2011/2012 "HAZPARNE XAHAR BERRI" LAPURDI IRRATI-ko EUSKARAZKO KRONIKA-tik
(2garren urtea)

PEDRITO LOPEZ DE LA VEGA : Hazparneko Misionesten buruzagia izana

Jadanik aipatu ginintuen Hazparneko Misionestak, nola, Hazparnen, eraiki zuten beren lehen kapera, 1824ean, Jean-Baptiste Garat zutelarik Zuzendari. Kondatu dautzuegu ere nola, 1928an, Misionestek erabaki zuten Bihotz Sakratuaren Kapera berria eraikitzea. Ordu hartan, PEDRITO LOPEZ DE LA VEGA zen, Misionesten buruzagi. Apez hau nor zen kondatuko dautzuet orain, Jean Baptiste Etcheverry Misionestak beren idatzietan kondatzen daukun moldean.

« Nahi dut, ene misionest denborako Superioraren izena, arras burrunbatsua zela, kasik hitz bakotxa jakituz eta agurkatuz erraiteranokoan. Gehiago dena, jaun horri zoakon deitura, egokiena. Halakoa baitzen, patxada ederreko gizona. Bainan, itxura guzien gatik, hain zen ona eta gozoa !
Laster sartu ginen gure baitan, ikusi ginuelarik lehen aldian. Aiaia, fera-futro zoala, hastapeneko farrasta lotsagarria, larderiazkoa... Haundia zen, sorbalda batzu murru paretaren idurikoak.

Lapurdiko pilota plazetan, haren bote bihurriek, bai eta ere, araberako errefera heiek, eskuzarta ederrak altxarazi dituzte, apez-gaia zen denboran. Ez zen sekulan kasik azken fineraino unatzen, partida guziak irabazi beharrez.

Haren begitarte arrai eztiak eta, oroz gainetik, haren ateraldi sendimendutsuek, bazituzten beren ondorio salbagarriak. Bazakien, nor berari hitzaldi sarkorren adiarazten, alegia deusez, hein bat naturalki. Noizean behin, maleziazko ñirñira gozo bat begietan... Dezagun erran oraino, nun nahi eta laster egiten zituela adixkideak. Bihotzetik bihotzerat doatzin solas funtsezkoeri esker. Ez baita harrigarri beraz, denbora laburrez, egin-arazi bazuen, eta azken arditeraino pagatu, obra espantagarri hau : Bihotz Sakratuaren ohoretan altxatua izan den Hazparneko kapera.

Horien gatik, etzinukete uste izan behar, gure LOPEZ DE LA VEGA etzela sekulan bere hartarik kantitzen, jazartu gabe, beti ixil eta borobil, ororekilakoa egin beharrez griñatua, atso-hitzak erraiten duen kontuan : "Aldakor dena, haize guzietarat erorkor". Etzen piru hortakoa. Bazakien, behar-orduan, bizi bizia mintzatzen. Nihaurek ikusi nuen egun batez, doi bat sumindua, politika hortako gora-beherez. Behar ederrez ! Bainan mundu huntan bada denetarik : tonto ta abil, pizu ta arin, buru bezenbat aburu, edo pentsatzeko manera ! Zuk ikusi nahi eztuzun saltsa hortarik, janen dautzu bertze batek, erriak milikatuz. Bizkitartean, oro-har, politikan dira kausitzen gataska bortitzenak. Zilko-zuriak saka, papo-gorriek errefera. Hi bahiz eta ni banuk ! Bota beretik eta Hordago-kanta !

Dena dela eta, trufak apart, arras errepublikanoa ginuen gure Superiora. MENDY, misionesten moltseroa aldiz, arras erregetiarra. Uste gabetarik bezala, hasi ziren aharran gure aintzinean :
"Mon pauvre Mendy, votre Maurras est un païen intégral, dangereux !"
"Mon pauvre Supérieur, votre Marc Sangnier est un républicain néfaste... (eta, diotenaz), un franc-maçon !"

Xoriak zer den ageri du lumatik, idiak adarretik, gizonak eletik. Eta, hantxe, hasarre gorrienean, gure bi kargudun horiek ere kanporatzen zituzten barneko arrangura minak. Beharrik han ginuen, DUHALDE, zentzu handiko baketiarra. Mintzatu zen eztiki, gozoki :
"Jaunak, etzi balio hola kexatzea. Nik etzit politikan gauza haundirik konprenitzen. Bainan betiko erran zaharra hau duzu : bi gizon hasten direlarik politikaz kestione gataskan, horiek iduri dutela, bi kasko pelatu, orraze baten gainetik makurtiak !"

Denak irriz hasi ginen eta, oroz gainetik, bi lipiztari kontrarioak. Aldi huntan segurik, etzen konplitu erran zaharra : « Apezen arteko lizkar eta eztabadak, debruaren jokoa eta eliza-pestak ! »

Bigarren ixtorio hau kondatu zautan, Pierre CAMBLONG, misionest lagun adixkideak. Alemanak etorri ziren Hazparnerat, 1940-eko urtean. Horien armadako aintzindari bat badoa misionestegirat. Begi tzarra du, bekainak kopetaren erdirat bilduak. Boz idor bat. Zer behar du ikusi harat heldu den LOPEZ de la VEGA-k ?

Han dago Superiora, kara fierrenean, bere begi pinpalet eta zorrotzak landatuak gomitik gabeko pestalierrari buruz. Hunek uste zukeen ahur-hixtu batez, bere oinetara bilduko zituela frantses oilo-busti herresta guziak.
"Heil Hitler ! Moi, prendre maisson pour 50 soldats aléman ! France caput ! Après Angleterre caput, Churchil caput ! "

Bainan laster pikatu zion pirua LOPEZ jaunak. Odolak jauzi egin zionetz espantu horiek aditzean ? Edo ximixta zarrazta bat sumatu buru fuñetan ? Gisa guzietarat, demendreneko lazturak ez diozka zainak hartu, are gutiago zintzurra tapatu.
"Vous ! Rien du tout ! Moi, le Patron, le Supérieur, le Chef de la maison. Moi aller Komandantur ! Moi écrire Pétain ! Vous partir ! Moi rester !"

Bizkitartean, han dago delako aintzindaria. Hastean bezala, irri faltsu tzar bat ezpain zokoan, hots ! beti berdin furfuriatsu... Orduan etsi-etsian, begiak sutan eta oihu marruma batean :
"Moi, PEDRITO LOPEZ DE LA VEGA, moi HITLER ici, moi le FÜRHER ici ! Vous rien !!"

Bazuen aski erranik aldi huntan. Zapeta-klaska haundi bat, sekulako soldado agurra, eta zalu-zalua lekuak hustu zituen tropetako aintzindariak.

Horra beraz xehetasun bakar batzu LOPEZ DE LA VEGA Superior zenaren goresteko. Gogoan atxiki behar ginukena, jaun horrek bere dohain aipagarriak itzuliak zauzkala ongiari buruz. Kalitate gutiagorekin higatu dugu gure bizia. Bainan zer munta du ? Jainkoak badaki gure ahulezien berri.

JEAN-BAPTISTE OSSINIRY Misionesta Hazparneko kolegioko buruzagi izana

Hazparneko Misionesten gai hortan, egun aipatuko dautzuet, nor zen, Jean-Baptiste OSSINIRY, Apez argitu bat, orotaz haundizki estimatua zena, Jamattitt Etcheverry, bertze hazpandar Misionest idatzien arabera.

« Ez nuke airerat mintzatu nahi apez hori aipatzean, dio Etcheverry Misionestak. Halakoa zen bera, xuxena, delikatua eta kartsua. Deramagun beraz, solasa, mailka, iraziz eta izariz.

Misionesta zen, gure ikastetxeko buruzagia. Untsalaz, behar nuke erran, zoin lorioski bururatu dituen bi kargu horiek. Bainan, haundixkoa Iitaike ahamen hori ! Bizkitartean, hurbildanik ezagutu duten guziek aitortu dute, Eskual-Herriak galdu duela bere apez argitu, eta kartsuenetarik bat.

Berak, etzituen deus guzitan onhartuko solas gisa horiek : hain baitzen ixila eta gordea. Bainan, halarikan ere, hartaz mintzatuko gira, duda mudan egon gabe. Hura bezalako apez saindu baten etsenplu, ibil-molde ederrek ongiari buruz, sustatzen dute gu bezalakoa...

Bere biziko denbora gehiena, eskola emaiten iragan du, OSSINIRY Apezak. Izana gatik jakintsun haundi eta adimendu zorrotzekoa, berrogoi-ta-sei urtez arizan da arta haundienarekin, hamar-hamabi urteko haurren eskolatzen. Gaude, ote zuen parerik lan hortako, ingurune hautan. Etzen sekulan galduko, han nunbait, ezin helduzko kasko batzuetan, bainan, bere argi guziak jauts arazten zituen haurren menerat. « Haur bakotxak badu bere gisako hartzea. Baditu haren adimenduak ozka bereziak, heietan behar baitzaio helarazi bere alha, batere lotzekotz”, zion berak.

OSSINIRY jaunak, hein bat ederki ahamentzen eta xehatzen zuen, haurren izpiritueri zoakoten hazkurria, erakaspen gorenak sar-araziz, konparantza eta itxurapenen medioz. Eta haren karra, erakusteko! Buru ahul, ikasle hurriek berek, etzuten lokartzeko lanik. Ez bazter, bide xuxenetik! Bertzenaz, kasu, mehatxu eta haize galernari. Burua torra, ezpainak tinka, begiak itzul, pindarra zariola abiatuko zen, apez gaixoa! Damurik ginen gutixko kilikatzen, ginakielakotz dena bihotza zela eta hein batean geldituko zirela, aipatu ortzi-ximixtak.

Izpirituaren argitzeaz bertzerik bilatzen zuen oraino, OSSINIRY jaunak. Sortzetikako dohainak eta geroztik ikasiak, oro, Jainkoari itzuliak zauzkan. Haren gogoa eta bihotza, goiti zagotzin idekiak, zabal-zabala. Eta hortakotz, gisa guzietarat bermatu da, Jainkozko amodio sainduaren pizterat haurren arimetan. Katixima denboran bereziki mintzo zen, Jainkoari zor dugun amodioaz, haur guziak ginauzkala ahurrean bezala, begiak harmaturik hari beha landatuak.

Ixtudianteri bezala, bertze girixtinoeri ere ongi ederrik egin du. Zonbait kontseilu zuhur emanik joan da, orduko gaztek, zahartu-ta ere ez ahanztekoak.

Hazpandarrek bereziki estimu haunditan zaukaten, berek zioten bezala, "OSSINIRY saindua". Etzen ustegabetarik hola entzuna jendetan. Otoitz egile kartsua, bere apez eginbideeri errotik jarraikia. Egundaino ez dugu aditu apez hori, hitz baten erraiten norbaiten mendratzeko. Orori zerbait eskualde onik hatzemaiten zeien. Zinez mintzo baitzen, eta ez batere aho berokeriaz. Jende herratsua, orotaz arrangura da : itzalik baizik ez du ikusten bertzetan. Herra ikatzaren pare da : erretzen ez badu, beltzatu behar du. OSSINIRY harek aldiz, arimak maite zituelakotz eta berak, arima osoki ona zuelakotz, eder ikusten zituen banazka, oro.

Bertzalde, haren gogoa, maizenik eta goxokienik, gutarteko jendearekin zen. Tuntik etzen haundikaria, nor nahirekin eleketa gelditua Hazparneko karrikan. Betidanikakoa zuen lañotasun hori ; bakotxari zur beretik ziria emanez, bainan beti ele ona, buruak eta bihotzak manatzen zioten bezala.

Misionestegian sar-eta, bere lana zuen : kurutzearen bidea eta berdin, oren osoa belauniko Sakramendu Sainduaren aintzinean.

Azken zortzi ilabeteak ereman zituen, eritasun izigarri batek joa. Orduan ere, bere burua ahantzirik, bertzen onaz griñatua zen. Huna froga bat, bertze hainbertzeren artetik. Agonian sartzerat joan, jadanik begiak lano batez hartuak, azken indarrak bildurik, ezin eta ahalka, hatsaz beraz erran zauztan hitz hauk –dio, Jamattitt Etcheverri-k: « Emanen duzu... liburua... sainduen bizia holako mutilari... on eginen baitio... ». Geroztik etzen mintzatu. OSSINIRY maiteak, bere bizia eman zuen arimen salbatzeko. Bere azken hatsa eman eztiki, sainduki, begiak kurutzefikari buruz landatuak, kolejioko haurrak harentzat kaperan, Salve Regina-ren kantatzen ari ziren memento berean.

Azken hitz bat.
Egun batez, Clément Mathieu, Uztaritzeko Superior eta Landesetako apezpiku gaiak erran zauzkidan, ezin ahantzizko solas hauek, –dio beti, Jamattit Etheverry-k : « Pour moi, le Père OSSINIRY est l'homme vénérable par excellence, le prêtre intégral, le saint prêtre. »

Ikusten duzuen bezala zerbait zakiena mintzo zen. Zinezko zilarkina baitzen, jaun hori, herronka hortako urrerian, joieria.

LAURENT APESTEGUY Hazparneko Misionesta izpiritu argitua eta idazlaria

Hazparneko misionestak aipu ditugu azken mintzaldi hauetan ; egun, LAURENT APESTEGUY Misionestaz eginen dugu emankizun hau. Donibane Zaharreko semea zen Apez hau, eta guziz famatua izan zen bere denboran, Izpiritu argia, pereikari gaitza eta idazle ezagutua. 1928-ko urtean zendu zen, 40 urtetan. Jamattik Etcheverry Misionesta mintzo da huntaz.

"Buru onak liburu ona balio du", dio erran zaharrak. Ah ! Segur, zuhur hitz horrek deplauki erakusterat emaiten dauku , nolakoak zitazken, APESTEGUY misionest zenaren dohainak. 1928 urteko, urtarrilaren 27an, APESTEGUY Misionesta zendu zenean, Jean ST-PIERRE, apezpikugai talendutsua bezain maitagarriak, idazten zituen hitz hauek : « Bazuen izpiritu bat zorrotza, hartze bat miresgarria, ikusiak oro beretzen baitzituen eta bere molde hartan inguraturik, argiago eta beroago agertarazten. Dohain eder hori zuen Hazparneko Misionestak, deneri emana ez dena, adibidez, nola sasipeko uzkinazoak, kirriskatuz adiarazten duen bere karranka motza, errexiñolak aldiz, bazter guziak airosten ditu, gurguria ezti, kantu-xaramela miresgarriaz. Hunen pare zen, Hazparneko misionesta.”

Pereikari gaitza, bainan ere, idazle paregabea. Mende hunen hastapenean, “La Croix” egunkariak muntatu zuen, 1910-eko urtean, zoingehiagoka bat arras Iaketa : helarazi zuen, Frantziako apez gazte guzieri, usaiaz kanpoko mezu hau : "Hea ba, zoinek eginen duen zuen artean artikulu, lerro-alde ederrena, erlisione sainduaren alde. Harek izanen du lehen prima".

Frantziako lau hegaletarik igorriak izan ziren gai hartako artikulu bereziak. Ordu hartan, APESTEGUY, bikari zen Donibane Garazin. Harek zendako ez ? — igorri zuen delako artikulua. Dudarik ezta irakaspen mamitsuenez orratua eta hizkuntza pollitenez troxatua zela, eskualdun bikari gaztearen lerro-aldea. Halako gisaz, nun ukan baitzuen, Frantzia guziko lehen prima, parez-par emana, Eugène Duplessy, paristar apez liburu egilearekin. Etzen beraz, APESTEGI-ren lana, ahurrean purtzukatzen den zerga paper higuina ! Egiari zor dut erraitea, -dio Etcheverry misionestak-, apez horrek kudeatu dituela, izkirioz eta kaseten medioz, gataska-eztabada batzu gatz-biperretan ongi kausituak.

Hala nola, HARRIET, Donibaneko uxerak bai eta ere, J.-P. BRANA, Lekuineko errientak, ukan zituzten torraldi batzu arras saminak. APESTEGI-ren lumak xixtatzen zuen segur, bainan eztu sekulan nihor larrutu ez kolpatu. Bertzeak bertze, arras zirtolaria omen zen. Misionest zaharrek kondatzen zituzten , haren ateraldi ziliportatsuak. Denak ezin aipa hemen, huna batto bederen.

Denbora batez, misionestegiko apez moltseroa, arras dorpea zen beretzat. Ohartu gabean, seguraz ere, etzen batere misionest lagunen mahainaz galtzerat ekarria... Zer ! Petiri Santz etxe saindu hortan ? Apez horiek iguzkia janari ? Etzitazken hortaratuak ! Bakarrik, GIEURE jaun apezpikuak zerbait lelo entzun zukeen. Etorri zen beraz Hazparnerat. Elgarretaratu zituen apez guziak. Eta itzulirik jaun ekonomari buruz, erran zion : « Ongi artatzen ditutzu bederen zure apez lagunak ?» APESTEGI-k eman zituen, nihork galdegiten etzituen argitasunak : « Monseigneur, gure jaun ekonoma saindu bat da, zeru-lurren artean bizi, lur huntako xeheteriez griñatu gabe. Aspaldi huntan, gure saieko arnoa ozpindua dugu. Igandetako kafe hori, misionest zaharren zapet jusez egina da. Eta gure oilaxko guziak, zaharturik hiltzen dira, hesi zokoetan. » Hitz horiek aditzearekin, deneri irria nausitu. Bai eta, gure etxe gizonak bertzelako xedeak hartu, eta haindik harateko hazbidea finkatu misionestegian.

APESTEGUY, zirtolaria zen, bainan bazuen nortarik hartze : bere aita ere eleketari pollita zuen. Ixtorio labur bat kondatuko dautzuet gizon horren gaiean.
Misione bat predeikatu ginuen 1932 urtean, Donazaharreko herrian, dio Jamattit Etcheverry misionestak. Denak akabatu ondoan izan ginen, APESTEGUY zenaren aitaren ikusten. Adin ederra zuen : 93 urte ! Gure predeiku guzietan ibilia zen, dio beti, Etcheverry Misionestak. Ene misionest lagunak egin zion galde bat, bitzia bezain perilosa... «Apesteguy Jauna, zer diozu gure predeikuez ? » Eta gure xahar bipilak hitzetik hortzerat arrapostua : «Ah, pfut ! Ziek erran guzien gatik, berriz ezkontzeko prest nizala ! » Hatxemazue hori eta berokian ezar bonet azpian !

Zerk helarazi du, hoin gora eta denbora laburrez, Laurent APESTEGUY misionesta ? Oroz gainetik, fedeak eta laneko karrak. Gizonaren iturri garbiena hortan dago. Behin baino gehiagotan errana izan da : gizonak bere bete betea emaitekotz, ibili behar duela, eskuz-esku, Jainkoarekin. Nola ez gira beraz lehiatuko, misionest horren orhoitzapenaren artoski beiratzerat ? Ez dukegu baliosagorik, gure bidearen argitzeko eta gure urratsen ongiari buruz sustatzeko.


PIARRES LARZABAL Apeza, Hazparnen bikario izana, Hazparneeta Hazpandarrez mintzo (lehen partea - Pedrito Choribit, Léon Itcia, Galarrotsak).

PIARRES LARZABAL Apezaz eginen ditugu, hemendik goiti, zenbeit emankizun. Hau luzaz Hazparnen egona zen bikario eta Hazparnen ere, muntatu zituen hainbat antzerki.

Piarres LARZABAL, 1915eko rnaiatzaren 5ean, sortu zen, Azkaine Mitxelenean. Aita, Alexandre Larzabal, Urruñako Olhetan sorturik , Azkainera etorria zen. Ama, berriz, Maria Carrera, Bidasoako Bera herrian sortua zen eta gero, Sararat jina. Biak, gazterik ezkondu ziren Mitxelenera, baina laster, 1914eko gerlak berexi zituen. Haur beharretan utzi zuen laguna eta gerlarat juan behar izan zuen. Maiatzaren 7an sortu zitzaioten, Piarres semea.

1926an, Hazparneko ikastetxean sartu zen eta han iragan zituen bi urte, Hiriart-Urruty Hazparne-
Latsaldeko apezaren zuzendaritzapean. Hazparnetik lekora, Uztaritzeko seminarioan sartu zen eta ondotik, bizpahiru urtez, Donibane-Lohizuneko ostatu zerbitzuan lan egin ondoan, soldadugoa aitzinatu zuen Piarres Larzabalek eta, 1933ko udazkenean, Parisera deitua izan zen soldado. Zenbeit urte berantago, Gerlaren lehen urtetan, preso egon zen Alemanian. Handik gibeleratekoan etorri zen Hazparnerat bikario. Apez hunek, Hazparnez badu asko idatzirik, bereziki Hazparneko herri huntan ezagutu izan dituen zenbeit jendetaz. Idatzi horien bilduma laburpen batean berak kondatuko dauzkizue nor edo zer gertakari bizi izan duen Hazparne huntan :

« Preso tokietarik etorri-eta, Hazparnera itzuli nintzelarik, ez nintzen leku arrotzean sartzen, ez bakarrik 1939an apeztu orduko, zenbait aste han iraganak nituelakotz, bainan, haurrean, apez izaiteko xedea agertu niolarik Debidart erretorari, hunek Hazparneko kolejiora igorri baininduen eta han iragan bainituen, ikasle bezala, bi urte.”

*Piarres Larzabalek ongi ezagutu zuen PEDRITO CHORIBIT, huna zer erraiten zuen bere adixkide min huntaz :

« Hazparnera itzultzeko, banituen herri hortan aspaldiko ezagun eta adiskideak. Hala nola, Pedrito CHORIBIT nere eskolako laguna. Uztaritzetik landa, Chilen egona zen, han baitzuen bere aitak zapataintza handi bat. Bainan, osasunik ez izanez, itzuli zen sorterrira eta, bere izeba eta arrebarekin, etxen kokatu. Maiz ibiltzen nintzaioten ikusten. Haren arreba, Mayik, aski eskolatua baitzen, eta osoki euskalzalea, asko lagundu ninduen antzerki lanetan.
Pedrito bera, gizon eder bat zen, harri edo zur lanetan eta margolaritzan artista ona: bazituen berak margoturik, Mirande erretoraren itxura eta Saint-Pierre apezpikuarena. Eta zimentaz oraturik, Bidarrai Erramundegiko Ama Birjina eta Hazparne Labirikoa bai eta, Basenerrekakoa. Bainan, jite bortitzekoa zen nere adiskidea: Gaitzeko kasailak iragaiten zituen bere etxekoekin. Hazparneko burgesia edo apezeria lotsarazten ere bazekien ordea. Geroxago, Donostiako alaba batekin ezkondu zen. Bere gaitza aldiz, fede handiarekin jasan ondoan, adin gordinean hil zen.
Egia da gazte denborako lokarriak maiz iraunkorrak direla eta ongi heltzen ere biziko ordu latzetan. Hori gertatu zitzaitan nihauri, Pedrito CHORIBIT-ekin, Hazparnen iragan urteetan. Bainan bazekien, berak berdin egin zezakeela nerekin.
Gau batez, haren arreba Mayi jin zitzaitan, asaldaturik, anaiak nahi zuela berehala beribil berria estrenatu; joanen nintzaionetz lehen ateraldia egiteko laguntzera; zer gerta ere, absoluzione emailea, ondoan, nahi zuen anaiak. Bastidako aldera jo ginuen beraz, gauez-gau, 150 bat kilometroko abailan. Osorik itzuli ginen, Jainkoari esker, Pedrito eta biak, nahiz biak izerdi lapetan. Horra nolakoa zen Pedrito nere adiskidea ».

*Aipatzen zuen ere, LEON ITCIA jauna.

« Aspalditik ezagutzen nuen ere, plazako Alzieta ondoan, Zikite karrikan, Léon ITCIA, pilotari ohia, oihal saltzen, Azkaingo gure etxeraino ibilia zena. Emazte on bat bazuen. Haurrik ez zuten, bainan usu beren etxean zaukaten, ni baino zahartxagoko beren iloba, neskatxa bat, oilandatzen hasia.
Hazparneko ikastetxera etorri nintzelarik, maiz bazkaltzera gomitatzen ninduen Leon Itciak. Behin, ihauteriak baitziren, eta beraz Hazparnen behi lasterrak, joan ginen, Leonen iloba eta ni, behi lasterren ikustera. Debeku guziengatik, gehiegi hurbildurik behiari, animaleak itzulipurdika igorri ninduen. Ez zaitan behiak min handirik egin, bainan neska lagunak bi zaflako eman zaizkidan, ikas nezan obeditzen. Hazparnera bikari jin nintzelarik, nihaurek behar bainuen benedikatu Itcia ilobaren ezkontza, ene predikuan abisatu nuen haren senarra, kasu eman zezan bere andrearen zaineri, zein errex samurtzen zen frogatua bainuen, aspaldi lehen. »

*Gertakari latz bat ere gertatu zen ordu haietan Elizaberriko Auzoan, huna Piarres Larzabalek zer zion hortaz : « Galarrotsak».

“Bertze antzerki mota bat antolatu zuten ere gazte batzuek, ni Hazparnen nintzen azken denboretan. Nere laguntzarik gabe, egia erran, nahiz gertakari horrek oihartzun izigarria izan zuen hedabideetan.
Galarrotsen ohidura biziki zaharra da Euskal Herrian: lehen, alargun bat zebiletarik berriz ezkontzekotan, auzoko gaztek «zerga» berezi bat galdegiten zioten. «Zerga» hura zen, gehienetan, hunenbertzeko bat pinta arno. Bertzenaz, galarrotsak jotzen ziozkaten. Haurra nintzelarik, Azkainen, orroit naiz, galarrotsei jarraikirik: Jandarmak lasterka zabiltzan arramantza egileen ondotik, zeren nehork ez baitzezakeen begirik hets, harrabotsarengatik.
Holako zerbait gertatu zen beraz, Hazparne Elizaberriko kartierean: alargun batek ez zion amore eman gazteriari eta galarrotsak muntatu ziozkaten. Gau guziez elgarretaratzen ziren, haren etxe aitzinean eta sekulako arramantza egiten zuten, edozein tresnarekin, atabal, untzi, kasa, turruta eta bertze zernahi.
Bainan, ixtorioa gaizki bururatu zen aldi huntan: Tiro egin zuen norbaitek arramantza egileeri buruz; hil bat izan zen eta kolpatu bat bederen.
Auzoko gazte bat, ehortzketako kurutzeketaria, akusatua izan zen. Jandarmek gelditu zuten, Baionara ereman, han zafratu, eta libratzearekin mehatxatu, joanen zitzaizkiola berriz galdezkatzera eta bere krima aitorraraztera. Ondoko egun batez, ikusi zituelarik jandarmak, etxeko alorra goiti heldu haren bila, etxetik ihes egin zuen gizon gazteak eta, oihanera joan zen, bere burua urkatzera.
Berri lazgarri horietaz jabeturik, Pariseko kazetari zirtzil batzu etorri ziren Hazparneraino, beren zozokeriez apaindurik, berri «arraro» horien saltzeko gero irakurleeri eta, lurra baino beherago ezartzeko gure gazteria. Hasi ziren mutil gaizo batzuen edan-arazten, heien, hilerrietara eremaiten eta han , argazkitan hartzen, hots, beren zinema antolatzen.
Hortakotz, gure gazte batzu elkartu ziren eta erabaki zuten kazetari horietarik bat behar zutela bahitu, oihan beltzera ereman eta, minik egin gabe, larrugorritan utzi. Hazpandarrek beren xedea bete aitzin ordea, Paristar guziak, menturaz norbaitek abisaturik, itzuli ziren Parisera.
Elizaberriko gainetan gertatu ixtorio ilun horrek orroitaraz zezakeen kartier berean gertatu bertze gertakari triste bat, Plumagaineko premu galerianoaren ixtorioa, nihaurek «Bordaxuri» antzerkiaren gai hartu nuena.”

PIARRES LARZABAL Apeza, Hazparnenbikario izana, Hazparnez eta Hazpandarrez mintzo (2garren partea - Erramun Idieder, Manex Arbeletche, Laurent Ayerza)

*Piarres Larzabal Apeza zauku oraino mintzo. MIRANDE Hazparneko Erretor ohiaren denboratik hasten da egungo emankizun huntan :

« MIRANDE jaun erretoraren laguntzera etorri nintzelarik, apez lagun frango aurkitu nituen herrian. Ez naiz mintzo Hazparnen sortu apezez, baitzen heietarik frango toki askotan, bainan bai, Hazparnen berean, parropian, kolejioan, misionesteian edo auzo herrietan, denbora hartan, lan egiten zutenez. Ez ditut hemen zenbait baizik aipatuko, nahiz bertze batzuekin maizago kurutzatzen nintzen, hala nola, Dohoztiriko Moulier Oxobi edo Gerezietako Elissalde Zerbitzari, bi euskaltzain arrantzale kideekin.»

*ERRAMUN IDIEDER, berantago Hazparneko erretor izan zena, aipatzen du orai.

«Hazparnen izan ditut zazpi bikari lagun. Heietarik lehena, ERRAMUN IDIEDER, Orzaiztarra sortzez, euskaltzalea, bainan ez abertzalea; guziz frantses eskuinaren aldekoa. Bihotz ona zuen eta ez zen demendrenik maltzurra. Aitortu behar dut, Hazpandar jauntto batzuek nere kontrako jukutria bat muntatu zutelarik, apezpikutegiko inguruetan, Idiederrek ninduela abisatu, aski goiz, ene burua defendatzeko gisan.

Bertzalde, muslaria, eta pilotaria ere, zen, bainan bi jokoetan berdin zikanatzailea. Behin, Hazparneko trinkete zaharrean, pilotan ari izanik, gaitzeko kalapita izan zuen, kasik joka hasteraino, Ximun Duhour, orduan istudiant zen gazte batekin.

Bertze ixtorio bat gogoratzen daut oraino, Idiederren orroitzapenak: gizon xahar bat hil zitzaikun Urkoiko mugan, Mendia izeneko etxean. Orduan, norbait hiltzen zelarik, ehortzketen bezperan, auzoko bi gizonek hilaren etxera eremaiten zituzten, kurutzearekin batean, biharamuneko apezaren eliza atorra eta estola. Hola egin zuten hor ere.

Ehortzketa egiteko nere aldia baitzen, biharamun goizean joan nintzen hilaren bila. Elizatik urruneko etxeen ohidura zen bezala, eskaini zaitaten askaria eta ni askaldu. Gero, hango emazte xaharrari eskatu niozkan apez jantziak, bainan puska horiek neretzat zirela entzutearekin, xaharra harritu zen: Hilari soinean emanak ziozkan, kutxaren barnean, ustez eta haren beztitzeko ziren. Karrikako lehen etxeetara heltzearekin, bertze apez bat etorri ohi baitzen bidera beretterrekin, egun hartan Idieder etorri zitzaitan. Ni ikustearekin, elizako jantzirik gabe heldu, ez zen guti harritu. Bi hitzez salatu nion zer zen gertatzen: «Hiri baizik ez duk holakorik gertatzen!» zaitan komentatu. Elizan sartzean, bertze musikarik zen Jaun erretorarekin, hunek nahi baitzuen, hilerrietan hil kutxa idekaraz nezan, eliza jantziak berreskuratzeko. Ez adituarena egin nuen. Sekula noizbait norbaitek puska horiek aurki balitza lurpean, jakin beza, apez beztiturik kausituko duen gorputza, ez dela batere apez batena, bainan Mendia izeneko laborari xahar batena.

Geroztik, Erramun Idieder bera ere, Hazparneko erretor egonik, Donibanera erretiratu zen. Ordukotz zorigaitzez hila zen, Donibaneko arrantzaleen apez higaturik, Kaiet Idiartegaray gure adiskide ona. Alta, denbora batez atsegin ginuen Erramun eta Kaiet elgarrekin musean arraraztea, biak berdin baitziren jokolari sutsuak.»

*Mintzo zen ere MANEX ARBELETCHE bertze Hazparneko bikario batez.

«Anaiak bezala ginen MANEX ARBELETCHE eta ni: biak adin berekoak, biek gerla egina eta biak preso egonak, biak omore onekoak eta biek irria maite. Halere bere mintza eta jokamoldeetan ni baino arinago eta moldegaitzago beharbada. Ttipia zelarik, Belokeko serora beneditanoetara joan omen zen behin, eta han, gasnategiko panderuan erori. Presoner zelarik aldiz, Alemaniako etxalde batean langile, ahantzi zuen zerri pixa-ziloaren tapatzea eta zilo hartan erori zen etxeko nausia, «Hans» deitzen baitzuten, alemanez Manex, «Hans»-ek entzun zituen bereak eta asto beltxarenak.

Hazparneko ohidura zen igandeko meza nagusian, prediku aitzin, ezkontzera zoazin herritarren izenak edo «banak» adieraztea. Hain zuzen, Henri Andrein Hazparneko jaun auzapeza ezkontzera zoala, ez zen bertze berririk aipu herriko lantegi guzietan. Jendea igandeko meza nagusiaren beha zagon. Arbeletche apezaren aldi zen egun hartako «banak» agertzea. Agerraldi horren formula, betitik hunela eman ohi zen elizan: «Hau da "bana" hauen lehen eta azken agerraldia». Bainan egun hartan, jaun bikarioari desbideratu zitzaion mihia eta atera zuen, auzapezaren izena aipatu eta: «Hau da gizon hunen lehen eta azken ezkontaldia». Jaun auzapezak berak barkatu zion bekatua bere kusiari, baitzakien ez zela maleziaz ari izana, bainan erran behar da, kurritu zela berria bazterretan. Gaur, Manex Arbeletche, nere lagun maitea, bertze munduan da: auto istripu batean enbalierturik erretiratu zen erretorgoatik eta gero hil, Garazi aldean."

*Piarres Larzabal apez idazlariak, aipatzen du LAURENT AYERZA.

« LAURENT AYERZA zen hazpandar mutil zahar bat, seminarioan egonik, apezteari uko egin ondoan, bere bizi guzia eskola giristinoko irakasle higatu zuena. Bere eskola aitzinean bazituen bizpahiru ezkiondo eder. Une oroz, bere ikasleekin biltzen zituen ondo horien loreak, adiskideri eskaintzeko gisan arratseko tillura. Ayerzak berak prestatzen zuen tillura, guk ekartzen ginuen rhuma eta gero hasten ziren mus partidak eta solasketak.

Ayerzaeneko lagundian biltzen ginen, parropiako bikariez bertzalde, Gaineko karrikatik, Henri Andrein farmaziena eta Louis Eteheverry okina. Kolejiotik, Berrouet eta Oxoby apezak. Misionesteitik, aita Luro eta Larrart. Arrangoitzetik edo Uztaritzetik, Leon Leon, apez idazle ezaguna eta, etxeko nagusiarentzat, gogoz eta bihotzez lagunik hurbilena. Zenbait irri zaflaren artetik, elgarrekin kurritzen ginituen herriko berriak eta munduko gora-beherak.

Alemanen denboran ordea, arratseko hamarretan argi guziak itzali behar zirelarik, gure bi lagun, ontsa afaldurik, ez zirena, Gaineko karrikan gora, irrintzinaka hasi? Alemanak ondotik abiaturik, bi lagunek ihes egin zuten Kolejiora. Etsaiak joan ziren hara, Lopez de la Vega Superiora eta Gaztelu direktura gaizkitzera. Bi buruzagiek harroaldi ederra eman zioten bi hobenduneri. Orduan, hauenganik izan ginituen xehetasunak Ayerzaeneko bilkuran. Entzutekoak ziren berriketarien erasiak. Zinez, ahulak eta ezdeusak agertu omen ziren, etsaiaren aitzinean, bi buruzagiak. Bizkitartean, bi lekukoetarik batek zuzendu zuen: «Egia erran, Superiora bai norbait duk, bazakik buru egiten, bainan Gaztelu, tirrit, deus ez duk, perttoli bat!». Horra nola, gutartean, neurtzen eta haztatzen ziren batzu eta bertzeak, Ayerzaren bilkuretan.»

PIARRES LARZABAL Apeza Hazparnen bikario izana Hazparnez eta Hazpandarrez mintzo (3garren partea : Lissar auzapeza - Mattiu medikua - Blandi)

*Piarres Larzabal Hazparnen egon zelarik bikario, tokiko jende asko ezagutu zituen. Jende xehe ala larri, berak zion bezala. Hauek aipatuko ditugu egun ere, azken emankizunetan hasiak giren moldean.

*LISSAR AUZAPEZA aipatzen du.

« Hala nola, Hazparneko auzapeza orduan, JEAN LISSAR zenaturra zen. Aski hurbildik ezagutu dut jaun hori. Sortzez Kanboarra, ofizioz medikua, mende hastapenean Hazparneko auzapez eta deputatu zen. Xemartin-Harriague Morroxkoren alargunarekin ezkondurik, aberats okitua bilakatu zen. 1914eko gerla ondoan, sartu zen lehenik herriko etxean eta gero, Pariseko legebiltzarrean, bere fortunari esker.

Jadanik, berak bere sakelatik ordaindurik, Urtsuko ura ekarria zuen Hazparneko etxe gehienetara. Berak zituen ere ordainduak, elizaren eraikitzeko egin azken zorrak. Bertzalde, anitz jende bazabilan alde orotarik, haren ondotik, diru eske, eta erran behar da, bazakiela emaiten. Ez zuen halere ahanzten, harenganik zerbait ukan zuena, harekin zorretan gelditzen zela. Fede azkarreko gizona zen bertzalde.

Hazparnera etorri nintzelarik, diru poxi bat eskaini zaitan gazteentzat, erranez, "pentsatzen zuela, aitzineko bikarien «usaia oneri» jarraikiko nintzela eta, bozketako sasoian, gazte horiek haren zerbitzuko izanen zirela". Nere erreposta fermua izan zen: "Ez zezala pentsa ni sartuko nintzela haren politika lanetan. Gure gaztek hartuko zutela, bakotxak bere gustuko jokamoldea, libroki, eta ene laguntzarik gabe. Ez bazen ene egitatearekin ados, otoi ereman zezala gibelera eskaintzen zaitan dirua." Solas horiek harritu bide zuten jaun auzapeza, zeren eta, luzaz mintzatu baitzen, eskuin eta ezker, ene erantzunaz. Ez dakit horrengatik zen, ala zergatik, Lissar-ek estimu handitan hartu ninduen, eta maiz solastatu izan zen geroztik nerekin, hil arteraino.

Gogoan dut bereziki, gerla denboran gertatu zitzaikun ixtorio bat: gosetea aipu zen jadanik Hazparnen gerla hastean, eta entzun nuen kondatzen, ene aitzineko bikari bat izan zela, behin, etxe batean. Etxekandereak erran omen zion apezari: «Gogotik eskainiko nautzun Jauna, ogi ta gasna puska bat, bainan, oraiko ogi beltz hortarik dugu ogia». Jaunak ihardetsi: «Ba, guk ere hortarik dugu. Emazu duzunetik». Hortan, etxekandereak: «Egia erran, Jauna, ogi beltzik ere ez dugu». Jaun bikariak orduan: «Hori da hori, beltza!»

Gauzak ez baitziren ordea hobekitu, bereziki langileen etxeetan, langile buruetarik batek, Joseph Driolletek, galdatu zaitan nahi nuenez ararteko izan, Lissar jaunari eskatzeko, bere Larrondoko lurrak, langileen baratzetzat eman zitzan. Delako lurrak, artzain batek zituen ordurarte alokatzen, frango merke, ardientzat. Langilen proposamena entzutearekin, haserre gorrian sartu zen Lissar jauna : "Ean hari tokatzen ote zitzaion langileen laguntzea, lantegi bakar bat ere ez zuela bererik. Ez ote zen bertze nehor hura baino lehen ikusi behar?" Bainakien nola mintza jaun horri, ihardetsi nion gogor-gogorra : "ez nintzaiola batere eske joana, «afera on» baten proposatzera baizik." Orduan, eztitu zen gure gizona eta hitzeman zaitan, Martin Harriague bere koinata igorriko zuela afera hortaz mintzatzera. Hola egin zuen eta hortik abiatu zen, gaur ezaguna den Larrondoko auzotegi berria.”

*Piarres Larzabalek, "MATTIU" mirikua aipatzen du.

« Bertze jaun bat ere izan da, Hazparnen asko estimatu dutana: HIPPOLYTE MATHIEU jaun medikua, Mathieu apezpikuaren anaia. Maiz, gauaz, jendeek elgarrekin deitzen gintuzten, hura miriku lana egiteko eta ni apez lanerako. Batzuetan, gertatu zait haatik, esku ukaldi baten emaitea medikuari, erizain bezala. Ameriketatik jin sendagailu zenbait banituen, neronek gerla denboran ezagutuak eta entseiatuak, hala nola, erreduren sendatzeko erremedio berri bat. Orroit naiz, karrikako etxe batean sute bat gertaturik, jaun medikuak nere gain utzi zuela presuna baten artatzea, eta hau ontsa sendatu zela.

Gertatu zait ere, «Mattiu»-rekin, Hazparnen erraiten zen bezala, gertakari bitxi batzuen lekuko izaitea: arrats batez, deitu gintuzten biak, plazatik urrun zen etxe batetara. Ba omen zen han emazte bat, arras kinka txarrean. Ohidura ginuen bezala, Mattiu sartu zen lehenik eriaren ganberala, eta ni, atean egon nintzen, guaitan. Apur baten buruan ordea, kalapita handi bat entzun nuen, emazte eriaren eta mirikuaren artean. Oihuka ari zen emaztekia: «Nungo miriku enuxentak entzun du holakorik? Nik, haur bat behar dudala 49 urtetan. Badakit nik, zuk baino hobeki, zer den haur baten ukaitea. Baditut jadanik zazpi ukanak!». Medikuak bere aldetik ihardesten zion: «Zuk, erranik ere nahi duzuna, hor izanen duzu, laster, sortu berria!». Medikuak erran bezala gertatu zen. Neska pollit bat izan zen, nik biharamunean bataiatu nuena.

Bertze behin, kalapita berdintsua izan zen, bainan frantsesez, karrikako bizitegi batean. Gu ikustean, niri jazarri zitzaitan lehenik emaztekia: «Zer dautzu, apez horrek muntatu burua? —erran zion medikuari— Egia da, senarraren ganik berexia naizela, bainan nik errespetatzen dut ene ezkontza! Ez dezake nehork froga ene senarraz bertzerik egundaino sartu dela ene ohean!». Protesta horien ondotik laster, neska bat sortu zen, aldi huntan ere.

Bertzalde, jaun medikuak, bere etxen bazituen bi seme: bat Henri, medikuntza eskoletan zabilana Parisen eta geroztik mediku irakaskuntzako maila gorenera heldua dena. Bertzea, Beñat, dretxoa eginik Bordelen, sorterrira itzultzekoa zena, etxeko xokolet-gintzari jarraikitzeko. Aitortuko dut, amestu nuela, hura bezalako gizon gazte bat, Hazparneko auzapez ikustea, egun batez. Bainan, nik ez bezalako ikusbideak zituen Jainkoak. Zenbait urte geroago, ez ziren guti harritu Hazpandarrak, jakin zutelarik, Beñat Mathieu sartzen zela Belokeko Beneditanoetan. Badu geroztik lan asko eginik, hor gaindi, aita Filipek.”

*BLANDI-z mintzo da orai, Piarres Larzabal.

« Hazparnen nintzelarik, bazebilan gutartean oraino bertze galeriano bat, BLANDI deitzen zena. Aski ongi ezagutu dut. Gizon azkar bat zen, hogeita zenbait urtez galeretan egona, diru faltsu egiten hatxemana izanik. Buhami bat bezala bizi zen, ahal zuen tokian jan eta lo eginez.

Jendeak haren beldur ziren. Berak ez zuen deus jakin nahi apezenganik. Noizean behin solastatzen ginen, bainan deus funtsekorik erran gabe. Bere iraganeko bizitzak basatua zuen eta betizotua. Bainan, ezin ukatua da, norbait zela Blandi eta bere inguruan larderia gaitza zuela. 1950 irian hil zela uste dut. »

PIARRES LARZABAL Apeza Hazparnen bikario izana Hazparnez eta Hazpandarrez mintzo (4garren partea : Langileak - Laborariak )

*Piarres Larzabal, Hazparnen bikario izana denak, Laneko urteak aipatzen dauzku.

*“Bertze ixtorio frango banuke kondatzeko, Hazparneko bikari bezala iragan ditudan bederatzi hamar urteetan gertaturik. Bainan, laneko urteak izan dira neretzat, oroz gainetik, urte heiek.
Bazen ordukotzat Hazparnen, langile zindikata bat, edo hobeki erraiteko, baziren bi zindikata: zeren eta 1936an, ezkerreko alderdiak nagusitu zirelarik Frantzian, eta Blum-en gobernu gorri zozialista sortu zelarik, «Confédération Générale du Travail» edo C.G.T. zindikataren adar bat abiatu zuten Hazparnen, Baionatik jinik, komunista batzuek.

Nagusiek orduan, hari kontra egiteko, muntatu zuten bertze zindikata bat, giristinoa omen zena. Bainan, nagusiek berek, beren bulegoetan hautatuak zituztela hunen buruzagiak; jakinez geroz, asmatuko da errexki ez zuela estimu handirik izan zindikata horrek, herriko langileen artean.
Gero gerla etorri zen. Alemanak nagusitu ziren eta zindikata guziak ixildu. Ni aldiz, Alemaniatik Hazparnera itzuli ondoan, hasi nintzen «Langile gazte kristauen» edo J.O.C.-ko bilkuren egiten. Mogimendu horrek nahi zuen bezala, entseiatzen nintzen, Elizaren erakaspen zozialen arabera, langile gazteen moldatzen. Ene xede nagusia zen, alde batetik, gazteen argitzea, giza ala fede jakintzetan, eta bestetik, heien nortasuna finkatzea.

Gazte horiek, lantegietako bozketara agertu zirelarik, lehen aldian, arrakasta guti izan zuten. Menturaz, gaztexei, edo «apez beretter» aire, zirelakotz. Bainan, gauzak aldatu ziren 1945etik aitzina, gerlako presonerak etxera itzuli zirelarik. Orduan, Hazparneko «Confédération Française des Travailleurs Chrétiens», C.F.T.C., zindikata kristauaren buru hautatu zuten, Battitta Blezio.

Buruzagi hori, gizon argia zen, Frantzia guziko zindikataren idazkari nagusi beharra zen, Jacques Tessier-ekin presoner egona eta adiskidetua. Bertzalde, zindikatak berak igorri zituen gazte zenbait eskolatzera, Bordele edo Pariseraino. Sortu ziren ere talde berriak, Luhuson eta Ezpeletan, gero, guziek osatzen zutela Baionan, «Frantziako Langile Kristauen Elkartea», C.F.T.C. deitua : azkenik «Frantziako Langileen Elkartea». C.F.D.T. bilakatu zena.

Zindikalista horietarik batzu, gazterik hil ziren, hala nola, Janbattit Mendiboure -Marcel Mendiboure apezaren anaia- eta, Mattin Hiriart, aita familiako gaztea, ezin ahantzizko militanteak. Bertze zenbaitek, kario ordaindu zuten beren ausartzia, François Etchart eta François Georgeot bezala, lantegietarik kanporatu baitzituzten eta Frantzia behere horietara edo Hego Ameriketaraino joaitera behartu. Gogoan dut ere, Maurice Bortayrou, jasan izan baitu eritasuna, lan gabezia, herritik kanporatzea, zindikalisten guduka gogorra eta, ororen buru, bera eta bere etxekoak jarraiki baitira beren sailari.

Herrian berean, ez zen katazkarik falta izan: hala nola, misioneak zirela eta, misionesten buruzagiak ez zituena J.O.C.-ko mutil eta neskak, eta heien ibilbideak, prediku-alkitik kondenatu? Gaztek izkirioz ihardetsi zioten jaun misionestari, eta hunek, elizapeko salara gomitatu zituen, solastatzera. Berrogoi bat gazte bildu ziren, eta nolazpait, auzia xuritu zuten apezarekin.

Langileriaren iratzartze horrek, mindu zituen Hazparneko nagusi gehienak, hainbertzetaraino nun, arima on batzuek, apezpikutegiko kontseiluari sinetsarazi baitzioten, Hazparneko bikarioak biziki lan hobea egin zezakeela Santa-Graziko mendietan. Bainan,jadanik erran dutan bezala, adiskidek abisatu ninduten aski goiz, eta etsaiaren tiroak huts egin zuen, aldi huntan oraino.

Dena den, ene ikasle ohiek, zindikalismoa indarrean atxiki zuten, lantegiek iraun zuteno bederen, 70 (hirurogoitahamar)eko hamarkadaz geroz alabainan. Hazparneko 14-15 zapata lantegiek ateak hetsi behar izan zituzten, eta heien 1500 langiletarik gutiz gehienek, bertze biderik hartu behar izan zuten. »

*Laborariak aipatzen ditu orai.

*« Hazparnera jin berri nintzelarik, igande goiz batez, elizako sakristian nindagoela, Mirande erretor xaharrarekin, etorri zitzaikun, Sohanoko mutil gazte bat, asaldatua. Nahi zuen, joan zakion laster apez bat, bere urdeen benedikatzera, «konjuratuak» omen baitziren. Jaun erretorak igorri ninduen, zer gertatzen zen ikustera.

Etxeko urdandegiaren inguruan bazen jende multxo bat bildua, eta denen erdian, Zelaitar basa-marexala, Puttiko deitua. Barnean, baziren urde eta zerri mota asko, zerrama eta zerrikume, bargo, hazkai, zuri eta beltzaran, denetarik, bainan denak «konjuratuak». Harriturik zagon so Puttiko: «Ikusi diat ainitz gauza ene bizian, bainan holakorik ez, sekulan!». Abere batzu, etzanik zauden, higitu gabe. Bertze batzu, zalapartaka zabiltzan, jo eskuin, jo ezker. Zenbait, jauzika ari ziren, harri-murrueri goiti igan nahi bezala.

Hola ginaudelarik, bakotxak gure iduripena emaiten, huna nun, emazte pizkor bat, etxekanderea, heldu zaukun, oihuka: "Nik badakit zer duten zerriek: denak mozkorrak dira!». Eta esplikatu zuen: «Barda ogi joitea ginuen eta, afal-ondo, mutur saltsa eta kolpekak. Horiek oro, gure gizonek etxeko izpiritutik sobera edana zutelakotz. Zernahi erran diotet nihaurek, burutik behera, eta, ez zezaten gehiago edan izpiritu tzar hortarik, hondar botoilak zerri bazkara hustu ditut. Horra nola diren mozkortu gure kabala guziak".

Ez dut erraiten, Sohanoko etxe horren heinean zirela Hazparneko laborari etxe guziak, bainan, ez da dudarik, sekulako erreberritzea egin duela laborantzak gure Mendebalde guzian, gerlatik landa.»

*Huna orai, Piarres Larzabalek zer dion JAC mogimenduaz.

« Izan nuen beraz zer egin, laborarien sail hortan, zindikatak, koperatibak eta banku-etxeak sustatzeko, eta horien kudeatzaile gazteak moldatzeko.

Bizpahiru mutiko gaztekin hasi nintzen, J.A.C. edo Laborari Gazte Kristauen bilkurak egiten. Handik laster, 30-40 gaztetaraino elgarretaratu ziren, merkatu arratsaldetan, baserritarrak, Hazparneko bikaritegian. Ahalik eta moldakuntzarik aberatsena heieri eskaintzea, baliabide mota guziak erabiliz, hori zen nere helburua; frantsesez ala euskaraz, ahoz ala izkribuz, entzutez ala ikustez, jakintzazko eta fedezko gaiak, berek ikas eta elgarri irakats zitzaten gazte horiek, nahi nuen.

Bilkura horietan eskolatu eta moldatu ziren, René Ospital Aiherrako auzapez eta kontseilari jeneral zena, Hazparneko Janpiarre Aincy eta Roger Parrot zenak, Frantxoa Abbadie eta Piarres Darraidou, geroztik, Euskal Herritik urrun bizi izanak, edo Hazparne inguruko zenbait herrigizon, hala nola, Beskoitzeko Santiago Eyherabide, Aiherreko Laurent Challet eta Jean-Baptiste Dartaguiette, eta Isturitzeko Xalbat Charritton.»

PIARRES LARZABAL Apeza, Hazparnez eta Hazpandarrez mintzo (5garren partea : Alemanen denboran)

*Beti Piarres Larzabal Apezaren idatzietik, egun aipatuko dugu Alemanen denboran zer gertatu zen Hazparnen.

*«Alemaniatik itzuli berri nintzelarik, «Komandantur»-era zoan telefona haria norbaitek moztu zuen. Alemanek preso hartu gintuzten, zazpi hazpandar, eta heietarik bat, ni. Aleman hizkuntza piska bat zakien bakarra ni bainintzen, neri buruz gaitzeko erasiak eta mehatxuak bota zituen komandanteak, bainan gero, denak libratu gintuen, erranez haatik, berriz holakorik gertatzen bazen, denak fusilatuko gintuela.

Bertze aldi batez, iluntxian, ogi saltzale baten beribilak, soldado aleman bat jo zuen eta, Hazparneko karrika betean, hila aurtiki. Mendekioaren beldurrez, Hazparnetik urrundu zen, istripua egin zuen ogi saltzalea. Lekukoak atera ziren erraiteko, soldadoa mozkorra zela eta, andar batean, bera joan zela autoaren azpira. Duela zenbait urte, Bordeleko karrika batean ikusi nuen, azken aldikotz, beihalako okina eta goxoki aipatu ginuen lehengo orroitzapena.

Bertze gau batez, soldado aleman bat etorri zitzaitan etxera, gordeka. Apezgaia zen eta bere buruzagien jokamoldeaz asea. Nahi zuen lagun nezan Espainiara iragaiten. Autobusean lagundu nuen Azkaineraino, bainekien hango bikarioa, Carrère apeza, nun zabilan. Zorigaitzez, Larrunera buruz zoalarik soldadoa, Alemanek harrapatu zuten eta gero, Azkaingo elizako paretaren kontra fusilatu. Han berean ehortzi zuten ; bainan geroztik, Andde Luberriaga auzapezak, lekuz aldatu zuen gorputza hilerrien barnean. »

*Piarres Larzabalek, ihesliarrak aipatzen ditu, orai.

*« Ene etxean bertze ihesliar mota asko iragan da denbora hartan : batzu, Belokeko Beneditanoek igorririk, bertze zenbait, Baionako adixkideenganik etorririk. Ahal bezala gidatzen ginituen bertze aldera buruz.

Orroitzen naiz, bertzeak bertze, etorri zitzaitala egun batez, Jean de Bourbon delako bat, Pétain marexalaren idazkari egona, omen, Madrilen. Bazuen gordetzeko, zumezko otarre handi bat, artxiboz betea. Zenbait egunez, otarre hura gorde nuen nerekin eta dena miatu, bainan azkenean, lanjerarengatik erre nuen.

Bertze behin, gerlako gure komandante ohia, Pambrun apeza etorri zitzaitan etxera, Alemanenganik ihesi. Zenbait egunen buruan, ixilka, Bernadin Ichorrots adiskideak ereman zuen sasipeko lagunengana. Geroztik, Pambrun kalonjea erretor egona da Pauen.»

*Belokeko sarea, du gaia orai.

« Makur gehiago egiten zion etsaiari, Belokeko Beneditano batzuekin, lagun batzuek antolatua zuten sareak. Bainan egun batez, hartuak izan ziren gure lagunak. Batzu jin ziren gibelera, Baionatik edo Bordeletik, hala nola, Aita Ildephonse eta Hazparneko Tellechea, «Beso motza». Bertzeak aldiz, Dachau eta Alemaniako bertze zelai beldurgarrietara ereman zituzten, hala nola, Belokeko Aita Hondet abadea eta Aita Joannategi priorea.»

*Tiroz hilak izan ziren ere Hazparnen, dio orai, Piarres Larzabalek.

«Ez dezaket bada kapitulu hau utz, aipatu gabe, gure etxeko ondo-ondoan, tiroz hil zituzten bi hazpandar gazteak, Albert Hirigoyen eta Xemartin Tipy. Gerla galtzera zoazela sendi zuten Alemanek eta beren legeak zorrozten ari zituzten. Debekatu zuten, tenore batetik aitzina, etxetik ateratzea.

Gure auzoko hiru gazte, tenorez kanpo, beren etxera sartu nahiz ari ziren, «Abere portuko» kamioi alemanen bazterretik. Guardia alemanak, itzal zenbait hurbil sumatzearekin, izitu ziren eta tiroka hasi. Hiru hazpandarretarik batek, Xobur Dumont «Lumak», baratze barnera jauzi eginez, bizia salbatu zuen.

Bertze bat aldiz, Albert Hirigoyen, «Abere-portua» behera heldu zena, hila erori zen, bere anaiaren leiho azpian.

Eta hirugarrena, Xemartin Tipy, Panpi Tipy gure apezgai lagunaren anaia, odol-hustu zen, luzaz deika ari izanik auzoeri. Hauek, leihoak ideki nahi zituzten aldi oroz, tiroak berriz hasten omen ziren. Azkenean, gibeleko atetik jin ziren auzoak Bikaritegira, gure abisatzera. Ni orduan, joan nintzen oihuen lekura, argia pizturik, besoak altxatuz eta alemanez mintzatuz ahal bezain gora. Soldado alemanek inguratu ninduten eta hurbiltzera utzi, bainan, Albert eta Xemartin, gure bi gazteak hilak ziren, elgarretarik zenbait urratsetan.»

*“Amerikanoak heldu”, aipatzen du orai.

*«Amerikanoak leihorreratu zirelarik Normandian, Londresetik etorri zen manua, gibeletik jazartzeko etsaiari, ahal zen toki guzietan. Bainan, egia erran, Hazparne aldean ari izanak baiginen zenbait lagun, gostarik gusta, bertzalderako bideen zabalik atxikitzen, armarik biltzeko axola handirik gabe egonak ginen.

Mauleko eskualdean armak bazituzten eta oldartu ziren. Hil bat edo bertze izan zen. Zenbait bonba bota zituzten, Alemanek, Mauleko herriaren gainera. Xiberuko sasipetarrek aldiz, Aleman batzu preso hartu zituzten. Ez zen bertzerik izan hemen gaindi.»

PIARRES LARZABAL Apeza, Hazparnenbikario izana, Hazparnez eta Hazpandarrez mintzo (6garren partea : Alemanak joan eta - ALELI-ren kantua - Izengoitiak)

*Egun ere beretik emanen dut ; Piarres Larzabal Apezaren idatzietaz mintzatuko nautzue. Juanden aldian kondatu dugu Hazparne, Alemanen denboran ; gaurko gaian, Piarres Larzabal mintzatzen da, Alemanak juan zirelarik izan ziren gertakariez, orduko Hazparneko egoeraz.

« Hazparneko aldean, erran behar da, Louis Madré familiari esker eta bereziki, André Madré jeneralaren bitartez, lehen taldearekin baginituela aspaldian loturak. Alemanak joan zirelarik, gauaz eta ixilka, batzu Espainiara buruz ihesi, bertzeak Baionara treinaren hartzeko, gu, hamar bat lagun, aitzinetik hitzartu bezala, bildu ginen herriko-etxean. «Comité de Libération» deitu elkartea antolatu ginuen, eta, Louis Madré, geroxago auzapez izanen zena, gure buru izendatu.

Ez zen Hazparnen nahasmendu handirik izan, ez bertze toki askotan bezala odol ixurtzerik, ez emazte batzuen bilo mozterik, nahiz bat edo bertzeri kontseilatu ginion, behin herritik urruntzea. Hazparneko jaun batzu atxikiak izan ziren halere, zenbait egunez, Baionan, Polo-ko sareen barnean preso harturik. Bertzalde, Landesetarik, F.T.P. talde bat etorri zitzaikun, bazterrak nahasi beharrez, bainan, gibelera igorri ginuen, gurez-gure legea egiteko aski handi ginela erakutsirik. »

*Frantses armada berria du gaia orai, Piarres Larzabalek.

« Handik zenbait denboraren buruan, Frantziako gobernu berriak, behar zuela armada berri bat antolatu, Hazparnera etorri zitzaikun, Bordeletik, Chansou jenerala, bertze aitzindari multxo batekin. Soldadogai gazteen prestakuntza nahi zuten antolatu eta horrela, nere gain izan nuen, Goalard jandarme buruarekin, Hazparne, Bastida, Ahurti eta Landesetako Saint-Barthélémy herriko eskualde osoaren buruzagitza.

Ardietsi nuen, nihaurek hautatzea laguntzeko, bi sarjant gai, Xalbat Charritton, Ehulateikoa eta Jean Etcheverry, Xilbendeikoa. Bertzalde, hitzeman zaidaten, ofizioko sarjant bat edo bertze igortzea, Baionatik. Eta bilkurak egiten hasi ginen, larunbat guziez. Haritz-Barnen berean, “manoeuvrak” egiten ginituen, gaztetxetik kanpo, eta batzuetan, joaiten ginen Baionaraino. Horrek, hiru urteko bat iraun zuen eta gero proposatu zaidaten, armadan gelditzea, “lieutenant” graduarekin; bainan nere xede bakarra zen apeztasunari emaitea nere bizi guzia, eta hala egin nuen.”

*Piarres Larzabalek «ALELI»-ren kantua aipatzen dauku.

« Bizkitartean, orroitzen naiz, egun batez, Zelaiko plazara deitu nindutela, «Bitoria»-ren ospatzeko egin nahi zuten «Bandera goititze» batera. «Tanteene»-ko ostatuan aurkitu nuen gizon multxo bat bildua, «Aleli» deitu Behereko Zelaiko gerlari ohi medailadun batekin.

Ene sotana ikustearekin, Aleli-ri gogoratu zitzaion, batzuetan entzuten den erran zaharra: «Erregeak eta Apezak dituguno, beti gerla izanen dugu!» eta bota zuen niri buruz: «Hau apeza duk! Honek behar dik gaur hil! ». Lagunek berehala moztu zioten: «Ago ixilik gizona! Gure komandantea duk Larzabal apeza! ». Eta Alelik orduan: «Bon, Larzabal, ez zaitugu hilen, bainan gurekin trinkatzekotan. » Ihardetsi nion gogotik trinkatuko nuela harekin, bainan frantses bandera goititzearekin, «La Marseillaise» kantatu behar zenaz geroz, hari zoakiola, gerlari ohi medailadun gisa, kantua hastea.

Baietz eta baietz, denak elgarrekin joan ginen pilota plazara. Kantua hasi behar izan zuelarik ordea, Alelik ez zezakeen nehondik airea hatxeman eta, azkenean, atera zuen, hobe ginuela denek ginakien bertze kantu bat kantatzea. Horra nola, Zelaiko pilota plazan, frantses bandera altxatu ginuen, denek batean kantatuz. «La Marseillaise»-en orde... «Iruten ari nuzu» !

*« Izengoitiak » aipatzen ditu orai, Piarres Larzabalek.

“Hazpandarrek dira trufari gaitzak. Non emaiten da hainbertze izengoiti?
*Mirande, gure erretor xaharrari «Sagu xuria» erraiten zitzaion, bilo xuriak baitzituen eta eztia bezain abila baitzen, ateka txar guzietarik ateratzeko.
*Erramun Idieder, haren ordaina, berriz, «Biper beltx» zen; bizi itxura kausitzen zioketen.
*Gu, gorputz txarreko hiru bikari ginen, izengoitia ukan ginuen, «Mediak bi».
*Elizako lehen galerian, ohorezko lekua bazelakotz herriko auzapez eta kontseilarientzat, «Astotegia» deitzen zuten toki hura, Hazpandarrek.
*Ez nuke nehor mindu nahi, bainan gauza jakina da, Ezpeletatik Hazparnera bizitzera etorri gizon larri bati eman ziotela izena, «Ezpeletako mendia».
*Elizako kurutzeketari gotor bati berriz, «Barrika saindua».
*Elizan beti berant sartzen zen andere handi bati, eliza kantu patxadatsu baten arabera, latinez, «Tantum Ergo»-sa.
*Gaztetan, jaun aberats emaztekari baten proposamenak arbuiatu zituen mutxurdin bati, frantsesez, andere «Tuturien»: delako andereak ihardetsi omen baitzion bere jaunari, «Avec moi monsieur, c'est tout ou rien!»
*Bertze zapatain gazte ditxolari bipil bati, espainolez, nork daki zergatik, «Xemartin Mutxatxo»".

PIARRES LARZABAL Apeza, Hazparnen bikario izana, Hazparnez eta Hazpandarrez mintzo (azken partea : Ditxolariak - BOULOGNE-ko Ama Birjina -Piarres Larzabali azken agurrak)

*Azken mintzaldian aipatu bezala, egun bukatuko dugu Piarres Larzabal Apezaren idatzietaz egin sailoa. Behin, Piarres Larzabalek aipatzen ditu Hazparneko ditxolariak.

«Xemartin, Guillamondeguy deitua, gaineko karrikan bizi zen. Haren ateraldiak kurri ziren bazter guzietan eta bereziki, zinezko «elhe kofoinak» deitzen ginituen lantegietan. Bazen, adibidez, Hazketako kartierean, auto-gidari txar fama zuen eiherazain bat. Plazatik urrun zabilala beribilez, eiherazainak hatxeman zuen, Xemartin, oinez joanki. Bere autoarekin gelditu zen, autozaina, eta erran zion: «Errazu Xemartin, zato nerekin, autoan eremanen zaitut!». Bertzeak ihardetsi: «Habil aitzina, mutikoa, presatua nauk!». Zenbat holako ez luke ba kondatzeko, andere Darruspe, Xemartin zenaren alabak!

*Boulogne-ko Ama Birjina aipatzen dauku, orai.

«Orai aski urrun ikusten dugu historia hori, bainan gogoan hartu behar da, Alemanen alde eliza gizon batzuek erabili solas eta urratsek, izan zutela gibelondorik, jende xehearen artean. Adibidez, Hazparneko bikari nintzelarik, ukan nuen, bertze apez ainitzek bezala, Jean Ybarnegaray, Pétain-en ministroaren ganik gutun bat erraiteko, gobernuko eskoletan errientik balin bazen, eskola giristinoen kontra sobera agertzen zenik, jakinaraz giniezaion berari, lehenbailehen. Gaizki heldua zen nerekin, ezen, ene lagun hoberenetarik nuen, Zelaiko errienta, Dibar jauna. Bainan, ez da harritzeko, apez, apezpiku eta kristau batzuen kontrako mugimendu bat abiatu balin bazen bazterretan, gerla ondoan.

Hainbertzenarekin, ez dakit nori gogoratu zitzaion, Frantzia guzian barna ibilaraztea Boulogneko Ama Birjinaren itxura, Frantsesen debozionea berritzeko xedetan. Horra nola etorri zen Hazparneraino, Frantziako itzuli berri hori. Joan ginen, Beskoitzeko zubiraino, herri guzia, erraiteko maneran, Ama Birjinari ongi etorri egitera. Handik, kantuz eta otoitzean, ainitzek ointutsik, itzuli ginen elizara eta gaua, elizan iragan ginuen zenbaitek. Gau osoa han egon zen apez bakarra izan bainintzen, leher egina jeiki nintzela, gogoan daukat oraino. Dena den, Frantsesen otoitzeri eta Amerikanoen «plan Marshall» lagungarriari esker, arras behera eroria ikusia ginuen erresuma «handia»; berriz altxatu zen aski laster. »

*“Zindikata bat ala bi” zen arrangura, erraiten dauku Piarres Larzabalek.

«Eztabada bat ere izan ginuen gerla bururatzean, zindikatak berpiztu zirenean. Galdea zen, ean, langileen intresen zaintzeko, hobe zenez langile guziak zindikata bakarrean elkarretaratzea, ala, langileak libro utzi behar ziren bizpahiru zindikataren artean hautatzeko. Lehen kasuan, langile kristauek, bertze guzien artetik parte hartuz, adiaraz zezaketen beren ikuspegia. Bainan, bazen gibeletik ainitzen beldurra, komunistek menpera zezaten, osoki, delako zindikata bakar hura.

Albert Terrier, Baionako apezpikuak, deitu gintuen kontsultara, langileez arduratzen ginen apez guziak. Jaun apezpikuak ohar bat argitaratu zuen, bere astekarian, langileen zindikatentzat libertatea eskatzeko ».

*Gaia dugu orai, Piarres Larzabalen Hazparneko despedida.

«Nere Hazparneko denbora bururatzera nindoan. 1951an, jaun apezpikuak deitu ninduen erraiteko, ni nintzela menturaz egokiena, Zokoako parropia berriaren eraikitzeko. Jakinez zoin gogorrak ziren baldintzak eta ez zuenaz geroz, ez elizarik, ez apez-etxerik, ez dirurik, nerieskaintzeko -aitortzen zuen apezpikuak- ez zuela nere izendatzeko eskubiderik. Neri zegokidan halere ihardestea, ean, onartzen nuen, Zokoako erretor izendatua izaitea.

Gogoeten egiteko, zortzi egunen epea galdeginik, ihardetsi nuen azkenean: «Bai, onartzen dut». Eta bizikleta harturik, joan nintzen Janbattit Etxeberri, Urruñako erretoraren gana, ene izendapenaren berria emaitera. Urruñako erretor hori zen, ene aspaldiko ezagun eta adiskidea, nere irakasle izana, Uztaritzeko seminarioan. Berehala, gomitatu ninduen, Arotzenea hotelean bazkaltzera eta, auzo berri gisa, lehen solasen egitera ».

*Hazparneko azken apairua kondatzen dauku orai, Piarres Larzabalek.

«Despeditu aitzinetik, Mirande erretorak egin zuen, ene ohoretan, bazkari eder bat. Hortara gomitatu zituen, ez nere adiskideak, bainan Hazparneko auzapeza eta jauneria. Apez xaharra beti izana baitzen mahain mintzalari abila, egun hartan ere hala agertu zen. Jan ondotik erran zituen solasek harritu zituzten ainitz. Huna laburzki zertsu erran zuen: «Erretor naizenaz geroz, nere hamahirugarren bikarioa nuen, Larzabal jauna. Aitortzen dut, bertze bikarioetan, nehork ez nauela hunek bezainbat sofriarazi (Denek: hu, hu, hu!), bainan aitortzen dut ere, heien artean, nehor ez dudala hau bezainbat maitatu (Denak irriz). Jakin behar duzue, Larzabal jaun bikari hunek hartu dituen bideak, egin dituela ez bakarrik, nere jakinean, bainan nere baimen osoarekin. Eta baitezpadako zait, hemendik aitzina, jarraikitzea bide hoieri». Eta bazkal ondoan, azitaren azpian aurkitu nuen paper xaku bat, orduko hamar mila libera zituela barnean. Mirande jaun erretorak ezarriak.

*Huna orai, Hazparneko langileen agurra, Piarres Larzabal bikarioari.

«Ez dut bada ahanztekoa, Hazparnetik urruntzean herriko langileek egin zaidaten agurra. Ez nintzen, ez, nehorengana izan adioen egiten. Ez ginuen nehun egin biltzarrik. Bainan nun nahi bidean zoazilarik, langileak gelditzen ziren eta beren agurrarekin diru apur bat eskura emaiten zaidaten. Ordu arte, sosik gabe bainintzen, hola bildu diru horri esker, izan nuen Zokoako eliza eraikitzen hasteko doia. Bertzela, orduko jukutria batzuez ez dut den gutieneko bihozminik, bainan irri egiten dut, ez baitira horiek izan, beren ustez gizon handiak ziren gizon ttipi batzuen ttipikeriak baizik ».

Huna beraz bukatua Piarres Larzabal Apezak kondatzen zuen bere Hazparneko itzulia.

JOSEP (Jose) MENDIAGUE Hazpandar bertsulari famatua

Egun aipatuko dugu, Josep MENDIAGUE, hazpandar bertsulari famatua. Gizon omentsu huntaz, Rokiague-ko xiberotarrek, pastorala bat egiten ari dute, eta pastorala hau, Hazparnen emanen dute, naski, helduden buruilaren hastapenean.

Bertsulari hunek, Hazparneko karrika bati emana dio bere izena, hain xuxen, bere familia bizi izan den, “Guardatea”, deitzen zen etxe sahetsean den karrikari. Josep Mendiague, erdi – Amerikan URUGUAY erresumako MONTEVIDEO herrian bizi izana da gehienik; handik eman ditu, kantuz, beren bertsu gehientxuak. Bertsularien mailan, Josep MENDIAGUE izan da omentsuenetarik bat. Kasik nehork ez zuen ezagutzen Euskal Herrian, Piarres Charritton jaunak, itzaletik iduzkiratu zuen anartean.

Josep MENDIAGUE-en burrasoak, Mendiague-Larregain senar-emaztek, beren lehen hiru haurrak Hazparnen ukan zituzten, bainan gero, Aldudera joaiteko ordena etorri zitzaien. Hamar urtez, Aldudeko karrikan bizi izan ziren, Frantxua Mendiague guarda eta haren laguna. Aldudan izan zituzten beste zazpi haur eta hauen artean, 1845-ko apirilaren 27an, sortu zitzaien semea, Josep, Ithurburu jaun apezak bataiatu zuena biharamunean. Aitabitxi eta amabitxitako, auzoan hartu zituzten, Josep Inda, Perkainenekoa eta Margarita Mokozain, Etienne Ritou Aldudeko auzapezaren andre beharra. 1848-ko uztailean, guarda ofizioa utzi zuen, Frantxua Mendiaguek eta bere familia guziarekin, emaztea eta gelditzen zitzaion sei haurrekin, Hazparnen bizitzerat berriz etorri zen.

Urte hartan, 3 urte doi-doia zituen Josep MENDIAGUE-ek, Aldude bere sorterritik Hazparnen bizitzera etorri zelarik. Hazparne, herri barreatua da: lehen egonaldian, 1835-1838 artean, MENDIAGUE-tarrak, Ospitalean eta Ospitalegaraian edo Xuhian, hots, beti Zelaia deitu auzotegian, egonak ziren.

Aldi honetan, Hazparne beherean kokatu ziren, eta lehenik, aitaren guarda ondo erretretaren ontzeko arauz, plaza ondoan zegoen, Dukiaineko ostatuan. Lehen urteak, zinez gogorrak izan zitezkeen Hazparnen. Hala ziren eta urte haiek, bereziki jende xehearentzat, Europa guzian. Orai ere, Afrikan gertatzen diren gosete aldien idurikoa omen izan zen, 1846-1847 urtekoa. Historialariek kondatu digute zer ondorio izan zuen aldi gaixto horrek, gure eskualdean ere, Mauleraino eta Hazparneraino, Xiberotarrak asaldatu baitziren Mauleko bihi-saltzaleen kontra; Hazparnen aldiz, langileak jan doia ukan zezan, Aita Garat-Pikasarri misionesteiko buruzagi sainduak, prezioak beheititzea, etxeko-jaunen ganik ardietsi baitzuen. (Hunen ixtorioa, juanden urteko emankizun batean kondatu nautzuen hemendik beretik.)

Josep MENDIAGUE beti danik biziki atxikia izan da Hazparneko herriari. Huntan, gaineko eskolan egin zituen ikasketak eta, ondorioz, adixkide ainitz bazituen Hazparnen, beren bizi osoan lantu dituen adixkidantza beroak. Josep MENDIAGUE, bere adineko asko gazte bezala, hogoi urte zituenetik, erabaki zuen Ameriketarat juaitia. URUGUAY-ko “ENTRE RIOS” herrialderat juan zen, 1865an. Jadanik, bertsutan hasia zen, eta hauetan agertzen zen, bere burua osoki Hazpandarra zaukala. Ez da beraz harritzeko, Otxalde bertsularia, «ENTRE-RIOS»-etara, juan zizaiolarik, honela agurtu zuela MENDIAGUE-ek : "Ene herria Hazparne, zurea Bidarri... "

Lehen urteak zailak izan ziren, eta itzuli bat ere egin behar izan zuen Argentinarat, “PORTO-RUIZ “ herrirat, lan baten hatxemaiteko. Berak, eta bere Euskaldun adixkidek jasaiten zuten egoera beltza kondatzen zuen bertsutan. Laster berriz itzuli zen URUGUAY-ko “SAN JOSE” herrirat eta han ezkondu zen, Margarita Gandolla- rekin, 1881an. Elgarrekin ostatu ttipi bat, lo gela batzuekin, hartu zuten. Hortik aintzina, familia hunen bizia hobetu zen eta, Josep MENDIAGUE bertsulariaren omena haunditu ere, Euskal diasporaren baitan.

Josep MENDIAGUE eta Margarita Gandolla, senar emaztek, “SAN JOSE” hirian izan zituzten lau haurretarik, bi, gazterik galdu zituzten: Maria eta Francisco. Beste biak ezkondu zitzaikien: Martin, semea, Berta Baru anderearekin eta ez zuten hauek haurrik izan; Julia, alaba, «Maruja» deitzen zutena, aldiz, Leopoldo Tosi arkitektoarekin. Hauek izan zituzten hiru haur: seme gehiena, gazterik zendua, arreba gehiena eta seme bigarrena, Lionel Tosi. Tosi-Mendiague bi anai-arrebak, berrikitan oraino bizi ziren Montevideon, 70 urteak bakotxak iraganak dituztela eta haurrean ezagutu duten beren aitatso, Josep, «Toto» deitzen zutenaz, biak ongi orroit dira.

1887 urtetik geroztik , MENDIAGUE-ek, « Euskaldunak Bat » elkartearen sorkuntzan parte hartu zuen eta hau lagundu bizitzen, ainitz urtez. Baionan agertzen zen « Eskualduna eta Eskual Herria » aldizkarian idazten zuen eta oraino, Los Angeles, « Californiako Euskal Herria » aldizkarian, Buenos Aireseko « Euskal Herria” eta “Haitza », aldizkarietan ere. Montevideo herrian kokatu ziren azkenekotz, hogoi garren mendearen hastapenean eta hor, bertze aldizkari baten sortzeari lotu zen, « Eskual Herria » izenekoa.

Josep MENDIAGUE-ek ainitz ikasi zuen, bera baino 25 urte zaharrago zen IPARRAGIRRE-en ganik. Aski da ikustea, «Euskaldun Bertsulariak» izeneko kantua moldatzen duenean, guarda semeak, nola bertso bat oso-osoa, beste bihi bati ez bezala, eskaintzen dion «Urretxuarrari». Ohartzen gira bestalde, beste edozein bertso egileri baino toki gehiago emaiten diola, MENDIAGUE-ek, Iparragirreri, bere kantu liburuan. Bere kantu berrientzat, haren obretarik hartzen ditu maiz aireak, zenbat aldiz ez dugu kausitzen «Ume eder bat»-en doinua? Oroz gainetik, ikusi behar da, Iparragirreren gai beretsuak dituela erabiltzen MENDIAGUE-ek, 1863-1876 tartean, moldatu dituen bertsoetan.

Lehenik, euskaltzaletasuna, beti iraunen diona, erran gabe doa; bainan gero, orduko Amerika alde hartako historia tristea ere, Baionako astekari euskaldunetan, agertuak izan ziren MENDIAGUE-en bertsu asko, beti Montevideotik heldu zirenak : adibidez, «Erramun Darraidou-ri Hazparnerat Montevideo-tik», «Xabier Harriet Aiherrako apezari», «Buenos-Aires-tarrak Montevideo-n», eta «Gizon zahar baten arrengurak».

Montevideon zendu zen Josep MENDIAGUE, 1937 ko buruilaren 12 an, 92 urte zituelarik.

GALERIANOA ala KATXO? MARTIN LARRALDE ala JOANES ETCHETO?

Egun aipatuko dautzuet, 2006-eko 26 an, Hazparne Ehulateiko Piarres CHARRITTON Jaunaren idatzi batzu, titulu hunekin agertu zirenak : « Galerianoa ala Katxo » edo, « Martin Larralde ala Joanes Etcheto ».

Piarresek, gai huntan eztabadatzen du, MARTIN LARRALDE Plumaienekoaren bertsu famatuak, berak osatuak zituenez ?, ala, Ehulateiko semeari iduritzen zaion bezala, Plumaieneko premuaren auzo eta adin bereko gazte lagun batenak, JOANES ETCHETO, « Katxoteiko » bertsulariarenak? Geroztik, Piarresek, duela hiru lau urte, Elizaberriko Kaperan egin zuen mintzaldi bat, gai bertsuan. Juanden aldiko emankizunean aipatu Josep Mendiague bertsulariarekin ere, badute zer ikustekorik, ondotik heldu diren idatziek.

Piarres Charritton euskalzainak, urrundik hasten ditu bere gogoetak : « Haurrak ginelarik, eta ez zelarik oraino gure sortetxeetan, ez irratirik, ez telebistarik, haurride guziak biltzen ginen supazter xokoan, arratseko otoitza egin aintzin. Orduan, gure ama Gaxuxak hartzen zuen, « Zazpiak Bat Eskualdun Kantuak », deitu liburu bat, gure aitatxi Batista Zabaltzagarai zenari, Josep Mendiague deitu, bere gaztelagun batek, Buenos Airesetan, bere bertsoekin argitaratu, eta, igorri zaion liburu hura bera ; eta denak, kantuz hasten ginen lorietan, Mendiagen bertsuak emanez. Aspaldiko historiak horiek! Geroztik, dio Piarresek, nihaurek, Montevideon, orroitzapen eta bertso askoren biltzen ibilirik, « Arbasoen hatzetan », Mendiagueren liburuaren argitalpena egin nuen, Donostian.

Beti gogoan daukat, Mendiagen haurreko liburu hartan kausitzen zen, « Bordaxuri seme galerianoaren kantua». Jean Haritschelhar adiskideak, 1965-eko « Gure Herria »-ren zenbakian, 30 orrialdeko artikulu aberats bat argitaratu zuen, « Martin Larralde Bordachuri, le poète galérien », titulupean, datu asko bilduz, gertakarieri buruz, eta kantuaren aldakiez. Jean Hiriart-Urruty zenak aldiz, Euskaltzaindian sartzea egin zuelarik, 1967-ko martxoaren 27an, Hazparneko sorterrian, aski luzaz aipatu zituen, bere sorterriko kantu xaharren egileak, Jean Haritschelhar-en lana baliatuz, Bordaxuritarrekin hasiz bere saila. Eta nihaur, azkenean, ildo berari jarraiki nintzen, ene adiskideen ikerketa berak luzatuz, Hazparneko Martin Larralde, Bernard Larralde, Jean-Baptiste Larralde, hiru bertsolari Bordaxuritarrak aipatuz.

Orrialde horiek oro haztatu-eta, gelditzen zait, bizkitartean, arrangura bat oraino, honelaxe aitortu nahi nukeena: ez ote bada gertatu ahal izan, Bordaxuri Galerianoaren bertsoak, beste norbaitek ontzea, bainan, ez, galerianoak berak, haren kasua eta gizona bera, biziki hurbiletik ezagutzen zuen olerkari miresgarri gazte batek, hots, Joanes Etcheto, deitu “Katxo”, Hazparneko bertsolariak berak. Nundik datorkit ordea susmo hori?

So bat egiten balin badiogu bertsolaritzaren historiari, egia da badirela, Etxahunekin hasirik, eta Ipharaguirreren eta Mendiagueren beraren ondotik, Xalbador handiaren gana heldu arte, izan daigula gure hizkuntza xumearen loretegi ederra egiteko, doi lore miresgarri. Gogoratzen zaizkit berehala, "Mundian malerüsik”, hasi-eta , "Zibilek esan naute” eta “Gizon zahar baten arrangurak”-en ondotik, “Jainkoa eta Ni” gaindi ezinezkoa. Ez da dudarik, « Galerianoaren kantua », Etxahunek ere ezagutu zuena, maila berean jartzea merezi duela, bainan, Bordaxurik berak ontu zuena, ala haren lehen auzo eta adin bereko Katxok ote? Bordaxurik kantatzen duelarik 10. bertsoan:

Kantu hauk eman ditut Paubeko hirian,
Burdinez kargaturik, oi presundegian
Bai eta kopiatu denbora berian
Orok kanta ditzaten Hazparne herrian.

Nola sinets dezakegu, Bordaxurik bera kopiatu zituela, Haritchelharrek egiaztatu duenaz geroz, auzitegietako paperetan, Martin Larraldek ez zekiela, ez izkribatzen, ez bere firma emaiten ? Beharko zuen, beraz guttienez idatzi, ez "kopiatu” bainan “kopiarazi”, eta gainera, Paueko preso eskualdun burdinez kargatuek, nolaz aurki zezaketen eskupeko kopistarik? Zerbait bazekien menturaz orduko presoen ohiturez, Josep Mendiague guarda semeak, eta, ez zukeen pentsatzen bazutela presoek eskupeko sekretariorik, idatzi zituelarik berak ,“Lehengo Bertsulari zaharren izenak”. Liburu hortan aipatzen diren lehen biak dira : Katxo eta Etxahun. (Hauek oro erraiteko, Mendiagek, Katxo hazpandarra bertsulari famatuenetan zaukala. Hain xuxen, Katxo, Plumaieneko semearen auzoan bizi zen, eta, Martin Larralden adin berekoa.)

Joanes Etcheto, Katxo, Labiry Jauretxean sortua, Elizaberriko ‘Ilunberritegira' ezkondu zen, etxe horri emanez ‘Katxotegia' izena. Bertsulari hunenak dira, “Betiri Santses gosetea”, deitu bertsu ezagunak. Enperadorea joaitearekin eta Errege itzultzearekin goraki erran zuen:

Lehen Enperadore
Orai Luis Errege
Jende xehiarentzat denak berdin dire.

Ordu heietan ere, Garat Pikasarri, Hazparneko apez saindu misionestak, abiatu zituen predikuak, denetan ozen zirenak, Katxok zuen haien muina bildu eta zabaldu, “Nahi balinbagira hil eta Salbatu” kantu famatuarekin.

Horra zertako, zuzen eta egoki iduritzen zaidan, auzo berean, 1815garrenean, gertatu gertakari lazgarriaren oihartzuna, ene iduriko, Katxok berak, hots, Plumaieneko auzo lehenak zuela, bertsotan ezarri. Handik eta zenbeit urteren buruan, Joanes Etcheto, Montevideorat joan ondoan, bertsutan kondatu zuen, bertze gertakari latz baten molde berean, eginak zituzkenak. Ixtripu hau, 1842-an, gertatu zen : Baionatik, ‘Jean-Léopoldine Rosa' itsasuntzia, Montevideora heltzean hondatu baitzen, bere 300 euskaldun pasaiantekin. « Pulunpa » titulupean argitaratu ziren, Katxoren bertsu horiek, Bordalen egin « Le Pays Basque » liburu famatuan. »

Ikusiz beraz, MARTIN LARRALDE, Plumaieneko Galerianoaren auzo lehenak, eta gainerat lagunak, zer dohaina zuen bertsuen egiteko, eta bertsutan, gertakari haundien kondatzeko, Piarres Charritton-i iduritu zaion, bertsulari haundi hunek, ez zukela utzi, bere auzoan gertatua, aipatu gabe. Beraz, huni argi agertzen zaio, Plumaieneko premuaren bertsuak, KATXO-k idatzi zituela, eta ez, MARTIN LARRALDE-ek.

XXgarren mende hortan Hazparnen bizi izan diren lau gizon omentsu : Piarres DUHOUR, Léon LARREGAIN Apeza, Emile LAVIGNE eta Pedrito CHORIBIT.

Gure aurtengo emanaldien bukatzeko, aipatuko ditugu lau herritar, gutarik ainitzek ezagutu ditugunak eta Hazparnen, omen haundia ukan dutena. Lau Jaun horien izenak emanak dituzte karrika burueri edo gela publiko batzueri.

*Behin aipatzen dugu PIARRES DUHOUR, Hazketa auzoko “Xoritea” etxekoa.*
PIARRES DUHOUR erien asurantza kutxako langile zen Hazparnen. Bere bulegoa, behereko karrika hortan “Kazerna” deitu etxe luzean zen, eta hor, herri guzia ibili da, zerbait paper eginarazten, edo xehetasun galdez. Jendea azkarki lagundu du Piarresek. 15 urtez mariñel ibili zen, ondotik, ofizio askotan arizan da: ile mozten, takzi egile, edo ere, soldadogoan ikasirik, pikura egile; bertzalde, josteko maxina saltzaile ere izan da. Berriketari lanean hasi zen, behin noiztenka, gero alde bat, Hazparnerat jitearekin, 1923-ko urtean. Ordutik, kasik 50 urtez idatzi du 1916 eta 1965 artean, “Eskualdunean”, “Herria” astekarian eta, bertze kaseta batzutan ere, frantses erdaran asko idatzi du. Euskarazko sailean, 2000 artikuluz goiti egin ditu. Berriketari jarraikia zen, berriak beti xuxen emaiten, deneri begia atxikiz; bere ideia eta sendimenduak agertzen zituen, lotsarik gabe. Piarres Duhour ezagutu dutenek badakite girixtino kartsu eta euskaldun suharra izan dela; bere hitz nagusia zen “Izan gaiten Euskaldun Fededun”. Españiako gerla denboran, behin Frankoren alde, gorrien aurka guduan zelakotz, ohartu zen haatik, Mathieu Hazpandar Apezpikuak laguntzen zituela, Franco-ren kontrakoak zirenak. Haindik aintzina, beren ikus moldea legundu zizaion. Errotik Euskaltzalea izan da Piarres, eta oroz gainetik, xumeen laguntzaile suharra.

*LÉON LARREGAIN Apeza aipatuko dugu orai.*
Paskal Larregain eta Marianne Hiribarne-ren semea, Hazketa Frantxixteiko Bordan sortua zen, 1912ko ekainaren 10 ean. 1938ko ekainaren 29an, apez ordenatua izan zen eta Hazparnerat bikario izendatu zuten, agorrilaren lehenian. Gerla denboran erabaki zuen, oporretan ziren haurrentzat, josta leku bat egitea familiako ontasunetan, "GNAGNIKA" etxean. Gnagnika, eta hunen eiheraren jabe zen apeza; bertzalde, Pelloenea, Hazparneko plazan den Zilarreri karrikan eta, Ermindegiko Bettirienea ere, ontasun zauzkan. Bere diruarekin, eta zonbait lantegi nagusien laguntzarekin, kolonia bat ideki zuen Gnagnikan.
Bertzeri idekia, Apez perestu eta lagunkina izan da, Léon LARREGAIN. Bere ontasun guzia xahutu du mutiko gazteri laneko formakuntza baten ikas arazteko: elektrika, zurgintza, mekanika ofizioetan formakuntzak abiatu zituen eta azkenean, ontasun guziak baliatu ondoan, etsitu zuen teknika ikastetxe baten eraikitzea.
Mirande erretorak galdeginik, eliza kantu talde bat moldatu zuen, lehenik haurrekin, gero helduekin, azken huntan hiruetan hogoi kantari bildurik. Denen ganik, gizon horren lan gaitza, parropiaren alde ezagutua da. Ixtorio labur bat kurritzen zen Apez hunen denboran, lehen Kantorea moldatu zuenean, lehenaldikotz, lau bozetan eman kantu eder bat eliza pesta egun ospetsu batean. Elizkizunetik ateratzean, jendeak bazuen zer erraiteko, eta atxo xahar batek erran zuen : « Booh !! zer domaia, kantariak bakotxak bere alde ari ziren kantuz, nola nahika, beharrik, Gnagnikako Apeza hor zuten; azkenean, denak bildu ditu undarrerak elgarrekin finitzeko ! »
Léon LARREGAIN, gerla denboran, paper faltsu egilea zen. Ainitz jenderentzat, paper faltsuak egin zituen mugaren bertzalderat ihes egiteko, beharrezkoak zauzkatenak. Apez hori hautatu zuten Hazparnen, gerlako presuner izana zelakotz; libratua izan zen osagarriaren gatik; bainan, Kommandaturerat agertu behar zen ardura. Han ikusten zituen firma eta tanponen kopia faltsuak egiten zituen; biziki trebe zen, edozoin esku lanetan eta ongi baliatu zuten, ainitzek, apez hunen dohaina, Alemanen denboran.

*EMILE LAVIGNE izanen da gure 3garren Jaun famatua.*
Zerbitzu Publikoen Etxean den bilkura gela hunek, ez zuen izen egokiagorik ukaiten ahal, nola hain zerbitzari haundia izan zen, EMILE LAVIGNE jaunarena baizik. Emilek, bere laneko bizi guzia, alde guzietarik etsenpluzkoa izan dena, murru hauen artean iragan du, ONA Trolliet lantegiaren baitan.
Gizon hau aipatzean, jendeari lehenik gogorat heldu zaion hitza da, ZERBITZARI. Eten gabe, jende laguntzen bermatu da bere bizian, kontseiluak emanez, adminiztrazio paperak betez, edo, gutun bati erantzun bat emaiteko, beti prest zagon. Langileak sustengatu ditu, zindikatuaren buruetan izanez, guziz, zapetaren industriak, bere beherakada hasi zuenetik, 1965-eko urtearen ondotik. EMILE LAVIGNE-ek, lan gabezian ziren kideak laguntzeko, eraiki zuen, “Bizi Nahi” batasuna. Bertzalde, beharretan ziren jendeaz arduratzen zen, karitatezko elkartetan barne izanez. Ixilik, goxoki, bere bizia bertzeri osoki idekia ereman du, EMILE-ek. Funtsez, ona zen gizon hori, zinez errespetatua zen ; ez zuen ez ohorerik, ez eskerrik eskatzen, jendeak hola zuen maite. Gazte denboran, Larregain Apezarekin, Hazparneko haurretaz arduratu zenetik, gero Patronaja, Zinema, Parropian, zindikatean eta bere azken ekintzak arte, lan gabezian ziren lagunen esku makil, zerbitzu egin du Herriko jendeari.

*Bururatzeko, PEDRITO CHORIBIT aipatuko dugu.*
PEDRITO CHORIBIT sortu zen, Maulen, 1915-eko urtean, bainan bere bizi gehiena, Hazparnen iragan zuen. PEDRITO CHORIBIT, Uztaritzen egon zen ikasle, eta, handik landa, Chilera juan zen, han baitzuen bere aitak zapataintza handi bat. Bainan, osasunik ez izanez, itzuli zen sorterrira eta, bere izeba eta arrebarekin, etxen kokatu. PEDRITO bera, gizon eder bat zen, harri edo zur lanetan eta margolaritzan artista ona. Ainitz ekintza bazituen berak margoturik, eta badira oraino, Hazparne osoan barreatuak; hauen artean, Mirande erretoraren itxura eta Saint-Pierre Apezpikuarena. Zimentaz orraturik, Bidarrai Erramundegiko Ama Birjina eta Hazparne Labirikoa eta oraino, Basenerrekakoa. “Kantuz” deitu Euskal Kantu bildumaren liburuxkari axala margotu zion ere, Euskaldun aurpegi eder batez. Marrazki hori omentsua bilakatua da geroztik. PEDRITO, fede haundiko gizona zen. Horren gatik, Hazparneko burgesia edo apezeria lotsarazten ere bazekien ordea. Geroxeago, Donostiako alaba batekin ezkondu zen. Bere gaitza aldiz, fede handiarekin jasan ondoan, adin gordinean hil zen, 51 urtetan, (1966) mila bederatzi ehun ta hirurogoi ta sei-eko otsailaren 25 an.