai ederrenekoekin, nola, aldare gaineko marbre ederra; berinki leihoak zoin ederragoak dira ere. Kapera barneko bi sahetsetan diren berinezko leiho bakotxak, Euskal Herriko herri baten erredolak ditu agertzen; 14 badira; hain xuxen, 14 horiek izan dira, kapera hunentzat gehienik eman duten Parropiak edo Herriak; beren laguntzaile hoberenen eskertzeko, molde eder bat kausitu zuten hemen Misionestek. Bertze leihoetan agertzen dira, Euskal Herriko zazpi probintzien berinazko erredolak, eta ère, Trinitate Saindua itxuratzen duen bat, leiho borobil batean dagona. Ainitz gosta izan ziren kapera barneko edergailuak, bi sahetsetan margotua den Sainduen proosio ospetsua; hemen ohargarri da, Saindu hauen itxuretan, biga margotuak direla orduko jende batzuen arpegiekilan: JEAN LISSAR, Hazparnen Auzapez zena eta GIEURE Apezpikua, orduko Baionako diosesaren buru zena.
        
Obra guziz ederra ere dago, aldare gaineko mosaikaz egina den KRISTO BIHOTZ SAKRATUA-ren itxura; hunek, besoak zabalik dauzka, Sainduen proosionearen errezebitzeko beren erreinuan. Aldare nagusi hunen bi aldetan, bertze bi aldare badira: bat, Lurdeko Ama Birjinari eskainia eta bertzea, San Joseperi. Kapera guzian kausitzen diren idatziak, Latinez edo Euskaraz dira.
        
Kapera eder hau, 2010 urte hunen hastean, Frantziako eraikin ixtoriko bezala izendatua izan da. Obra beharretan da kapera hau eta eraikin ixtorikoa izankiz, diru laguntza bereziak ukaiten ahal dira obra horien egiteko. Hazparneko Herriak, bere egitarauan sartua du kapera huni buruz zerbait egitea, sobera funditzetik beiratzeko moldean.

HAZPARNE-ko Eliza

Gaur, plaza karkanan ikusten dugun eliza hau, ospetsua, bere dorre luzearekin, ez da hain zaharra. Doi doia 127 ditu gure elizak, erran nahi baitu, plaza hortako etxe gehienak baino ainitz eta ainitz urtez gazteago dela, kalastro azpian den harri batean idatzia denaren arabera, huntan irakurtzen ahal baitira hitz hauek : "Jainkoaren Etxea, herri guziak egina, Jean-Baptiste Londaitzbehere erretor zelarik , 1879 - 1883".

Lau urte eman zituzten eliza haundi hunen eraikitzeko. Lehengo elizaren hormak edo murruak toki berean ziren; eliza xaharrak, sahetsetako bi hegalak ez zituen eta dorre labur bat zuen, Lapurdiko bertze elizen dorreak idurikoa, dena ere, berriz eraikia izana zena, 1784-ean.

Ordu haietan, Erregearen zerga biltzaile batek, De Neville jaunak, aurdikiarazi zuen Hazparneko eliza dorrea, herriko emazteak oldartu zirelakotz boteredunen kontra. Gabela deitzen zen zerga, beharko zutela pagatu entzuna baitzuten, eta hau, ez baitzuten entzun nahi nehundik ere. Eliza dorre hortako ezkilak, balanbaka ariarazi zituzten herritarren biltzeko iraultzarat. Orduan, orok uste zuten, zerga hori ordaindu beharko zutela, bainan, berri faltsua zela agertu zen, ezen, Lapurdiko herrialdeek araudi berexak ukanez, ez baitzuten zerga horren pagatzerik, eta beraz, debaldetan asaldatu ziren Hazparneko emazteak. Dena den, debaldetan, ala ez, zigorrak berdin jasan behar izan zituzten; De Neville jaunak, aurdikiarazi zuen, jendea asaldaarazteko baliatua izan zen ezkiladun dorrea. Hau, berriz altxatu behar izan zuten gertakari hunen ondotik; lehengoan zen itxura berean eman zuten berriz.

Hazparneko eliza berriaren lehen harria, Baionako Diosesako buru zen, DUCELLIER Apezpikuak, pausatu zuen. Bezperatik etorria zen, eta hain xuxen, bezperan, 300-nez goiti haur konfirmatu zituen, taulazko aterbe haundi batean, eliza obretan zenago han egiten baiziren elizkizunak. Taulazko eliza hori, Senbosenia etxearen aurrean zagon pentzean, eraikia zen, Herriko etxeko karrika muturrean, gaurko Ezkia Ikastolaren aldeko aparka tokian. Eliza zaharra barreatu berria zen, eta herriko hargin batek baliatu zituen, delako eliza zaharraren ateko harri ederrak , "Eliza lekua" deitzen den etxe batean ezartzeko. Etxe hori, Jats karrikaren erditsutan da, zinemako bide junta egiten duena.

Beraz, eliza berriaren lehen harria ezarri zuen Apezpikuak. Fabrikako idatzietan seinalatua da gertakari hau hitz hauekin: "Dorre eta hego-alderdi hunen lehen harria, benedicatua eta ezarria izan da, 1879-ko Otsailaren 13 an. Eliza hunen gerizean, etsai guzietarik Jainkoak beira dezala, menderen-mende, Ahazparneko herria !" Ordutik hasi zuten eliza berriaren eraikitzea. Hau bururatu zenean, zenbeit, izan omen ziren, erraiteko, gehiagoko beharrik gabe, Lapurtar eliza zahar eder bat trukatu zutela, deus arrarorik ez zuen eliza espantagarri batentzat. Bainan, egiak bere bidea behar du, eta gauza ezaguna zen, lurrerat abian zela Hazparneko eliza, eta irriskutsua bilakatua zela jendearentzat. Hegoaldeko murruak ez zuen gehiago teilatuaren pizua jasaiten ahal, eta, erortzeko hainean zen; barnekaldetik galeriak atxikitzen zituzten ernaiek, murrutik berexten ari ziren, eta, orokorki, murru guziak azkarki arreilduak ziren. Hauek oro, orduko kontseiluetako biltzarre batzuetan erranak izan dira eta idatziak.

Orduko kargudunetan baziren eliza xaharraren berritzea galdatzen zutenak. Baziren ere, Eliza berria galdatzen zutenak, eta huni buruz, ekai edo projektu batzu eginak zituztenak. Hain xuxen, gaurko eliza hunen planoak, ongi iduritzen zaioten ainitzeri, haundi eta ospetsua, zagon tokitik behex, bertze toki zabal eta egokiago batean. Zenbeitek zioten sobera haundia izanen zela, eta gastu haundikoa. Eliza berri baten egiteko projektua, diruz lagundu nahi zutenak ere baziren, bainan hauek, beren emaitzak obligazione baten menpean emanak zituzten : eliza berria, zaharraren tokian eraiki behartzen, nahiz toki hori hertsiegi kausitzen zuten eraikitzaileek.

Eztabada nasai batzuen ondotik, erabakia hartua izan zen, eliza, berri, haundi, ospetsu hunen eraikitzea, beren 60 metro gora egiten duen dorrearekin. Eliza zaharraren hegoaldea, aurdiki zuten, ekialdea ere, aldare gibela luzatzeko, eta kripta berriaren gainean altxatua da, aldare gaina. Ipar aldeko murrua berritua izan zen, mendebale aldekoa berdin, eta hunen murruari lotua da, eliza sartze berria, kalostrearekin, hunen gainean baita ere dorre luzea. Eliza sahetsean, kalostre azpi bat egin beharra zen, bainan ez zuten egin orduan. Hau, duela zenbeit urte egina izan da.

Berritze hunen ixtorioa ongi konprenitzen badugu, zaharra, berritu nahi zutenek, arrazoia atera dute, berri bat, haundi eta ospetsua nahi zutenek ere bai, eta toki berean eraikitzea galdatzen zutenek, noiaz ez ere. Hau da, partida bat ongi jokatua; ordutik, denak akort izanez, prest ziren, emaitza zerbeiten eskaintzerat, eliza berriaren ordaintzeko.

ELIZABERRIKO Kapera

Hazparne Elizaberriko auzoan den Kapera ttipiak, badauka ixtorio luze eta aberats bat.

Elizaberri Auzo horren izena, kapera huni zor dio, ezen, 1687-ko urtea arte, Auzoak, " Harana" zuen izena. Plazatik beheiti, Hazketa bere bi sahetsetako auzo garaiekoekin, (Peña eta Elizaberri, Beskoitze arte), " Harana" deitzen zen.

Beraz, duela 323 badu kapera hunen eraikitzeak. Hau altxatua izan zen, Larreburuko sahetsean, Zaliondoko ontasunetan. Ontasun horiek, JEAN LARRALDE Hazpandar Apezak ukanak zituen ondarez, eta erabaki zuen, toki hortan berean Kapera bat eraikitzea. Denbora heietan, 1 678-ko urtetik geroz, JEAN LARRALDE, Sarako erretora zen eta han, zenbeit tirabira ukan zituen Parropiako fededunekin, eta Apezpikutegiarekin. Kexatu ziren, auzitan sartu, eta ondorioz, urteak iragan zituzten, auziz auzi. JEAN LARRALDE, bakarrik, ororen aurka tematu zen. Ordutik zuen xedea hartu, nola, bereak zauzkan Hazparne Larreburuko eremuak baliatuz, Kapera eta apezetxe bat eraikiko zituela.

Hau eraiki zuenetik, oraino 19 urte bizi izan zen, JEAN LARRALDE Apeza, eta 1706 -an zendu zen, Saran. Eritu zenetik, beren indarrak ahultzen hasiak senditu zuenetik, beren hil kutxa eginarazi zuen. Logelan, bere ohearen sahetsean ezarrarazi zuen, hil ondoan jauntzi behar zaizkoten Liturgiako soinekoak, egun bakotx, heriotzea gogoan ukan zezan, eta huni buruz prest izaiteko moldean. Manatua zuen, hiltzen zenetik, beren gorputza Hazparnerat eremaitea, eliza nagusiko Kriptan ezartzea, jendeak bisita zezan. Bainan, pidaia luzea izankiz, (ordu haietan ez zen otorik), gorputza andeatua zela ohartzen baziren, elizatik pasatu gabe, Elizaberriko kaperarat eremaitea, han ehortzia izaiteko. Hala gertatu zen, eta JEAN LARRALDE Hazpandar Apezaren hobia, Kapera hunen erdi erdian da.

Sarako Parropiari ez zion deus utzi nahi izan, ez dirurik, ez eta ere beren hezurrik. Ixtorio ttipiarentzat, JEAN LARRALDE-ek ez bazuen beren hezurrik ere utzi Sarako Herriari, jakitekoa da, apez hau hil zenetik eta 300 bat urte berantago, Sarako elizako alkiak, JEAN LARRALDE-en Elizaberriko Kaperan ezarriak izan direla. Ixtorioaren begi klixka !

Beraz, Kapera pollit hau eraiki zuen, JEAN LARRALDE Zaliondoko Apezak. Kapera hunek badauka aldere gain bat, arraroa ederra, TRINITATE SAINDUA-ri doana. Bainan iduri luke, erretaula hau, kapera baino berantago eraikia izan dela, hain segur, 1698-garren urtean.

Erakaspen baitezpadakoak agerian ezartzen dituzte, erretaulan xixelkatuak diren itxurek. Erdian, TRINITATE SAINDUA, Aingeruak inguruan ; JAINKO AITA, Aita Sainduaren jauntziekin agertzen da, tiarra buruan, eta Errege seinale den larrelili bat eskuan. Hunek berak badu erran nahi bat. Ordu haietan, Aita Sainduaren nagusitasuna ez zuten orok onhartzen, eta protestantek eliza nahi zuten iraultzatu. Trenteko konzilioaren ondorioz, Aitasainduaren lehentasuna finkatua izan zen, eta hau du, JEAN LARRALDE-ek erakutsi nahi ukan beren aldare gaineko obra ederrean. JAINKO AITA-k, beren semea, JESUS, esku eskuinaz erakusten du; Jesusek aldiz, bere sahetseko zauria. Bi itxura hauen gaineko partean, IZPIRITU SAINDUA-k hartzen du urtxo baten itxura, beren buhakoa igortzen duela.

Aldare gain hunek ainitz xixel lan baditu, Euskal moldean eginak, etxetan muble lantu askotan hatxemaiten direnen idurikoak, edo ere, hilarrietako harrietan kausitzen diren ekintza batzuen parekoak. Adibidez, laukiak, bihotz batzu izarreri lotuak, iduzki eta ilargia.

Beti erakaspenean jarraikiz, aldare gaineko ezkerreko partean, ilargia erakutsia da, lauki eta kurutze baten gainetik. LARRALDE Apeza, gizon argitua zen eta teologian jakintsun haundia. "Ilargia", Testamentu zaharraren ageria da, bainan ere, Ama Bijinarena. Erakaspen huntan, ilargiak, (Ama Birjina beraz), erran nahi du, Maria Birjinatik sortua; "kurutzeak", Jesus hil eta kurutzefikatua; "laukia", (erran nahi baitu, lurra), lurrean ehortzia izan zen; jautsi zen ifernuetarat (berriz ere ilargia), hirugarren egunean hiletarik piztu zen (oraino ilargia, ezen, ilargia, Jesus egin zen bezala, hiru egunez desagertzen da, berriz pizteko gorapenean).

Erretaula eskuin aldeko "iduzkiak" aldiz, Kristo ospe haundian, berriz piztuaren erran nahia da. Itxaropenaren ageria, argiarena, betirako egiaren zinboloa da.

Aldare gain hortako itxuren erran nahiak xeheki irakurtuz, ohartzen gira, JEAN LARRALDE Apezak, erakaspen andana bat emaiten daukula ikusterat. TRINITATE-ko itxura hunekin ikusten ahal dira, INKARNAZIONE-ko eta SALBAMEN-eko misterioak; Krixtoren arrapiztea; Mariaren garbitasuna; Aita sainduaren lehentasuna; Betiereko biziaren altxagarri den Eukariztia; haragiaren piztea eta Sainduen partaliertasuna.

Nahiz Apez hau ez zen bizi erretxa, izkirioen arabera, fede haundikoa zen, eta guziz argia. Eraiki duen kapera huntan, 1840 urtea arte, egun guziez izan dira mezak. Gero, handik harat, kartiereko jendentzat eta Serorentzat, astean bi Meza emaiten zituzten, Hazparneko misionestek, 1960 -a arte. Geroztik, Igandetako Meza bakarra izan da, berrikitan arte, eta egungo egunean, urtean behin baizik ez da mezarik Kapera eder huntan, Trinitateko pesta egunean.

Duela 23 urte, 1987-an, Hazparneko herriak, Jean Pinatel Auzapez zen urtetan, berritu zuen kapera hau, hastapenean zaukan itxura berriz emanez. Gastu haundiak izan ziren, bainan baliotsuak, ezen herriaren ondare baitezpadakoa baita, Elizaberriko Kapera.

MARTIN LARRALDE BORDAXURI (1782-1821)

Elizaberriko auzo-an, omen haundiko bertsulari bat izan da. Hunek, ixtorio larri bat jasan izan behar ukan zuen. Hazparnen, ainitzek entzuna dukete noizbeit, guti edo aski, gizon dohakabe huntaz mintzatzen .

MARTIN LARRALDE sortu zen, Plumaienean, 1782-ko urtarrilaren 7 an, Guillaume Larralde Bordaxurikoa, eta Marie Ithurbide Plumaienekoa danik. Ama hil zaionetik, Martin-ek aitari galdatu zion, bere etxe partea. Plumaieneko premu izanez, eskubide zuen, amaren etxe partea. Aitak ez zuen deus entzun nahi ukan eta "eza" eman zakon.

Eztabada, laster gaixtandu zen, aita eta semearen artean. Aitak, Jean Ospital Kaselarenbordako etxetiarrari, emana zaion pentze bat lantzeko, eta huntan, belarra mozteko. Eremu hartan, Kaselarenborda, belarretan ari zen ekain batez, bi tiro entzun ziren, Bihotxeneko xaratik heldu zirenak. Batek, espaldan kausitu zuen belar zamatzen ari zen laboraria. Laster, Plumaieneko premuaren gain juan ziren suspizioak, berantago auziak agertu duen bezala.

Jondonaneko eguna zen, ekainaren 27 a. Kolpatua zen laboraria, Hazparneko Jean-Baptiste DURRUTY medikuaren ganat izan zen, artatzen. Ondotik, Martin-en aitarekin, Hazparneko Auzapeza, Jean-Baptiste FRANCHISTEGUY, eta Jandarmeak, abisatu zituzten, gertakariaz. MARTIN LARRALDE, egun hortarik aintzina, ez zen etxerat agertu. Harma ebatsia zakotela erraiten zuen eta auzoetako bidetan kausitzen zitueneri erraiten zioten, Erregearen zerbitzurat deitua zela, bainan harat ez juan nahiz gordetzen zela. Bihotxeneko xaran kausitu zituzten, Martin-en harma eta kartuxa zakua.

1815-eko uztailaren 4 an, Hazparneko jandarmek preso altxatu zuten, MARTIN LARRALDE, eta zenbeit egunen buruan, Baionarat ereman. Azaroaren 28 an epaitu zuten, Pabeko auzitegian, eta hor, bizirako, galeretarat kondenatu.

Plumaieneko premuak ukan zuen gaztigua, ikaragarria izan zen; ez zaion nehor urrikaldu, ez etxekoak, ez epaileak, ez eta auzitegirat juanak ziren lekukoak. Alta, hilik ez zen izan, bakarrik kolpe bat espalda batean, laster sendatu zena. Bainan, MARTIN LARRALDE-ek, ez zuen hitzik atera auzian; ukatu zuen, tiroaren emailea izan zela, eta hortan gelditu zen.

Hurbiletik behatuz, tiroaren emaitea ez bazuen egin behar, beren eskubide zuen, etxe partearen galdatzea, eta bere lurretan zen auzoa poxolu ukaitea. Auziaren erabakia hartu zuten 7 epaile, agertu ziren galeretarat igortzearen alde, eta 5 kontra. Auziko epaileak, hamabietarik bederatzi, ontasun jabeak ziren: bazen Auzapez bat, Abokat bat eta arrantier bat. Hazparne Elizaberri Plumaieneko auzo gehienak, lekuko izan ziren, eta heien lekukotasunak, hitz beretaz osatuak zirela idatzia da erdaraz, auziko paperetan; nahiz ez zakiten, ez irakurtzen, ez eta idazten, ez eta oraino, erdaraz mintzatzen. Auzian, Plumaieneko semeak eta lekukoek, xuberutar euskaldun bat zaukaten itzulpenarentzat.

Auzia bukatu zenetik, karrikarat ereman zuten Martin, eta han, plazan karkanari estekatu, ororen bixtan, papoan idatzia zaukala, galeretarat kondenatua zela sekulakotz. Rochefort hiriko galeretarat eremana izan zen, agorrilaren 5 an, 35 urte zituelarik eta han hil zen, 1829-ko abendoaren 19 an; 40 urte zituen.

Hixtorio latz huntaz, Piarres LARZABAL antzerki idazlari apezak, egin zuen gai bat, "BORDAXURI" deitu zuena. Antzerki hunek ez du zinezko ixtorioarekin zer ikustekorik. Hemen agertarazten du, nola, semeak, aita hil nahi izan zuen, hunen andre gaia bereganatu nahiz. Bere gutiziaren osatzeko, amaren partea ez ziola eman nahi ukan, eta auzitarazi zuela semea, etxetik tokia huts zezan. Hau zion antzerkiak, bertze asko ezberdintasunen artean. Bainan, Euskal Herriko antzokietan, antzerki eder horren zabaltzeak, Plumaieneko seme dohakabearen ixtorio bat nasaiki zabaldu du.

Preso zelarik, MARTIN LARRALDE Plumaieneko premuak, bertsu batzu idatziarazi zituen. 11 edo 12 bertsu dira; ezagutuenak, hameka. Bertsu guziz bortitzak, bainan ere, hunkigarriak eta ederki moldatuak ; nahiz poto bat dagon bigarrenean : " Gabe " hitza, bi aldiz agertzen baita. Bertsu horiek oraino kantatzen dira nasaiki, Elizaberrin, eta gehienen gogoan, MARTIN LARRALDE Plumai, hobendun baino gehiago, gertakariaren jasaile izan zela diote. Ixtorio hau Elizaberritarrena da, eta kantu hau entzutean, injustizia baten sendimendua da nagusitzen.

Ixtoria zail hunen hemen agertzeak ez du, nahikari berezi baten gutiziarik ; bakarrik, Pabeko artxibetan lo dagotzin paper zahar batzuen agertzeaz besterik. Hau, gure herriko ixtorio bat baita, Elizaberriko auzoan gertatua, eta ixtorioa ez bada baitezpadakoa, bertsuak hala dira. Galerianoaren kantua, Euskal Herri osoan zabaldua da, eta kantatua oraino.

Kantua hola hasten da :

Kantu hauk eman ditut Paubeko hirian,
Burdinez kargaturik, oi presundegian
Bai eta kopiatu denbora berian
Orok kanta ditzaten Hazparne herrian.

Eta aita gogoan honela bukatzen dira :

Hok eman izan ditut ez changrinatzeko,
Ene ahide adichkidek kuraie hartzeko,
Eta partikulazki, aita, zuretako
Kantu hok aditzean semiaz orhoitzeko
.

ZALDUYA Jauregia (Lehen partea)

XII-garren menderaino, bazen Labiri Urrruñaaneko ondoan, jauregi zahar bat eta harrek izena zuen: Zaldu zaharra. XIII-garren mendean, Zaldu zaharraren ondoan egin zuten jauregi berri bat : Zaldu berria, edo : Zalduia. XVII-garren mendean, Labiriko Zalduia aurdikirik, bertze bat, izen berekoa altxatu zuten Zelaian. Gaurko herritar ainitzek, gaztelu horren murru pozi batzu bederen ikusi izan dute beren gazte denboran. Horra nundik diren orai, Zaldu-zaharra, Labirin eta Zalduia, Zelaian.

Zaldu-zaharreko alaba ezkondu zen, XI-garren mendean, Biarnoko " De Sault " deitu handi mandi batekin. De Sault hura, Hazparnerat jin zen bizitzerat eta bere familiako izena eman zion bere bizitegiari. Geroztik da Zalduia ezagutua eta finkatua Hazparnen. Zortzi mendez, Zaldutarren arraza indar handikoa eta famatua izan da. Bainan, 1789-ko iraultzan, bertze ainitz famili aipatu batzuen pare, Zaldukoa ere toki hauetarik kasatu zuen eta geroztik, Zaldutarren arrazakoetarik, nehor ez da agertu Hazparnen.

Orain aipatuko ditugu, Zalduyan bizi izan diren gizon aipatuenetaz, nola, GUILLAUME RAYMOND, Zalduko nagusi famatu batez. XII-garren mendean, Anglesak jabetu ziren gure eskualde hauetaz. Toki huntako handi mandi zonbeit jazarri zitzaizkoten, bainan, heien errege, Richard Cœur de Lion famatuak, laster bentzutu zituen. Horra beraz, Zalduia, Anglesen meneko. Orduko Zalduko nagusia, azeri zahar bat baitzen, esku eman zioten Angleseri eta hauek, Lapurdiko buruzagi izendatu zuten.

GUILLAUME RAYMOND hori aipatua da bereziki, Baiona hirian erabili zituen lan haundiez. Oraino, Baionan, bada horren izeneko karrika bat. Etsaietarik begiratzeko, Guillaume Raymond-ek, Baiona, gaitzeko murru batzuez inguratu zuen eta Baionako ur haundia bara hetsi zuen, kadena luze batzuez, ez baitzitaken han, barnekoen baimenik gabe, nehor ez sar ez atera. Lapurdiko lur gehienak larre baitziren, GUILLAUME RAYMO-ek alhor bilakarazi zituen eta hortarik, ba toki hauek, ba Zalduko nagusia, aberastu ziren. Luzaz, Zalduko semeetarik, Angles armadetan kargudun izan ditugu eta batzu, biziki kargudun haundi ere. 1343-ko urtean, gerla izan zen, Baionesen eta Lapurtarren artean. Huna zer gatik.

Orduko Baionako auzapeza, kaskoin tzar bat omen zen; Pès de Puyane izenekoa. Euskaldunak, hastiro zituen. Baionesek, Angleterrako erregearen ganik (orduan Anglesen azpiko ginen) ardietsi zuten : itsasoko marea norat joaiten baita eta harainoko uren jabe izaitea. Baionesek igorri zituzten beren gizonak, Milafrankako zubirat, erranez, marea horaraino heltzen zela, eta beraz, zubi haren gainean beren eskupideak bazituztela. Bai, bainan, Lapurdiko buruzagi, Zalduko nagusia, GUILLAUME ARNAUD baitzen, hau oldartu zitzaioten. Milafrankako zubirat joan eta, Lapurtarrek, hango Baiones gizonak, galtzipurtik har-eta, urerat aurtiki zituzten, erranez : " Aski zutela jastatzea ura gazitua zenez, eta ikustea, hean, marea, zioten bezain hain urrun jiten zen ! " Orduan gertatu ziren xuri-beltzak Baiones eta Lapurtarren artean. Baiones debruak ez ziren geldirik egon, gertakari horren ondotik. Huna nola ziren mendekatu.

Urte berean, maiatzaren 24ean, san Bartolo baitzen eta Milafrankako bestak baitziren, Lapurdiko handi-mandiak elgarretaratuak ziren bestaren egiteko, Milafranka Mihotzen. Pès de Puyane, Baionako auzapezak, gizon multxo bat igorri zituen armaturik, Mihotzerat. Hauek, preso hartu zituzten bestan ari ziren Lapurtarrak, eta, hetarik zonbait, delako zubi hartako zangoeri estekatu zituzten, burua bakarrik uretik kanpoan utziz, erraiten ziotela : " Ikusiko zutela, hean, marea ez zen ba, Milafrankaraino heltzen. " Marea goiti zelarik, hola estekaturikako gaixo gizonak, ito ziren. Heietarik bat zen, Zalduyako nagusia : GUILLAUME eta bertze bat, hunen bigarren semea : OYER. Horra beraz, Baionesak nola Lapurdiz eta Hazparnez trufatu ziren. Baina ez zen ixtorioa hortan gelditu.

Afera ez zen hortan ixildu, bainan hortarik, nahaskeri gaitzak piztu eta hedatu izan ziren gure tokietan. Lapurdiko buruzagiak elgarretaratu ziren eta gizon multxo bat berekin harturik, bereziki Hazpandar batzu, sartu ziren ixilka, gauaz, Baionako hirian eta hiri guzia arrobatu zuten; Baionako buruzagien etxeak izan ziren gehienak hunkituak. Hortarik gerla piztu zen Baionesen eta Lapurtarren artean. Baionesak ez zitazken hiritik jali, zafraldi batzu hartu gabe. Azkenean, kanpotik ez baitzitzaioten deus jatekorik heldu, goseteak bentzutu zituen eta galdegin zuten bakea.

Zalduko jenden ixtorioa ez da huntan gelditzen, berantxago izan zituzten zenbeit eztabada Hazparneko jendearekin. Elizan haundi mandiek beren tokiak bazauzkaten aldare sahetsean eta hau atxiki nahi zuten. Hazpandarrek, beren aldetik, pentsatzen zuten Jainkoaren etxea denena berdin zela eta ez zela behexkunderik egin behar elizan. (Bertze partean aipatzen dugu.)

ZALDUYA - (2garren partea)

Lehen partean aipatzen ginuen nola, XIV-garren mendean, Anglesek onartu zioten Baioneseri beren boterea hedatzea, marea heltzen zen mugaraino eta hauek, nola porogatu izan zuten delako marea, Milafranka-raino heltzen zela, han zubi zangoeri estekatu baitzituzten Lapurtarrak eta hauek, marea goititu zenean, ito baitziren. Eztabada hortarik, gerla izan zen, Baionesen eta Lapurtarren artean; Baionesek, zafraldi on bat bildu zuten eta bakea galdatu.

Orduko Angleterrako erregeak egin zituen, bake horren hautsi mautsiak. Lehenik, Puyane, Baionako Auzapeza, bere kargutik kanpo ezarri zuen. Gero, Baionesak kondenatuak izan ziren, urtean, hunenbeste mezen erranarazterat, hil zituzten, Zalduia eta haren lagunen arimen fagoretan. Erregeak debekatu zioten ere, Baioneseri, Lapurtarren aferetan gehiago sudurrik sartzea. Gerla hortan beraz, Lapurtarrak, Baioneseri nagusitu ziren, eta Lapurtarretan, bereziki Hazpandarrak. Baionesak ari baitzauzkigu batzuetan, espantuka, gu baino gehiago direla, hortaz orroitarazten ahal ditugu : XIV-garren mendean, zafraldi on bat hartu zutela gure ganik! Bainan ixo! Ez dezagun gerlarik berriz pitz.

Gaur, Zalduko bertze ixtorio bat aipatuko dugu, XVII-garren mendean gertatua. Orduan, Hazpandarrek, politikaren gainean nahasiak ziren. Zer zuten bada? Huna : Alde batetik, aurkitzen ditugu, Hazparneko gizon aipatuenak, beren erretora, Harriague apeza buru, eta, bertze aldetik, Zalduko nagusia bere familiarekin. Zalduko nagusia, kexu zen biziki, Hazpandarrek ez ziozkatela, elizan, zor zazkoten ohoreak emaiten; Zalduko konde gisa, hartze zuen bezala. Hazpandarrek, erretora buru, ihardesten zioten, ez zituela gehiago ohore horiek merexi. Ohoreak, herriak zor zituela Urruñanea ondoko Zaldu zaharrekoeri, bainan ez, Zelai Zalduko nagusiari. Zaldu zaharra saldu zuela Ustuileko nagusiari, eta beraz, ez zuela Zaldu zaharretik gehiago pitxik behar. Zoin ote ziren bada, Zalduko nagusiak, elizan, beretzat galdatzen zituen ohore hek? Huna : Zalduko nagusiak, bere eta familiaren jar tokia, elizako aldare hegian zuen - Zalduko familia zen, beti lehen lerroan ofrendatzeko eta proosionetan - "Asperges me"-tan, Zalduko familiari aurdikitzen zion apezak, lehenik, ur benedikatua - Ogi benedikatua, lehenik, Zalduiari - eta, meza nagusiaren ondotik, jendeak otoitz egin behar zuen Zaldu-tarrentzat. Zalduiak ohore horiek nahi zituen, eta Hazpandarrek ez zaioten emaiteko gogorik; horra beraz orduko politikan makur-bideak.

Beraz, XVII-garren mendean, Hazparneko jendea, bere erretora, Harriague jauna buru, auzitan izan zen, Zalduko aitoren semearekin; hau, ohore gose zelakotz eta elizan ez zituelakotz ukaiten ohore berezi batzu. Auzia, aitoren semeak irabazi zuen, eta Hazpandarrek gaitzeko afruntua bildu zuten. Bainan, afera ez zen hortan ixildu. 1705-eko urtean, Hazparneko erretor izendatua izan zen, BERNARD DE SAINT BOIS, Urkoi Mendiburuko semea; apez jakitate haundikoa zen eta deusetaz beldur ez zena. Kargutan sartu orduko, erretor berria samurtu zen, JEAN SAINT ESTEBEN, Zalduko aitoren semearekin eta biak, berriz ere, auzitarat joan ziren, beti afera beraz.

Sei urte iraun zuen heien auziak. Azkenean, bai aitoren semea, bai erretora akitu baitziren, egin zuten antolamendu bat, Hazparneko populu guziaren aintzinean. Antolamendu haren arabera, aitoren semeak ardietsi zituen beretzat ohore berezi batzu, Hazparneko elizan, hala nola, ofrendatzerat lehen joaitea. Haatik, aitortu behar izan zuen, elizan ez zela hura buru, bainan, harena bezenbat edozoin Hazpandarrena zela Jainkoaren etxea. Auzia, hortan ixildu zen behingoan, bainan berriz pizteko handik eta 70 urteren buruan.

Oraiko aldian, Hazpandarrek ez ziozkaten gehiago, aitoren semeari, agindu ohoreek ere eman nahi. Galdatzen zuten, ohore berak izan zetzan herriko auzapezak. Hortan ere, nahasmendu frango izan ziren. Azkenean, 1789-ko iraultza haundiak, oro geldiarazi zituen.

Frantziako iraultza jin zelarik, Zalduko nagusi, ST ESTEBEN-ek, toki hauek hustu zituen eta eman zen, iheslari, gure ustez, Espainiarat. Zalduia saldua izan zen, DIESSE, Larresoarrari; hunek berriz saldu izan zuen, duela 150 urte, DUCASSE, Baionako aitzindari bati. DUCASSE-ek berriz, SALLABERRY-ri. Hunek, ST MARTIN HARRIAGUE-ri eta, mementoan, ondoriotasunez, Zalduya-ren jabe, DUMONT familia litaike.

Zer bilakatuko ote da jauregi hori? -galdatzen zuen, 1942-ko urtean, Hazparnen egon zen, PIARRES LARZABAL Bikarioak, orduan oraino gaztelua xutik zagon, nahiz funditua eta biztanlez hustua. Hunek zion ere, 1846-eko urtean, apez saindu batek nahi izan zuela toki hortan, Trapizta deitu fraile famatuen komentu bat eraiki, bainan ez zuela bere nahikeria obratu.

Gaur, badakigu zer bilakatua den ZALDUIA JAUREGIA : lurrerat eroria da, gelditzen diren murru pareta bakarrak sasipean endurtuak dira, ilunbez eta mixterioz beteak, bainan ez du oraino hain aspaldi, nun, Hazparneko etxetarik ederrena baitzen.

XEMARTIN HARRIAGUE Morroxko

XEMARTIN HARRIAGUE " MORROXKO ", gizon omentsua, Hazparneko Auzapez, Kontseilari Nagusi eta Deputatu, izan zen.
Hazparnen sortua zen 1849-ko urriaren 10 ean, Morroxkotean. 1905-eko agorrilaren 18-an zendu zen, Parisen, 56 urte zituelarik. Labiri Morroxkotean bizi izanez emana zioten Morroxko izena.

Gizon aberatsa zen Morroxko, aberats okitua ere, bere fortuna ondorioz ukana zuen bere oseba batzuetarik. Hauek, JEAN eta BERNARD BROUSSAIN deitzen ziren eta Argentinarat juanik, han, larru pelatzeko lantegiak eraiki zituzten, ofizioko ainitz Hazpandar harat juanarazirik eta bertako jendearekin lan eginez. Ordu haietan, Argentinan, tokiko Indianoek, abere larruak urerat botatzen zituztela entzunik, erabaki zutela harat juaitia, errana izan zen. Kordobako eskualdea ametzez estalia omen zen, larruaren lantzeko baliatzen zena eta horela aberastu ziren.

Bi anaiak karlosak ziren, bat bertzearen ondoko jarriak. JEAN BROUSSAIN hil zen lehenik, Argentinan eta beren anaia berantago, Baionan. Hunek emaitza haundi batzu egin zituen Hazparneko Herriari. Behin, Ospitalea eraikitzeko, 50 000 libera utzi zituen eta ere, Mutikoen eskola publikoaren altxatzeko, hau, oraiko zergategia dena. Ikastegi publikoa nahi izan zuen, apezak hastiro zituelakotz, bainan horren gatik, ikastegiaren ate gainean, idatzia zuen (ECOLE ST BERNARD), berak, Bernard izena zuelakotz.

BERNARD BROUSSAIN hori, zendu zenetik, beren iloba, XEMARTIN HARRIAGUE (MORROXKO), izan zen ondokoa eta ondorioz, fortuna haundi baten buru. Morroxkok, soldadogoa egin berria zuen beren oseba hil zenean, eta denbora heietan, noiztenka, denboraldi batzu behar baitziren egin armadarentzat, hauetan batetarik eskapatzeko, juan zen Argentinarat bere ontasuneri buruz. Gibelerat etorri zenean, preso altxatu zuten Morroxko, eta presondegitik ateratzean, beren denboraldia egin behar ukan zuen. Hauek guziek ez zuten Morroxko durduzatu. Ezkondu zen, Marie Harriague, beren izen bereko, Aiherra Arkiko alaba zaharrenarekin. Zorigaitzez, hau zendu zen, 8 urte barne, eta, Morroxko ezkondu zen berriz, Léonie Harriague, bere lehen emaztearen ahizpa gaztearekin. (Hau, gero guk ezagutu dugun LISSAR anderea hura bera zen, JEAN LISSAR Kanboko mediku batekin berriz ezkondua, Morroxko zendu zenetik.}

Bainan geldi gaiten MORROXKO jaunaz mintzatzen. Hazparneko Auzapez izan zen, 1890-ean, 41 urte zituelarik; 9 urteren buruan deputatu izan zen, Baionako arrondizamenduko bi deputatuetarik bat; anartean , Kontseilari Nagusi izan zen ere. Deputatu hauteskundetan irabazi aintzin, entsegatua izana zen jadanik, bainan, Morroxko presentatu zen errepublikanoekin, orduko gorriak izendatzen zirenekilan, Apeztiarren aurka zirenen alderdikoekin. Laster ohartu zen, Euskal Herrian, bozetan pasatu nahi bazuen, xuriekin behar zuela adixkidetu eta beraz apezen aldekoekin. Hauekin presentatu zenetik, bozetan irabazdun atera zen.

Hazparneko Auzapez bezala, asko egin du MORROXKO jaunak. 1890-ean, hain xuxen, deputatu izendatua izan zen urtean, elektrika emanarazi zuen herri barnean, plaza erditik eta 800 metro inguru guzian. Elhiarreko eiheran muntatua zuten elektrika egiteko turbina bat. Hartarik, bi hari andana abiatzen ziren: bat, gauaz karrikak argitzeko eta bertzea, karrikako etxe barneak argitzeko. Behin, herriaren elektrifikatze hortan, Clavier eta Clarous zozietateak ziren jabe; bainan laster, Hazparneko elektrika konpañiak erosi zuen elektrika zozietatea eta huntan, 1897-an, kausitzen ditugu : DE HERIZ jauna lendakari, JAMATTITT ELIZAGARAY idazlari eta bertze partzuer batzu, nola PIERRE BROUSSAIN medikua, zenbeit urteren buruan Herriko Auzapez izanen dena eta ere, ALBERT DETCHART, bertze mediku bat.

Hazpandar zozietate berriaren helbidea zen, Jauregizaharra, Broussain medikuaren etxea, oraiko posta lekua. Elektrika eman zuenetik eta ondoko 23 urtez, elektrika saria ez zuten emendatu, bainan 1920-ean, Darricau, Hazparneko elektrika zozietatearen lendakaritzaren denboran, sari hau %80-ez emendatu nahi ukan zuten. Hazparneko Herriko kontseiluak, eza, eman zuen. Handik eta sei urteren buruan, Hazpandar elektrika konpañia desegin zen eta departamenduko, Hydro Électrique konpañiari lotu zuten, Eliarreko eiherako elektrika gunea. Anartean, Herrien arteko kontseilu zindikateak bere gain hartu zuen, herri osoaren elektrifikatzea. 1936-an, Hazparneko auzo guzietan elektrika emana zen. Elektrifikatze horren hastapenean, MORROXKO-ren ontasunak izan ziren diru iturri haundiena.

MORROXKO hil zenean, omenaldi batean, horela idazten zuten "Eskualdun ona" kasetan :
"Gizon on bat galdu du Eskual-Herriak, eta bereziki, Hazparneko herriak, buruzagi on bat. St. Martin Harriague, Morrotxkoteiko semea, bere sor-herriko auzapez, kantonamenduko kontseilari jeneral, eta Baionako arrondizamenduko bi deputatuetarik bat zena, hil izan da, Parisen, 1905-eko agorrilaren 18-an, gizonaren adinik hoberenean, haren eta halakoen beharrik handiena, Eskual-Herriak eta Frantziak zuketen orenean. Atsegin dugu, herritar ongi-egile handi baten gorestea, bere merezimenduen arabera. Zer eskasa ez du egin behar hunek, bere xede onekin, bere gogo zuzen, zail eta azkarrarekin, hanbat ederki eskuetan zauzkan gider guziei buruz? Zer zilo ezin betezkoa, edo nekez beteko . Dugun aitor egia : ez ginuen usteko bertze orduz, duela hamabortz, hamasei urte, egun batez, hemen berean, -Eskualdun Ona- huntan, guhaurek laudatu behar izanen ginuela, guk eta orok orduan, hastapen hartan, gure etsaiekin bat, eskuz-esku zoala, ikusi gizona. Ez, ez ginuen segurki holakorik erranen orduan, ez guk, ez nehork; bertzelakoak baitziren orduko itxurak. Bainan, geroztik hunat, urak bide egin du; gizonak ere bai. Gu gure hatzetik higitu gabe, ikusi ditugu lehenago xuxen zoazinetarik asko, makurrerat lerratzen; bertze batzu -bakarrak ba, bainan hanbatenaz merezimendu gehiago dutenak- makurrerako bidea utzirik, onerat egiten."

Hola idazten zuen kaseta horrek, xuri eta gorrien arteko borrokaren denbora betean. Alabainan, gorri bat xuri bilakatua zen! Eskerrak Jaunari! MORROXKO-ren ondotik, PIERRE BROUSSAIN izan zen Hazparneko Auzapez. Hunek ez zuen deus ikustekorik Broussain, Morroxkoren osabekilan.

PIERRE BROUSSAIN, HAZPARNEKO AUZAPEZ IZANA ETA EUSKALTZALE SUHARRA

PIERRE BROUSSAIN sortu zen 1859-ko agorrilaren 5an, Minotz Barrandegian. Bere aita, Barthélémy Broussain, Zelai Ospitalia etxeko seme bat zen, Ameriketan ibilirik arrentier bizi zena, Lekuinen. 1849-an, Lekuinen ezkondu zen, Marie Sallagoity, 23 urteko, Etchepareko alabarekin. Bortz haur ukan zituzten. Martin, zaharrena, Lekuinen sortu zen eta ordutik, familia, Hazparne Barrandegirat jin zen eta hor sortu ziren bertze lau haurrak : Marie, alaba bakarra, (Léon Guichené abokata, Baionako Deputatuarekin ezkondu zena), Jamattit, Louis-Cyprien eta gaztena, Pierre-Martin, aita hil berri zelarik sortua.

PIERRE BROUSSAIN-ek, 6 urte arte ez zuen Euskara baizik entzuna, bainan horren gatik, hogoi urtetan ohartu zen, ixtudioetan ari izan zen denboran, bere ama hizkuntza galtzen ari zuela ; hainbertzetaraino, nun, ahalgetzen zen Euskaraz hizkatzea. Ordutik, erabaki zuen bere sort hizkuntza berriz bereganatzea eta hunen ixtudiatzen abiatu zen.

1880-eko urtean, juan zen Pariserat, medikuntza ikasketen egiteko. Handik eta 6 urteren buruan, bukatu zituen ikastaldiak eta etsaminak erreusituak; falta zuen bakarrik, tesia baten presentatzea. Bainan 10 urte emanen zituen tesia hori egin gabe, ezen, Euskarazko ikasketak eta ikerketa lan batzutan ari izan baitzen. Medikuntzako ixtudioak eta Euskararenak, betan eremanak zituen Pierre Broussain-ek. 10 urte berantago presentatu zuen bere tesia, Pariseko fakultatearen aintzinean.

Anartean, Euskal idazle guziak irakurtuak zituen, bai eta, Euskararen gaiean egin ikerketa guziak, adibidez, Bonaparte, Van Eys, Vinson, Dodgson, Azkue, Inchauspé, Duvoisin, Chaho, Larramendi, Campion eta bertze. Euskararen ikaskuntza eta huni buruz egin lan eta ikerketeek eman zaioten oharra, gure Euskara zaharraren edertasunaz eta finkatu bere baitan, Herriaren maitasun osoa.Euskararen aldeko lana gutiziatzen zuen, BROUSSAIN medikuak. Bere lagun mina, Resurreccion Maria AZKUE-k, galdatzen zion bere medikuntza utz zezan zenbeit urtez, lan hori segitzeko. Zorionez, erientzat eta zorigaitzez, Euskararentzat, ez zuen onartu bere ofizioan epe horren egitea.

1899-ko urtean etorri zen berriz Euskal Herrirat. DURRUTY Medikua zendu zenetik, hunen ordain jarri zen Hazparnen. Bertzalde, bi mediku baziren Hazparnen, Albert DETCHART eta Emile LARRAIDY; azken hunekin ainitz eztabadatu zuen, hau gorrien hautagai izanez eta bera aldiz, xuriena. Mediku bezala, 302 etxetan sartzen zen Hazparneko lurraldean, ainitz baitzen zenbaki hau.

1904-eko primaderan, berria kurritzen hasi zen Hazparnen, BROUSSAIN medikua, laster ezkontzekoa zela, Amendoxe Amikuzeko euskaldun neska batekilan. PIERRE BROUSSAIN, epaile bezala ibiltzen zen Euskal pesta haundi batzuetan eta horela, neska hori, Donapaleun ezagutu omen zuen, 1903-ko urtean. Handik eta urte barne, ezkondu zen eta ordutik, Jauregi zaharrerat etorri bizitzerat (oraiko posta lekurat).

1904-eko urte hortan, Herriko hautetsi bozkatzen dute, SAINT MARTIN HARRIAGUE " MORROXKO " Auzapezaren zerendan. Hau zendu zenetik, 1905-eko urtean, Hazparneko Auzapez hautatu zuten, 1919-ko urtea arte. Hazparneko Auzapez gisa, gauza haundiak ekintzatu zituen, 14 urte horietan. Adibidez: laborarientzat, kabalen axuantzak sortarazi zituen, "Elgar-lagun" deitzen zen kutxa bat eraikiz. Bertzalde, Herriko lurren gaiean eztabada haundiak izan ziren; zuhaitzetan eritasuna sartua zen, ametzak ta gazten ondoak hunkitzen zuena. Ihatzea ere mehe zen ordu haietan. Behin, Broussain-ek, lur horien gainean laborariek zituzten eskubideak finkatu zituen. Partikularreri lur horien saltzea ez zuen onartu, Herriari beiratuz hauen jabetasuna eta arbola landatzeari lotu zen. Hazparne eta laster, auzo herrietan ere, Broussain izan zen landatze egitarau hortan eskolatzaile; arras abilki bildu zituen hortarako laguntzak, nun, urrundik etortzen ziren jendeak, Hazparneko Auzapezaren kontseiluen bila, beren herrialdeak berriz arbolestatu nahian zirenak.
Bestalde, Pierre Broussain-ek errefusatu zuen, 1905-ean, Hazparneko Erromano Harria Pabeko erakustegirat ereman zezaten. 1917-an, Hazparneko kontseiluak errefusatu zuen ere, Polizia komisario baten ezartzea herrian, erranez, Jandarmeak eta Herriko mutila aski zirela ordrearen errespetarazteko Hazparnen.

Gerla etorri zen, dakigun dolu eta nahigabekilan. Hazparneko Auzapezak, ogia eta artoaren gainean ziren zergen apaltzea galdegin zuen eta jende bakotxarentzat, 200 grama ogi ukaitea egun bakotx. Hortarik ikusten dugu, gosetea ere bazela ordu haietan Hazparnen. Gerla finitu zenetik, BROUSSAIN eta bere kontseiluak, eraiki arazi zuten Gerlarien hil harria. Hau ikusten den bezala, Euskaldun seinalez betea da eta ere girixtino seinaletaz. Ohargarri da, PIERRE BROUSSAIN medikuaren sinesteak nolakoak ziren.

Denbora hortan, ez zaukan geldirik Euskararen sailean eta AZKUE, bere lagunarekin, EUSKALZAINDIA sortu zuten. Bertzalde, 1905-ean, kantonamenduko hautetsi gai izan zen; hiru hautetsi gai ziren, BROUSSAIN Medikua, RITOU Notarioa eta LARRAIDY medikua. Lehen itzulian, 888 boz bildu zituen, Larraidy-k 629, eta Ritou-k 501. Nahiz boz gehiena bildu, nola bere koinata GUICHENE, Deputatu gai zen, familian galdegin zioten, uko egitea bigarren itzuliko, podere guziak familian berean ez biltzea gatik, eta ondorioz, LARRAIDY-k ereman zuen hauteskunde hori.

1919-ko urtean, Hazparneko Auzapezgoa utzi zuen bere axuantari, Jean-Pierre. Larramendy-ri, eta Kontseilu nagusian sartu zen, Larraidy medikuari gaina harturik. Ondoko urtean, 1920-eko Apirilaren 27 an, supituki zendu zen, Orteseko Herrian, Pabetik gibelerat heldu zelarik. Ordainek, JEAN LISSAR eta bertzek, ordrea gogor eta lerroak tinko izaiteaz gutiziatu dira bereziki, Euskara eta Euskal Herriaren batasunaz arduratu gabe.

PIERRE BROUSSAIN zendu zenetik, Martin LANDARRETCHE apezak idazten zuen huntaz, 1920-eko Martxoaren 4 an : " Hazparneko Euskaldun Euskaltzale haundia. ". Adema Apezak, Euskalduna astekarian zion bere aldetik : " Gizon hori, jitez zerbitzu egilea izan da, bereziki gerla denboran eta berenaz guziz ixila ere. Betbetan, ezin ixildua bilakatzen zen, Euskal Herriaz, Euskaraz eta Euskaldunetaz mintzatzen zelarik." Etchepare, idazle famatuak, egin zion omenaldi suharrena ; azpimarratu zituen, P.Broussain-ek egin lanak gure hizkuntzaren alde, ordukotz, Euskara batua baten alde agertuz, ezen pentsatzen baitzuen, zazpi Euskal Herrietako mintzaira desberdinek, Euskarari berari kalte ekartzen zuela eta ondorioz, galtzerat zoala. Aipatu zuen ere, nola, Hazparneko Auzapezak barnaki ezagutzen zituen, Bilbotik /Xuberoa artinoko Euskara hizkuntza guziak.

Orduko, Euskal munduan jakintsunetarik bat zen, PIERRE BROUSSAIN, Euskal Herri osoan ezagutua. Bainan zorigaitzez, Hazparnen, luzaz baztertua edo ahantzia. Gaur, Hazparneko plazatik Postan (Jauregi zaharra) beheiti doan karrika, BROUSSAIN KARRIKA deitzen da.

JEAN ERRACHUN KASKOINA , pilotari famatua izana

1817-an sortu zen," KASKOINA", Hazparne Oihartirian ; Kattalin Borda eta Salvat Errachun zituen burrasoak. ERRACHUN izen horrekin sortua bazen, DARRITCHON zuen izena hil zenean eta ez ERRACHUN. Hau, Euskalduna ez zitaiken grefier baten bitxikeria bat, dudarik gabe. Hazpandarra zen beraz, " KASKOINA", eta Pesarrun izan zen mutil, " Lirette " deitu etxe batean. Berriz herrirat etorri zenean, izen goitia eman zakoten " KASKOINA ", hain xuxen, kaskoinen etxean egon aldi hori egin zuelakotz.

JEAN ERRACHUN, xixterarekilan pilotari famatua izan da. Ez ziren oraiko xixtera luzeak, ordu heietan, baizik, Pasakako xixtera motzak, luzeko partidetan botariak eta marralariak baliatzen dituztenen berdinak. Gizon zalua zen ; erraiten zuten, Pasaka jokoan den erdiko sarea, zangoak tink dautziten zuela. Hazpandar pilotari haundi hunek, balentria gaitza egin zuen, Iruneko partida famatu batean. Egun hartan, KASKOINA-k baliatzen zuen xixtera, PERKAIN pilotariarena baino poxi bat luzeagoa omen zen ; pilotak ere, 113 gramakoak ziren eta eskukoaren lotgarria, larruz estalia zen, errien pasatzeko zilo batzuekin . Eskuko horiekin, xuxen jo behar zen pilota, edo, "xirrixt" egin. Ez zitaiken pilota doi bat ere atxikitzen ahal xixtera barne hortan, hau, arrunt planua izankiz, oraikoak ez bezala. KASKOINA-ren eskuko hori, edo xixtera hori, Baionako Euskal erakustegian ikusten ahal da oraino.

Erraiten ginuen beraz, Kaskoina ezagutua izan dela Euskal Herri guzian, Irunen egin zuen partida aipagarriaren gatik. Ordu haietan, 1846-an, Euskaldunek nasaiki pariatzen zuten pilota partidetan eta desafio asko moldatzen ziren pilota plazetan; orduko bizitzeko manera bat zen ohiduretan barna sartua zena. Ez zen bakarrik pilota jokoan desafiatzen, bainan ere, arto xuritzetan edo ogi joitetan; indar joko asko ere baziren eta hauetan, elgar desafiatzen zuen jendeak. Bainan, pilotan zen, diru asko jokatzen. Partidak urririk ziren eta errana da, desafio bat pilota partida batean zelarik, jendea etortzen zela berdin 20 kilometro inguruetarik oinez, Herriaren ohorea jokatzen zen partida horietarat eta hauetan, nasaiki pariatzerat.

Jin giten beraz Iruneko partida hortarat. Gipuzkoan, bazaukaten pilotari famatu bat, TRIPERO deitzen zutena. Lesakako Erretorak, gogoan hartua zuen, Tripero huni leitzone baten emanaraztea; zergatik ? ez dakigu, segur bere arrazoiak zituzkela. Apez hunek jakina baitzuen, Hazparneko pilotariaren omen haundia, bere Apez lagun bati, Bastaneko JOAKIN GAMIO Apezari, galdegin zaion, KASKOINA bil zezan desafio hunen egiterat. KASKOINA-k, galdeari ihardetsi zuen, bainan berak, bere pilotari lagunak hautatzekotan. Hau onartua izan zaion eta hartu zituen : Dominique HARRIAGUE, Hazpandarra, botean; SAINT JEAN eta DOMINIQUE, Ezpeletarrak eta Joakin GAMIO Apeza, -hau, hainbait galdegina izan zaion fagorea-.

Partida, 1846-eko agorrilaren 12-an egin zuten. Partida eguna baino hiru egun lehenago, Euskal Herri osotik etorri zen jendea, autoz, oinez, orgetan edo zaldi karrosetan. Irun, ttipiegi zen ororen kokatzeko; nun nahi, oihal etxeak ezarri zituzten, arrabotaren inguru guzian, gauaz, jendearen aterbetzeko. Pario gaitzak izan ziren; errana izan zen ere, Baionako Judu aberatsek egin zituztela pario haundienak KASKOINA-ren alde. Hor pariatu zituzten, berantxago bilduko zuten arto errekoltak, ardi tropa batzu, zaldi eta bertze! Gipuzkoarrek galdu omen zituzten, gainerat, mando karga oso bat diru, idi pareak eta xerri andana bat! Kondaria, Villabonakoa zen, hain xuxen, -geroztik herri hortako luzeko pilotariekin hartu eman asko izan ditugu, ainitz urtez, Hazparneko Noizbaitekilan-. "Haize zoro batek hartu ditu Euskaldunak" idazten zuen Havre-ko Frantses egunkari batek. Partida, KASKOINA-k ereman zuen, bainan ez hain aise, azken jokoan ados baitziren Gipuzkoarrak eta Lapurtarrak.

KASKOINA-k, ez omen zuen usaiarik partidetarik landa, irabazdun zelarik, pesta egiteko, bainan aldi huntan, berexkuntza bat egin zuen eta Baionan gelditu zen zenbeit egun, parioen irabazdunekilan, irabazte horren ospatzeko. Errana izan zen, MAYI LUIXA, bere espos lagunak, gibelerat jiten ez ikustea gatik, oinez juan zela Paxkoenetik -Kaskoinarenbordatik segurrago-, Baionarat, bere haur gaztea besoetan. Harat orduko, KASKOINA hirian zagola entzun zuen eta izialdura kasaturik, berriz etorri zela Hazparnerat, KASKOINA etxerat etorri aintzin.

Ordu haietan, KASKOINA-k, 32 urte zituen. Haindik eta zenbeit urteren buruan, berriz irabazi zuen Gipuzkoarren kontra, 1851-n, aldi huntan, Urruñan. Alta, zazpi eginahalak eginak zituzten, KASKOINA-ren kontrakoek, partida hori eremaiteko. KASKOINA, beti danik untutsik ari zen pilotan. Gipuzkoarrek, somier itze buru xabalak berduratuak zituzten plazaren gainean! Bainan, KASKOINA-ren zango azpiko larrua, zura bezain gogorra zen, untutsik pilotan artzeko usaia haundiari esker eta horren gatik, partida irabazi zuen. Hazpandar pilotari famatua hil zen 43 urtetan, 1859-ko, urriaren 24 ean, Tiphus gaitza ukanik.

1948-an, Edouard HARRIAGUE, pilotako Federazioneko hazpandar arduradun batek erabaki zuen, Iruneko partidaren 100 garren urtemuga ospatzeko, luzeko partida baten antolatzea, orduko pilotari hoberenekilan. Meza nagusia, luzeko partida eta bazkaria izan zuten. Aratsaldean, berriz arraboterat itzul ziren oro, bertze partida batzuen ikusterat, Donostiako Orfeon omentsua hor zagola, bere 90 soinulari eta kantariekin. Egun gaitza eta orroitgarria izan zela, errana izan zen.

Ixtorio hunen kondatzen abiatu naizenean, erran dautzuet, "KASKOINA", Jean ERRACHUN sortu zela, eta Jean DARRITCHON hil. Ixtorio ikertzaleek pentsatzen dute, KASKOINA-k, bere semea sortu zaionean, eta Herriko Etxean ezagutarazi zuenean, Grefierak gaizki ulertu zuela izena eta aita semeeri DARRITCHON idatzi ziotela. KASKOINA-k ez baitzakien, ez irakurtzen ez idazten, ez zen deuseri ohartu.

JEAN SABALO Jats pilotari famatua izana

JEAN SABALO, Hazparnen sortua zen 1859eko, azaroaren 27an, KASKOINA hil zen urte hortan berean. JEAN SABALO gaztea, mutil haundi eta azkar bat zen, espalda zabal batzuekin. Ttipitik, pilotako esku tresna bat bereganaturik, pilotan hasi zen, eta laster denak ohartu ziren, KASKOINA-k ordaina bazuela Hazparnen, pilota jokoa, bigarren erligionea bezala zagon Herri huntan. " JATS " eman zioten izen goitia, plazetan kontrakoak errausten zituelakotz ! Jatsatzen!

16 urte zituenetik, jadanik pilotari hoberenen taldean sartu zen Jats; HALTY, XILAR, LARRONDE, LARRALDE, orduko hoberenekilan artzeko gai zen. Hauekin, bere lehen partida, Kanbon, jokatu zuen. Partida egunean, oinez juan zen Kanborat eta han, HALTY pilotariak hartu zuen bere gerizapean, eta hunek, beren buruan konfiantxa harrarazi zaion. Partida denboran, jendeak oihu egiten omen zuen : " Garbizak plaza, Jats garbizak plaza! ". Egun hortarik zuen bildu "JATS" izen goitia.

KASKOINA bezala, JATS-ek ere bere desafio haundiak ukan zituen, askotan, mugaz bertzaldeko pilotariekin. Villabonako herrian bazen luzeko pilotari famatu bat, "EL MANGO" "MANTXOTA", deitzen zutena. Hunek aditzea zuen, JATS pilotariaz, 130 kilo pizu zituen jokolari ikaragarri huntaz, eta desafiatu zuen bere taldearekin. JATS, haitza bezain azkarra zela zioten, bainan ez zuen hau bere kalite bakarra ; begi ona ere bazuen eta plazan, bazakien, toki onean kausitzen, pilota norat etorriko baitzen eta han izaiteko ; begia ukan gabe indarra ez baita aski, luzeko pilotari on baten izaiteko. Beraz, Españolek, (hola deitzen zituzten orduan, mugaz haindiko Euskaldunak) desafiatu zituzten Lapurtarrak ; 1886ko diruz, 2000 libera pariaturik partidaren gainean. JATS, XILAR eta Ganix LARRONDE, orduko hiru pilotari hoberenak barne ziren eta gainerat, LARRONDE anai gaztea eta BERTERRETCHE, ziren lau eta bortzgarren pilotariak. Lapurtarrek ereman zuten partida, 13 eta 9 ; lau oren iraun zuen partida hunek!

Handik eta zenbeit ilabeteren buruan, omen haundia zuen Donostiako taldeak, desafiatu zuen JATS eta bere taldea. Partidaren jokatzeko, Irun hiria hautatu zuten -KASKOINA jokatu zen arrabote hura bera hain xuxen-. Aratsaldeko hiruak eta erdiak arte iraun zuen partida hunek eta JATS, bere lagunekin, irabazdun atera zen, aldi huntan ere.

JATS- en balentrietarik ainitz kondatzen ziren Euskal Herriko plazetan eta etxetan. Aldi bat, Saran ari zen batez, LEMOINE izeneko jokolaria barne zen ekiparen kontra, ixtorioak dio, hunek, pilota igorri zaiola JATS-eri, Sarako Herriko Etxe aurrean den arku azpiraino. JATS-ek, besoa ezin zuen nahi bezala hedatu, arku azpiko goratasuna apala gatik eta besoa erdi luzatua, ukarearen indar bakarrarekin, ereman zuen pilota hori, eta Sarako arrabotearen gainez gain pasatu omen zuen! Ixtorio ezin sinetsi hori, Saran kondatzen zen eta ere Hazparnen, jakinez, orduko pilotak pizuagoak zirela eta dakigun bezala, xixtera motzak. Ikaragarriko indarra behar zen holako balentria baten egiteko! Bertzalde, orduko luzeko jokolari haundi guziek bezala, JEAN SABALO, Pasaka jokoan ari zen eta hemen ere, hoberenetan zen. JATS-ek, beren luzeko azken partida, Miarritze Agilerako arrabotean egin zuen 1912an. Ordukotz, 50 urtez goiti zituelarik.

Artean, ostaler aberats bat bilakatua zen eta, JEAN SABALO-taz erraiten zen, gizon xuxena zela, aita familiako ona eta hunen buru aipagarria. Hiru alaba eta bi seme ukan zituen ; zorigaitzez, azken bi hauek hamalaueko gerlan hil izan ziren. Dohakabe izigarri huntarik, ez zen atera JEAN SABALO. Bizi undarra aurpegi trixte batekin iragan zuen. Ardura ikusten zen, bere JASTEA ostatu sahetsean zuen alki batean jarria, pipa bat ahoan, pentsaketetan galdua. 1927an, hil zen, apirilaren 16 an, 68 urte zituen.

Errana dugu, JASTEA ostatuaren jabea zela JEAN SABALO eta jendeak kondatzen zuen, egun batez ikusi zutela, JATS, 225 pintako, 4 Bordales Barrika deskargatzen, berak, xaierat eremaiteko. Bertze ixtorio pollit bat ere kondatzen da oraino Hazparne huntan, ikaragarriko indarraren jabe zen gizon huntaz : Aldi batez, Noblia deitzen zen gizon bat bazen, Jats-tea ostatuan ohidurak zituena. " KARROSA " zuen izen goitia eta ardura moxkortzen zen. Zorigaitzez, moxkortuta, gaixtatzen zen eta kalapita sortzen zuen ardura, Jats-teko ostatuan. Aldi hartan ere, " KARROSA ", moxkorra, kalapita xekatzen hasi zen eta bet betan, JATS-ek, leiho berinak idekirik, galtz ipurditik hartu zuen " KARROSA " eta leihotik bertzalderat, bide gainera pasatu. Ostatuko nagusiaren egiteko manera hunek, gaitzitu zuen KARROSA eta hau, karrikatik oihu egiten hasi zen erranez :" Auxe da ixtoria, Karrosa kanpoan eta astoa barnean !".

Huna beraz JATS, Hazpandar pilotari famatuaren ixtorioa. Herriko Etxe barnean, itxura, harrian xixelkatua ikusten ahal da, sartzeko lehen barne hortan.


HAZPARNE-ko INDUSTRIA nundik sortua den

XVIII eta XIX garreneko hastapeneko mende horietan, laborantxa ofizioan zen jende gehiena Hazparnen. Ez du erran nahi, laborariek diru ainitz zutela, bainan, ekonomia mailean, laborantxak sortzen zuela aberastasun gehiena, Hazparnen. Hunen sahetsean, oihalgintza, zapataintza eta larrupelatze ofizioak baziren ere. Ez oraino lantegi industrialik, bainan, xoko guzietan, laborantxarekin parezkatzen ziren bertze ofizio batzu. Hala nola, nor edo nor, laboraria, zapataina zen, larrupelatzaile, edo oihal lantzale, edo berdin ere, laboraria eta eiherazaina izan zitaiken.

Etxe gehienetan, bi ofizio zituzten eta familiako gizonak, landan zirenean, emazteak etxean ari ziren, iruten edo zapeta egiten eta horelako. Oihalgintzak, 400 bat jende enplegatzen zituen herrian, eta huntarik ateratzen zuten, herriko jendealdearen %25en bizitzekoa. Ehuleak (tisserands) ofizioan, jakitate haundia behar zen, eta ez ziren nornahi ehuleak, omen haundia zaukaten. Geroxago, 1840-an, ehulategietan amestu zituzten tresna berezi batzu, eta lana errextu zen; handik goiti, ofizioa edozoinen menean jarri zen.

Estali egileak ere baziren, etxeko ardien ilearekin egiten zituztenak eta ere, itsas untzietako oihal zabal batzu, oihal arrunta zena bainan azkarra, haize buhakoeri ihardokitzeko gai zirenak. Gatzaren zakuak eta bihi zakuak ere egiten zituzten. Ardi ile soberakinak salduak ziren tokiko merkatuetan eta ere, Frantzian barna.

HAZPARNEKO TANERIAK
Hazparnek bazituen ofizio huntan artzeko, hiru ekaia nagusi : Bazen AZKUNTZA, huntarik ateratzen zen larrua ; bazen URA, asko erreka badira Hazparnen Urtsuko urbegietarik ateratzen direnak, eta hauen seaskak, gure aranetan nasaiki hedatzen direnak ; badira ere, AMEZTEGIAK, nun nahi ; zuhaitz huntarik ateratzen da -tanua (le tanin)- deitzen den ametz axala ; hau, tanu eiheretan ehotzen zuten eta hunen errautsarekin, larruak prestatzen zituzten, edo hobeki erraiteko, osoki garbitzen. Ardura, ur erreketako bi sahetsetan, ametzak landatuak ziren, eta baziren tanu horren ehotzeko eihera bereziak. 1831-an, 51 taneria zenbakitzen ziren Hazparnen. Bainan, nahiz hazkuntza bazen Hazparne huntan, taneria asko izanez, Portugaletik, Holandatik, Kanada eta Hego Amerikatik etorrarazten zituzten larruak. Badakigu, taneriak, XVII garren mende hortan ere bazirela Hazparnen, berdin lehenago ere.

Bi ofizio behex baziren taneria lanetan : TANERA eta MEGIZIERRA. Biek berdin larrua garbitzen zuten, ile eta haragi undarretarik berexten eta aska haundi batzuetan, ametz tanerarekin trenpan atxikitzen zituzten larruak, zenbeit ilabetez, egunean bi aldiz ateratuz, berdin hiru aldiz, tanera ongi nahasteko. Sei egunetarik kanbiatu behar ziren ura eta tanera. TANERTZALEAK lantzen zuen larrua, pizua zen, armadako ekipamenduentzat baliatzen zena, eta , zapeta zolak egiteko. MEGIZIERRAK, aldiz, larru meheagoak lantzen zituen ; bildotx, ardi eta ahuntx larruak. Arrain olioarekin goxatuak ziren larru horiek. Hauek, gehienak, Urkoi auzoan ziren. Taner ofizioarentzat, tresneria guti behar zen ; lurrean berean bi zilo edo aska behar ziren, larruaren trenpan atxikitzeko eta esku tresna zenbeit, ez zen bertze deusen beharrik, nun ez zen tanera ehotzeko eihera, bixtan dena.

URKOIN, 22 taneria baziren : Abadiania - Apeztegia - Bernatenia - Frantxoenia - Karrikako Borda - Xekalatia - Kurutzaldizaharra - Etxeparia - Eiheraldia - Haranederia - Ilharia - Joanekotenia - Luberria - Martienia - Matalas - Mendiko Etxeberria - Miaberria - Miazaharria - Passiquet-Berria - Passiquet-Zaharra eta San Martienia.
ZELAIAN, 7 : AIHERRONDOA - KAKILENIA - DOMINGO EIHERA - ERREGETIA - HEGIEDERRIA - LORDA eta SAUTENIA.
PLAZAN, 6 : BORDETENIA - KOMENTU ZAHARRA - GAZTELUBERRIA - ORTESENIA - PIKASARRIA eta TTATTILATEA .
LABIRIN, 5 : BROUSSAINIA - PUTTUANIA - UHARTIA - URRUTIA eta XAPITALEA. - ELIZABERRIN, 4 : BIHOTXENIA - HODITEA - LANDABURUA eta ZALIONDOA.  -HAZKETAN, 3 : CHANDELATEA - ILAINDIA - XOPATEY BEHERIA.  -MINOTZEN, 2 : HARRIA eta LARZABALIA.

Ordu haietan, bederatzi taner eihera baziren. Hauek ez dira ogi edo arto ehotzeko eiheren berdinak, ezen, azken hauetarik, asko gehiago baziren Hazparnen. Hazparnen, TANERIA, ez da industria hainerat nehoiz heldu. Haitzen eritasuna etorri zenean, XX-garren mende hastapenean, ttipitu ziren taneriak eta, langile asko juan ziren Hego Ameriketarat, han ziren Hazpandar taner industrial batzueri buruz : BROUSSAIN, CHORIBIT eta bertze. 1856-an, 158 taneriako langile ziren, eta, 55 urte berantago, 1911-an, 16 baizik ez ziren.

ZAPATAINTZA INDUSTRIAREN HASTAPENA
XIX-garren mende hastapenean, Hazpandarrak hasi ziren beren tanerietako larru horien baliatzen, zapeten egiteko. Emeki emeki, ofizioa hedatu zen Herrian. 1891-ko urtean, 860 gizon eta 685 emazte, larru ofizioetan ari ziren, taner eta zapataintzan. XX-garren mende hastapenean, Hazparneko ekonomian lehen tokia hartu zuen zapataintzak. Ordu hortarik hasi zen Hazparneko zapeta industria.

HAZPARNE-ko ZAPATAINTZA-ren industrializazioa

XX-garren mende hastapen hortarat heldu aintzin, zapataintza lana, etxetarat banakatua zen, eta han egiten zituzten zapatak, bakotxak bere ofizioetan. Etxe horietan guzietan, aldean bazen laborantxa poxi bat eta horela, familia osoa biziarazten zen, bi diru iturri hauek parekatuz. Emeki emeki, gero eta gehiago lan egiten zen zapataintzan, eta laborari etxetako lanak ttipitzen ziren, abere gutiago eta lur gutiago erabiltzen zen, bi ofizio hauetan ari ziren laborari etxetan. Zapata fabrikak furnitzen zituen, zapetaintzako behar ziren tresnak etxetarat, eta beretzat atxikitzen zituen lan postu batzu, nola, enpeñen egiteko larru pikatzea, zapetaren finitzea eta hunen saltzea.

XX-garren mende haste hortan 2 500 langile ari ziren zapeta egiten molde hortan Hazparnen. 1898-an eta 1900 arte hortan, etorri ziren lehen maxinak herriko lantegietarat. Lehenak, petrolarekin kurriarazten zituzten, gero, baporearekilako motor batzuekin eta handik laster, elektrikazkoak baliatu zituzten, Hazparneko plazan elektrika eman zutenetik, MORROXKO-ren Auzapezgoaren denbora heietan.

Hazparnen, lehen tresnak ukan zituzten, XALBAT AMESPIL eta HIRIART-URRUTY familiek. Ordu hortarik, eta lehen gerla arte hortan, 7 lantegi tresnatu ziren elektrikazko maxinekilan. Denbora hortarik hasi zen jendea lantegietan sartzen ; ordutik, Hazpandarrek ikasiko dute zer den lantegietan lan egitea. Etxetarat eremaiten zen lana gutitzen da, eta bakarrik emazteri doatzin lan batzu, nola jostea, gelditzen da etxetan egiteko. Oraino, 50 urtez ikusiko dira emazte batzu, beren lana oihal beltx batean koropilaturik, eremaiten zapeterietarat.

Maxinak lantegietarat sartu zirenetik, zapetaintzako lana zatikatu zen ; ez zuen gehiago langile berak egiten zapeta osoa, baizik eta hunen parte baizik. Lehen gerla haundiak moztu zuen Hazparneko lantegien hedatze aintzinakorra, bainan 1920-ean, berriz azkartu ziren. Lantegi horien jabe ziren familietako seme alaba zenbeit, elgarrekin ezkondu ziren eta zinezko industrial dinastia bat sortu zen gure herri huntan. AMESPIL, DGUERRE, LANDARRETCHE eta HIRIART-URRUTY, haundienetan ziren.

Artetik erran dezadan, urte horietan, HIRIART-URRUTY lantegia, "ETXE GORRIA" izendatzen den abere portuko etxea zen, orduan, "PATTOTEA" erraiten ziotena. Familia hortako bi alabak ezkondu ziren TROLLIET anaiekilan ; hauek, parezkakoak ziren eta Lyonetik etortzen ziren ; zapetaintzako artikulu saltzaile ziren. "PATTOTEA" lantegi hori erre zen, gerla haundia bukatu zen biharamunetan, eta TROLLIET anaiek eraiki zuten lantegi berria, tokiko jendeak, berdin "PATTOTEA", deitzen zutena. Dena den, urte horietan ere Limoges eta Fougères hirietarik etorri ziren zapetaintzan trebe ziren komis batzu.

1920-ean eta 1930 urte horietan, eraikiak izan ziren, langileentzat eginak ziren etxe guneak. "CITE SAPHA", "CITE LA PENSEE", "CITE ONA" eta "CITE LARRE". Langilentzat egin zuten ere koperativa bat, orduko Hôtel Moderne sartzeko atearen eskuinean zagona. Eskailer bateri goiti juan behar zen, lehen estairat. Hor, epizeria saltzen zen gehienik, bai eta buxeria, bertze asko gauzen artean. Ordutik, zenbeit urtez, HAZPARNE, zapetaintzarekin eta MAULE, bere espartin fabrikekilan, Euskal Herri barneko herri omentsuenak izan ziren; lana ikertzen zuten guziek, bi herri hauetan hatxemaiten ahal zuten.

Denbora horietan, Hazparneko karrikak jendetsuak ziren; herri osoa PATTOTEI-ko zirenak ordenatzen zuen; hunek joiten zuen luzaki, 8 ak bortz gutitan, eguerditan, aratsaldeko 2ak 5 gutitan eta 6 orenetan. Jornalak ez ziren nasaiak, bainan oraintxet erran dutan bezala, gehienek etxetan bazituzten behi pare bat, oilo ala bertze, eta guziz, baratze bat gehienetan. Ordu heietako beharrak ez ziren ere oraikoen hainekoak. Jendea xinpleki bizi zen; herrian berean zauzkan ausagailuetaz gozatzen zen.

Bi gerla haundien arte hortan, TROLLIET lantegia da gehienik gotortu dena. Lantegi huntan zen lana gehienik zatikatua, huntan zen ere maxina gehiena baliatzen. Denbora batez, Akitaniako lantegi haundienetan barne izan zen ere.

1936-an, hasi zen zeru zola goibeiltzen, Hazparneko zapataintzarentzat. Orduan hasi zen, herrialde guzietan, langileria asaretzen eta Hazparnen ez zen oraino lan gelditzerik izan, bainan zindikate baten eraikitzea aipu zen eta laneko orduen ttipitzea. Urte horietan, Hazparneko langilearen jornala, 3 libera zuen oreneko, lantegian, eta etxetan egiten zenarentzat, 1,50 bat. Urte berean, zapetaintza industriaren lehen konvenzionea izenpetu zuten. Ordutik, jornalak ziren: 14 urtetik 21 urte arteko mutilentzat : 1,25 libera oreneko; 21 eta 60 arteko gizonentzat: 3,25 libera eta ohargarri dena, adin bereko emaztentzat 2,30 libera, gizonek baino hiruetarik bat gutiago. 70 urtetan lanean ari zen langileak ez zuen oreneko 2 libera baizik altxatzen lan berarentzat.

1936-eko urte hortarik aintzina, 40 orenetako asteak egiteko legea bali zenetik, 48 oren ordainduak izanen zituztela izenpetua izan zen. 1939-ko gerla hasi zenetik, larruak eta bertze hornigaiak eskastu ziren eta jadanik zenbeit lantegi nekez ari ziren Hazparnen. Bainan, aldi huntan ere, gerlaren ondotik, industria berriz azkartu zen eta 1945-etik aintzina, 4 000 zapeta pare egiten ziren egun bakotx Hazparneko lantegietan eta Frantzia guzian salduak ziren, bai eta, Frantses kolonietan ere. Denbora berean 5 lantegi sortzen dira zapeterietako hornigai saltzale direnak.

Zapeteria berri bat ere eraiki zuten ordu heietan, 300 langile ukan dituena. Orduan, 1200 langile ziren Hazparneko lantegietan : AMESPIL, BIOY, BRECHOIRE-MADRE, ESPIL, HAULON, LARRE, MINVIELLE, MONGOUR, TELLETCHEA, TROLLIET… Hauetarik, bortz familia beretik ateratzen zirenak, zituzten nagusiak. Zenbeit urteren buruan, 1954-ean , langile etxe gune berri bat eraikitzen dute, LARRONDOA-ko funtsetan. Lurra, MORROXKO-teko LISSAR andereak emana zuen herriari, huntarako. Hemen, langileek beren etxeak merke eraiki ahal izan zituzten.

HAZPARNE-ko LANTEGIEN desagertzea

Hazparneko zapataintza azkar zen denboran, herriko gider guziak bazituzten zapeterietako nagusiek. Kontseiluan ziren eta Jaun mera eta Apezen graduan ziren nagusi horiek ; karriketan kurutzatzen zirenean, gizonek eta haur untsa ikasiek, boneta kenduz agurtzen zituzten. Nagusi horien lantegietan lan egiten zuten langileek, nagusiek eraiki etxe gunetan aterbetuak ziren eta berdin, hauek asmatu langilen koperatiboan erosten zituzten bizitzeko behar zituzten janariak. Ordu heietan, aita eta zenbeit aldiz, ama, lantegian ari ziren eta 14 urte betetzen zituztenetik, etxetako haurrak lantegian sartzen ziren. Entzutea dugu, etxe gune horietarik batean bizi zen familia batetako, zindikateko buru zen gizon batek, beren nagusiari galdegin zuela, etxean zuen 14 urteko alabak ixtudioetan segitzea, lantegian artzeko partez. Nagusiak onartu zaion !

1950 urte arte hortarik goiti, lantegien garapengoan geldi bat gertatu zen eta ordutik, gain beheitiko pidaia abiatu zuen Hazparneko industriak. Orduan hasi ziren, Hazparneko langileriaren eta zapetaintzako lantegien kezkak. Urte horietan, Hazparnen sortu zuten langilen zindikata bat, CFTC, deitzen zena. Zindikata hunen sortzeak badu bere ixtorioa. Urte horietan, Frantzian barna, langileria kexu zen eta zindikatuak azkar ziren. Bokaleko CGT zindikateko arduradun batzu etorri ziren, Argi zinemako gelarat, Hazparneko langileriari buruz, hauen partaidetasunaren bila. Mundua bildu zen zinema gelan ! eta erran zuten, ondoko hamabortz egunen buruan berriz etorriko zirela, langilen harpidetzaren hartzeko. Hamabortz egun horietan, tipustapa betean, PIARRES LARZABAL, Hazparneko bikario zenak bultzaturik, eraiki zuten, CFTC, girixtino zindikatua. Bokaleko zindikalizta gorriak etorri zirenean berriz, 5 jende baizik ez ziren Argi zinemako gelarat hurbildu ! Hazparneko langilen zindikatua sortua zen, " girixtinoa zen " eta guzientzat hobe zela iduritu zaioten orori.

Urte horietan agertu ziren lehen grebak ; oren batetako lanetik gelditze batzu ziren, hain bat sinbolikoak baizik ez zirenak. Handik eta hiru urteren buruan, lana eskasten hasten da Hazparnen ; Algeriako zapeta merkatua gelditzen da, erran nahi baitu, urteko hiru hilabeteren lana galdua dela zapeterientzat. Bi lantegi hesten dira, eta horela irauten da 1963-a arte. 1963-ko urte hortan, Hazparneko lantegietan lan egiten zuten langile zenbakiak ziren :" ONA / TROLLIET" lantegian 297 langile. " ARY / HARISTOY-DIHARCE" : 264 ; "BRECHOIRE-MADRE" : 163 ; "AMESPIL-MONGOUR" : 149; "AT-HOME" : 67; "HAULON" : 50; "EDER / GUILLAUME ETCHEVERS" : 44 ; " ST ESTEBEN LOUIS " (takoi egilea ) : 44; " MAILLOUQUET eta DIRON " : 38 ; " CARRERE ANAIEK " : 28 langile ; "BORTEYROU"+"AYCAGUERRE"+"DUHART"+"LOUIS-LOUIS" : 14 langile.

Urte hortan, jornalen gaiean izan zen elgarrizketak, ez zuen bururatzerik aurkitu eta herriko lantegi guziak greban jarri ziren, eta Hazparneko karriketan barna ibili, beren jornalaren emendatzea eskatuz. Lehen aldia zen langile guziak karrikarat ateratzen zirela, betan, zindikatak manaturik. Ordu arte izan ziren, lan gelditze batzu. Greba hunek, 8 egun iraun zuen. Baionako Komertsial Ganbera, bankoek eta enpresa nagusien arteko inkesta batek agertarazi zuen, zapeterien egoera keskagarri hunek bazituela arrazoi asko, eta zaila izanen zela egoera huntarik ateratzea. Dena den, langileek ardietsi zuten galdeginaren parte on bat, eta lana berriz hasi zuten.

1965-ean eta ondoko bi urtetan, lau lantegi hetsi dira Hazparnen; eta 1972-an, 1151 langiletarik, 753-tarat jautsi zen langile zenbakia. Ondoko 5 urtetan, 10 lantegi hetsi ziren. 10 urtez, 900 lan postu galdu ziren gure herrian. 1972-ko urte hortan, Herriko Etxeak, JEAN PINATEL Auzapeza buru, Herriko laborariak, etxegintzetako ofizialeak, saltegietako jendeak, juntatu ziren zapeterietako langileri eta egun batez, 2000 Hazpandar bildu ziren, behin, Hazparneko karrikan eta gero, Baionan; manifestaldi bat egin zuten Paulmy karrikaren beheiti, Prefektura aintzinean gelditzeko. Han, Baionako suprefetak errezebitu zituen Hazpandarren ordezkariak. Oraino, 15 urtez, 7 lantegiek ihardokiko dute Hazparnen.

1987-an, 100 langile ziren, zapeterietako oraino ari zirenak. 1995-ean, lantegi bakarra zen "LUXAT" zapeteria eta, 2011-ko urte huntan, ez da gehiago zapeteriarik Hazparnen.

ZAPETERIAK HISTORIOAN SARTUAK DIRA... HAZPARNEKO HISTORIOAN....


CLEMENT MATHIEU Hazpandar Jaun Apezpikua

CLEMENT MATHIEU, Hazparnen sortua zen, 1882-ko martxoaren 18an, 'Ezkerraenean', edo Mattiuteko xokolategian, Herriko etxeari bisenbis egiten duen etxe hortan. Hamar haurretarik hirugarrena zen. Bere ixtudioak, Hazparneko kolegioan hasiak zituen, gero, Larresoroko semenarioan sartu zen apez izaiteko gogoarekin. 1906-ko uztailaren 15-an, apeztu zen. Gero, Teologiako ixtudioak segitu zituen, Erroman, eta filosofiakoak, Louvain Belgikako herrian.

Beren ikasketak bukatu zituenetik, MIARRITZE-n egon zen bikario eta hemendik, Hamalaueko gerlarat juan behar izan zen. Bi medailarekin itzuli zen Euskal Herrirat, GERLARIEN KURUTZEA eta SOLDADOEN MEDELA ukanik. USTARITZEKO SEMENARIOA-ren superior egon zen eta ondotik, GIEURE, Baionako Apezpikuaren BIKARIO NAGUSIA. Hunek berak zuen APEZPIKU egin 1931-ko urriaren 28an. AKIZEKO APEZPIKU izendatu zuten. "LEGION D'HONNEUR" Frantses gradu ohoragarriaren jabe zen.

Hazpandar Apezpiku hau, zinez Apez argitua zen eta orduko elizako boteredun batzuen arabera, Pariseko Apezpiku izaiteko izendatzea aipu zen eta Kardinale izendatzea ere, hortako ahalak bazituen. Bainan, Espainiako Kardinaleek ez zuten begi onez ikusten Hazparneko Apezpiku hau. 1936-eko Espainiako gerla denboran, CLEMENT MATHIEU-k, Pariseko VERDIER Kardinalearekin eraiki zuten " Euskaldunen adixkideak, mugaz gaindiko zozietatea". Elkarte hunen eginbidea zen, Franco Espaiñol jeneralaren armadaren aintzinean, ihes egiten zuten Euskaldunen aterbetzea eta sokorritzea. PIE XI-garrena Aitasainduari gutun bat idatzi zuen, Hazpandar Apezpikuak, huntan salatzen zuela Frankisten nahikari ageria: Euskaldun populuaren erraustea eta osoki desegitea.

HUNA ZER DION GUTUN HORREK
Hazpandar Apezpikuak gutuna hasten du, Hego Euskal Herria presentatuz.
"Español Euskal Herriak, lau probentzia dauzka, Alaba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa. Euskaldunak, populu bat dira, beren berezitasunekin, hizkuntza, ohidurak, nortasunarekin eta arraza behexarekin. Ixtorioak dionaz, nazio berezi baten araudiak dauzka aspalditik. 1839 -ko urtea arte, Euskal Herria politika mailean azkatasunaren jabe zen. Erlijioneaz hartua den populu bat da, Eliza katolikoari leial dagona. Adibidez, Bitoriako diosesak badauzka 718 parropia, 2 150 apez, eta 800 semenarizta. Bertzalde, girixtino zindikatetan 52 000 langile badira, %75 laborari familia dira girixtino zindikatean; ohizko girixtino zindakat batean aldiz, 5.500. Haueri konparatuz, zozialista zindikatetan 36 000 dira : komunixtak 7 000 eta anarxixtak 6 500. Ikusten da zenbaki hauetan, nola langile eta laborari populuaren gehiengoa katolikoa den Euskal Herrian. Hemen, partido politikoetan gehiengoa daukana da, PNB, girixtino partidoa, politika, kultura eta zozial mailean balio haundiak dauzkana. Hunen hitz nagusia da " Jaungoikua eta Lege Zara ".
1936-eko uztailaren 18-an, Errepublikaren kontra gerla zibila bat hasi zuen, Franko jeneralak. Hunek nahi ukan zuen sinetsarazi, komunismoaren kontrako gerla saindu bat zela. Bainan, helburua bertzerik zen ; Español errepublikako gobernamendua aurdiki nahi zuen, eta ber denboran, hauetarik azkatasuna bildua zuten Euskaldunak, suntsitu nahi ukan zituen. Oraino ezin konprenitua da zergatik, Frankok, Euskaldunak gudukatu zituen komunixten aurkako gerla hortan, ezen, hauek, Espainiako populu girixtinoena baitzen eta komunista gutiena zen herrialdea.
Gerlaren hastapenean, Euskaldunak gogoetan egon ziren gudu huni buruz ; behin erraiten zuten, ez zela bereri doazin gerla, bainan laster ohartu ziren, gudu hori beren kontra zagola berdin, eta Euskal Herri guzia suntsitzekotan zirela. Frankoren armada ganik, ezin asmatuzko bortizkeriak jasan zituzten Euskaldunek. Injustizia bat zela, Euskaldunen aurka gerla egitea erranez, hauek, errepublikanoen aldean jarri ziren, Frankori aurka egiteko. "

Horela kondatzen zuen Mattiu Apezpikuak, Pie XI-garren aitasainduari ereman zion gutunean. Kondatzen zuen ere, nola, Euskaldunak zintzoak izan ziren gerla hortan, desterioan zirenak lagunduz, izan ziten komunista ala anarxixtak berdin ; nola, iheslariak aterbetu zituzten, nola, asmatu zuten presoneren arteko trukada bat Anglesen eta Kurutze gorriaren laguntzekilan. Kondatzen zuen ere nola, gerlarietaz inguratuak ziren Donostiar, Bilbotar ala Alabako frankista zibil batzu, lagundu zituzten beren kidekoeri buruz ihes egiten. Oraino luzazki idazten zuen Euskaldunen egoeraz. Populuaren %25 hil izan zirela, kartzelatuak edo iheslari.

"Geroztik, Franko, Euskaldunen aurka jokatzen da, dio hazpandar Apezak. Españian ez da bakerik izanen, Euskaldunen eskubideak onartuak izanen ez direno. Erlijioaren problemak behar badu beren bide egokian jarri, eskuin ala ezkerreko extremismoetarik behex, dudarik ez da, Euskalduneri esker izanen dela, eta, hauetarik etorriko dela gauza huni buruz, nahikari aintzinakor haundiena ; hau, Euskaldunak errespetatuak direlakotz. Errespetu hau bildua dute beren girixtinotasuna, argi eta garbi agertu dutelakotz munduari, eta erlijioan findantzi osoa daukatelako. "

Horela bukatzen zuen gutun luzea. Gutun hau eman zuen Aita sainduari ; hunek ez zuen egundaino, deus agertu, gutunaren gaiean eta ondorioz, Espaiñol kardinaleak, Hazpandar Apezpikua ez zuten gostukoa. Hauek ez omen zuten nahi ukan, CLEMENT MATHIEU Kardinale izendatua izan zadin. AKIZEKO APEZPIKUA, 1963-ko martxoaren 25an zendu zen, 33 urtez apezpiku izan ondoan.

HAZPARNE-ko bi auzoetan (URKOI ta ELIZABERRI) gertatu bi ixtorio

LEHENA, URKOI-n GERTATUA.
1905-ean, Frantses estadoa eta Eliza, behexi zituzten. Legea pasatu zenetik, ondoko urtean hasi ziren, eliza guzietan, ikerketak. Hauetan, zenbakitzen zituzten tokian ziren ontasunak. Bainan, asko tokitan, eta guziz Euskal Herrian, jendea oldartu zen ikerketa horieri buruz. Bi hitzez ikusiko dugu, 1907-ko urtean, Hauste egunarekin, Urkoiko elizan, ikertze horiek nola iragan ziren. Urte hortako "Euskaldun Ona" astekariak idazten zuen hau:

" Elizaren ikertzea ginuen, Hauste egunean. Jaun prezetura jin zenean erran tenoreko xuxen, Jaun erretora, hiru ehun emazte eta gizonekin kalastra azpian aurkitzen ziren; bertze zenbeit gizon eta emazte, eliza barnean zaudelarik, kantuz errepikan, ateak hetsirik. Beraz, prezetura heldu da Jaun erretorari buruz, xapela eskuan, eta erraiten dio, nor den, eta zertara heldu den. Jaun erretorak ihardesten dako, ez dezokela borta idek, elizaren jabe ez baita bera, bainan bai populua.

Eza ukanik, behin, gibelerat joan ziren. Ondoko egunean, gauzak gaixtandu ziren. Lehenik, etorri ziren Hazparneko jandarmak; hauek alegera omen ziren, ustez eta errexki eta ixilik eginen zutela beren lana; ezen, bazakiten, egun hartan, Jaun erretora joana zela Hazparnerat, Hiriart-Urruty Joanes-Ederrareneko nagusi zenaren ehortzketan aurkitzeko. Beraz, deskantsuan zauden jandarmak, beren zaldi haundietarik jautsirik, kalostre azpiko eskelerretan jarriak. Bainan, Urkoitarrak, ez omen ziren hain deskantsuan. Zurubi luze bat harturik, PILI gaizoa iragan da eliza gibeletik eta bere biziaren irriskuan, sartu, eliza dorreko leiho ttipitik, zeinutegirat. Horra nun, ezkilak, balanban hasten diren, dindan errepikan. Jandarma gaizoak, harrituak, nor ote zen eta nundik iragana ote zen gain hartarat, galdatzen dute nor diteken han. Gizon batek ihardesten du, andere serora ditekela, eliza garbitzen ari baitziteken, ateak hestean. Jandarmek diote, gezurra dela hori, andere serorak ez baitu besoa aski azkar holako indarrean ezkilaren joiteko. Anartean, ezkilaren deia entzunik, Urkoitar gehienak jinak ziren elizara buruz. Soldadoek ez zituzten hurbilzera uzten. Bainan, beti, elizako gakoa eskas!

Azkenean, bi soldado gaizoek hausten dute borta, eta, sartzen dira: Miarritzeko komisario aipatu hura, Prezetura, Urkoiko eta Hazparne plazako errientak. Ai ! ai ! ai ! zer gizon hitsak hoiek oro, beren muturbeltz edo zuriekin! Miarritzeko komisarioa bereziki nekexko zabilan, bezperan, Itsasun, tanpako batzu ukanik. Nola, populuak ez baitzituen gizon debru hoiek bakarrik utzi nahi barnean, hoien ondotik sartu dira, Fabrikako gizonak, eta memento berean, Jaun axuanta ederki apaindua. Nola ezkila beti errepikan ari baizen, komisarioak erraiten du : "On ne peut pas faire taire cette cloche-là? " Jandarme bat lotzen da ezkilako sokari, bainan ez dezake ixilaraz. Errientak, (zer gizona hori !) laguntzen omen du sokaren hausten. Bainan ezkila beti errepikan aintzina. Jandarma badoa selaruetarat, eta errientak, zurubiak emanik, laguntzen du soinutegirat heltzen. Nahi ginuke jakin zer egiten zaion, jaun errientari, ezkilaren soinuak. Lekuko baizik ez balin bazen, egon zadiela lekuko bezala eta utz ezkila geldirik eta ezkila-joilea!

Ezkila dorretik ekarri dute, PILI, komisarioaren aitzinerat; bainan hunek ez du izitu bere balentria guziekin ; ezen, PILI, ez da beldur, ez prozeduraz, ez presondegiaz. Ez ote zaio bakotxari haizu beren etxetik oihuz artzea ; eta hura, bertzeena bezala, harena den elizatik ari zen, ezkilarekin oihuz.

Fabrikako gizonek ez dute ikerketa hortan prezeturaren lana izenpetu. Bainan, jaun axuanta segitu omen baita beti jaun xapeldun heier, Urkoitarrak ez dire batere fida hunek zer egin duen. Berak badaki... Agian, ez ahal da herri guziaren kontra hura altxatu. Bazkariz gelditu omen da errientaren etxean, lan tzar hoiek akabatu ondoan. "

Huna zer kondatzen zuen "Euskaldun Onak", 1907 -ko urtean, Urkoiko elizako ixtorio huntan. Elizetako ikertze horietan, Frantzian barna izan ziren gertakari latzak, hilak ere izan ziren.

HUNA BIGARREN IXTORIOA, ELIZABERRIN GERTATUA.
Elizaberriko kapera 1687-an eraikia izan zen eta ordutik, TRINITATE SAINDUARI eskainia. TRINITATEZ egiten dira Elizaberriko pestak, hain xuxen, Kapera hau eraiki geroztik. 1789-ko Frantziako iraultzaren ondotik, Errepublikaren bigarren urtean, iraultzaren ondorioz, urte larria zen eta jendeak ez zuen pesta egiteko eskubiderik; igandetan ere lanean ari behartzen.

Hazparneko paper zaharretan irakurtzen ahal da prozedura bat, orduko Jandarmek egina. Hunek hau dio: "Iraultzalariek egin prozedura Elizaberriko jenden kontra." Arrazoia: Laneko egun batez pesta egiten zuten eta pilotan ari ziren. Gu, Herriko aintzindari, salaketa baten ondorioz, juan gira Trinitate Kapera, deitu auzorat. Nahiz lan egiteko behar haundia baden erresumarentzat, fanatismo eta axola eskases, han kausitu dugu ainitz jende, bai eta ere, pilotan ari zirenak. Gu, eta gurekin ziren jandarmeak ikusi ondoan, ihes egin dute, eta nehor ezin dugu hatxeman. Hau, nahiz eta erran diotegun "Legearen izenean geldi zaitezte!".

Orduan, sartu gira, Adame Etchegaray ostaleraren etxen. Hor, kausitu ditugu ainitz jende, jaten eta edaten ari zirenak. Hauen izenak hartu ditugu eta hobendun haundiena, Adame Etchegaray, preso altxatu dugu. Hazparnen egina, Iraultzaren bigarren urtean, Prairial ilabetearen 27 an. Hain xuxen, Trinitateko igandea zen urte hartan.

Gertakari huni esker, baditugu bi argitasun : alde batetik, Trinitatez egiten zirela, bestak, Elizaberriko auzoan, eta bestaldetik, Herriko ohidurak, Pariseko iraultzlarien legeak baino gehiago segituak zirela.