2012/2013 "HAZPARNE XAHAR BERRI" LAPURDI IRRATIKO EUSKARAZKO KRONIKA (3garren urtea)

Sekulan pasatu ez den train hura

25 urtez bederen, Hazparnen izan den eztabada haundiena izan da, herriak, traina ukanen zuenez ala ez. Hazparneko paper zaharretan irakurtzen da, hiru auzapezek nahi ukan dutela, atsulutuki, traina izan zadin , Baionarat eta Kanborat buruz.

1888-garren urtean, Jean-Pierre Larramendy deitzen zen gizon bat zen, Hazparneko auzapez ; bere asmua gogoan erabili zuen eta, « cahier des charges » deitu ageri bat idatzi zuen ekintza huni buruz. Hartan agertzen da, delako burdin bidea behar zela, Hazketan, Beskoitzen, Lehuntzen eta Mugerren pasatu. Burdin bidearen largotasuna, metro bat ukan behar zuen. Train hori ez zen biziki fite ibiltzeko asmatua : hogoi kilometro orenean egin beharra zuen bakarrik. Trainaren luzetasunak ez zuen 70 metro baino gehiago egin behar. Jenden eta kabalen ibiltzeko beharko ziren, hiru « locomotives » deitu mekanikak eta zortzi karro « wagon » erosi. Burdin bidearen pasatzeko, Hazparnek, urririk eman behar hortarako zen lurra eta 2000 libera urtean pagatu behar zuen, burdin bide hortako buruzagieri.

Gauza horiek oro hatzean ezartziak, denbora galdatu zuen eta, 1891an, bilkura haundi bat izan zen, Baionan. Hartan bildu zen presuna andana bat, bainan, maleruski Hazpandarrentzat, gehienek ez ziren alde agertu eta orduko ministroak ez zuen baimenik eman. Ondorioz, lehen projektu hau utzi behar ukan zuten debalde.

1892an, St Martin Harriague Morrosko Hazparneko auzapez zelarik, beste entsegu bat egin zuen hunek. Bainan, aldi huntan, train bide hori Hazparnetik Kanboraino egin behar zela, pentsatu zuen Auzapezak. Asmu huni buruz, Ustaritzeko jendea alde kausitu zuen Xemartin Harriagek. Morroskoren lehen lana izan zen gogoetatzea, burdin bide horrek, urtean, zonbat jende, kabala eta gauza, ukanen zuen karreatzeko. Karkulak egin zituen eta zenbaki hauek agertu: burdin bide horrek karreatu beharko zituen: 2000 tona zapeta, 500 tona larru, 600 tona arno, 100 tona beztitzeko puska, 100 tona zimenta, 2000 tona bihi, 600 tona lur-sagar, 1800 tona epizeria eta beste. Gainerat, Hazparneko merkatutik joanen zirela burdin bide hortarik, urte bakotx: 2500 behi eta idi, 1500 urde, 3000 bildots eta ardi.

Burdin bide horren egiteko, Paotako azpitik beharko zen pasatu eta hortarako, lur petik 300 metroko bide bat zilatuz. Burdin bide eta huni doazin gauza guzien erosteko, orduko 650 000 libera beharko ziren kausitu, ez baitzen guti. Ibilkariak, Kanborat joaiteko, 70 zentima ordaindu beharko zuen; libera bat eta bortz zentima, joan jinarendako.

Hiru urte pasatu ziren oraino denak hatzean ezarri aintzin, eta orduko Kontseilari nagusiak, Larraidy jaunak, jakinarazi zuen, departamenduak eginen zuela, burdin bide bat, Peyroradetik, Donibane Lohitzunerat, Hazparnetik pasatuz. Hazpandarrak ez ziren soberarik kontent agertu azken berri hau plazaratu zenean; bainan, zer egin, beste guzien kontra! Gehiago dena, burdin bide horren buruzagiek pentsatzen zuten, Hazparnek ukanen zuela abantailik haundiena eta ondorioz, 3600 libera , 63 urtez pagatu beharko zuela. Donibane Lohitzunek, 3100 libera pagatuko zuelarik. Beraz, Kanboko traina utzirik, Hazpandarrek, burdin bide berri hori beharko zuten idurikatu.

Lanak, emekiño hasi ziren, 1911an. Handik eta hiru urteren buruan, gerla haundia hasi zen eta obrak gelditu ziren. Berriz hasi ziren 1922an. Anartean, gerlak gauza asko kanbiatuak zituen. Bidetan, autoak gero ta gehiago ikusten ziren eta 1922an hasiak ziren lan guziak, bazterrerat utziak izan ziren. Gaur, train bide horrentzat hasi lanak ageri dira oraino, Xapitaleko gunetik haste Labiriko Amabirjina arte; auto bide sahetsean dagon bide hori da. Hazpandarrek nahi zuten beren traina, bainan ez zuten sekulan ukan!

Hazparneko behi lasterrak

Hazparnen, behi kurtsek izigarriko arrakasta dute aspalditik. Nola eta zer karietarat Hazparnen egiten ziren behi laster horiek ikusiko dugu hemen. Hazparneko paper zaharretan irakurtzen ahal dugunaren araberan, 1750an, Louis XVgarren denboran, jadanik aipatuak ziren.

Ohargarri da, orduan, aste guziz, idi edo behi bat hiltzen zela herrian; haren haragia, Hazparneko herriko etxean zen “bouxerian” saltzen zen. Herriko gizonen baimenarekin, behi edo idi hura, hil aintzin, gaztek, lasterkarazten ahal zuten aberea, Eguberritik, Hauste eguna arte. Ordu haietan, horelako behi edo idi lasterketak, Baionan eta Hazparnen baizik ez ziren egiten. Zertako ote bi toki horietan bakarrik? Zeren eta, bi toki horietan, jendea ez baitziren laborantxako lanetan ari; bi herri horietan industriako langileak ziren gehienak.

Hazparnek orduan 4500 jende bazituen eta erdia baino gehiago, zapeta, larru edo oihal egiten ari ziren. Kurtsa horiek onartuak ziren gazteriaren jostagailutzat . Erran bahar da, behi edo idi horiek ez zirela biziki lasterkariak eta fite akitzen zirela. Pausaldiak egiten zituzten eta ordu hauetan, kabala arbola bati estekaturik ezartzen zuten, bertze lasterkaldi bat abiatu aintzin.

XXgarren mendearen hastean gauzak aldatu ziren. Landesetan, kurtsak egiten zituzten, behi arin eta lasterkari batzuekin eta Hazparnen, gaztek pentsatu zuten, behi heietarik bat erosi behar zutela eta harrekin jostatu. Ganadero bati, behi zahar bat erosi zuten eta bizpahiru igandez harekilan jostatu ziren. Garizuma denbora heldu zelarik, zer egiten zuten behi hortarik? Gaizo behi hura, abatorerat joaiten zuten eta han hiltzen. Biharamunian, haren haragia, untsa apainduta, karro batian ezartzen zuten eta ospe haunditan karriketan barna, haragia emaiten zuten familia pobre guzier; haatik, haragi haren parte on bat atxikitzen zuten, Hospitalean ziren jende ezinduak eta zahartuak zirenentzat. Emaitza hori, Garizumako lehen egunean egiten zen, beti Hauste egunarekin. Hola egin zuten, ainitz urtez.

Bainan, beti ta hobeki nahiz jostatu, 1924ean, gazteak ohartu ziren, beren kurtsa antolatzen ahal zutela bertzalde. Behi bat erosteko partez, 3 behi alokatuz Landesetako ganadero bati, hobeki helduko zirela eta denbora gehiagoz jostatzen ahalko zirela, behi horiek aldizkatuz. Darrieulat zuen izena ganadero harrek, eta molde hortako kurtsak, 500 libera gostatzen ziren. Orduan ziren karrikak hesten hasi, bainan, etxetan sartzeko bortak idekirik utzten zituzten. Handik eta zenbeit urteren buruan, 7 behi jinarazten zituzten Hazparnerat; kurtsak zirelarik, behiak oinez heldu ziren. Gastuak emendatu baitziren, gaztek loteriako xartelak saltzen zituzten. Loteriako lehen prima, 11a kiloko bildots bat zen.

Behi kurtsa berri horiek, gero eta kariago gosta ziren. 1927an gaztek pagatu zuten : 3263 libera. 1930eko urtean, Jean-Pierre Ingres, biskots egile zenak, pentsatu zuen igande egunean, egin beharko zela “paseo” bat, zointan, ederki beztiturik agertuko baitziren, toreadorak, pikadoreak, algauzilak eta zonbeit neskato gazte, Andaluziako emazten bestimenduetan. Pesta molde hunek, biziki gustatu zuen Hazpandarreri.

Gure behi lasterrak hola joan ziren, arrakasta haundituz, 1960a arte. Gero haatik, arrakasta hori hasi zen ttipitzen. Gauza ainitz kanbiatu ziren, partikulazki, jostagailu eta lanean artzeko usaiak. Orduan hasi ziren udako behi lasterrak. Lehen urtetan, arrakasta haundia ukan zuten. Egungo egunean oraino, udatiarrek maite dituzte eta jostagailu horren ikusterat heldu dira. Haatik, Ihauteriko Hazparneko kurtsarik ez da gehiago guti baizik egiten. Zenbeit urte hauetan, udako behi laster batzu, “Joko Plazan” egiten dira, barne hetsi batean, Landesetan egiten diren idurikoak. Beste gauza frangotan gertatu den bezala, gure behi lasterrak bertzelakatu dira heiek ere.


Zalduko jauregia

Hazparne Zalduko jauregiak badu historio haundi bat ez dena biziki ezagutua. Lehen jauregia, Kaskoiniatik jina zen familia haundi batek eraiki zuen, Hazparnen, XIIgarren mendean. Ahidetasunean zen, Euskal Herriko beste zonbait familiekin ; hala nola : Haitze, St Pée eta Irumberry deitzen zirenak.

Handik laster, Lapurdiko lurrak Anglesen azpiko izan ziren eta, Guillaume Arnaud de Sault-ek, bere dretxo guziak, Angleterra-ko erregeari saldu zituen. Orduko denboretan, « LES CROISADES » gudukak erabiltzen zituzten lur sainduetan. Zalduko nagusiak ez zuen batere guduka horietan parte hartu, bainan, Hazparneko inguruetan arizan zen, buruzagi gisa, lan haundi batzuetan. Lur peza haundi batzu garbiarazi zituen eta zonbeit mila arbola toki horietan landatu. Basusarri, Getari, eta Ahurti herriak, orduan sortu ziren.

Gero, denbora pasatu eta, Londrese eta Parise urrun baitziren, Zalduko nagusiak gudukan arizan ziren, batzuetan, Frantziako erregearen alde eta bertzetan, Angleterrako erregearen alde. Lehen gaztelua zahartueta, XIVgarren mendean, Zalduko nagusiek, bigarren bat eraiki zuten, Labiri gainean. Denbora hartan, Lapurtarrek eta Baionako hiriak gerlan ari ziren, batzu besten kontra.

Hazparneko jauregiko seme alabak, beste famili haundiko seme alabekin ezkontzen ziren ; lotura haundiak zituzten Lapurdiko eta Nafarroko izen haundiko familiekin, hala nola : Urtubi, Urruñakoak, edo, Monte Real Nafartarrak.

1654-ean, Zalduko nagusiak, Dibusty zuen izena. Alaba bat ukan zuen eta, gauza harrigarria guretako, alaba hura, 13 urtetan ezkontarazi zuen, Jean-Baptiste de Saint Esteven izena zuen gizon batekin. Ezkontzako meza, Parisen emana izan zen, ospe haunditan, St Séverin deitu elizan. Zeinbeit urte berantxago, senar emazte horiek zuten eraiki, Zelai auzoan, oraino ageri den, Zalduko jauregia, jaun-etxe haundia izana zen etxea. Iraultza izan zelarik Frantzian, familia guzia Espainiarat ihes egin zuen eta geroztik, ez da Hazparnerat sekulan agertu.

Erran behar da, jauregiko nagusien eta Hazparneko hautetsien, bai eta Hazpandarren artean, haremanak ez direla beti hoberenetarik izan. Sekulako kalapitak eta auziak izan zituzten, batzuen eta besten artean. Elizan, jauregiko jendeek, toki bereziak bazituzten. Proosionetan eta beste elizkizunetan, nahi zuten beti lehen izan. Dretxo horiek ez ziren Hazpandar guzien gostukoak. Horren gatik, zer kalapitak ez ziren izan !

Jauregi horrek, bere ondoan, kapera ttipi bat bazuen, nun, etxeko semealabak ezkontzen ziren. XVIIgarren mendean, hiru ezkontza ospatu ziren han. Jauregi hortarik gaitzeko bista zen, bai Landesetarat buruz, bai itsasorat buruz. Duela 50 bat urte, jauregi hori ikusten ahal zen oraino, bere teilatu ederrarekilan, barne haundi eta zabalekin, eskaler zabal eta ospetsuarekin. Maleruski, aspalditik, etxe hortaz, nehork ez du artarik hartu, eta egungo egunean, ez da kasik deus ageri laparren artetik.

Iraultza pasatu eta, zenbeit jabe izan dira, Hazpandarrak eta beste. Zenbeit xede izan dira ere, etxe horren baliatzeko, bainan, zorigaitzez, deus ez da egin. Damu da holako etxe baten lurrerat joaiten ikustea. Murru horiek suntsitzearekin batean, Hazparneko historioaren parte bat juan dute berekin.

Aleman tropak Hazparnen

Azken gerlaren lehen partea bururatu zen 1940-eko ekainaren 5an. Handik eta bi egun barne, lehen soldado alemanak etorri ziren, Espainiako muga arte, eta beraz, Hazparneraino. Soldado ainitz bazen orduan gure eskualdean, zeren, orduko ustez, Espainiatik pasatzeko gogoa baitzuten, Afrikaraino segitzeko beren okupazionea. Ez zen hala gertatu. Orduan, gure eskualdean, hiru « divisione » baziren. Bakotxak, Hazparnerat igorri zuen, “kompainia” bat. Biga baziren Infanteriakoak eta hirugarrena, DCA edo “Défense contre avions” colegioko barne eta bazterretan kokatu zena.

Gerla denbora hortan, Infanteriako “divisione” guziek zaldi frango zituzten; ordutik, eta gerla finitu arte, Hazparnen izan dira beti “Compagnie vétérinaire” deitzen ziren “kompainiak”. Heien lana zen, eritzen ziren zaldi guzien artatzea eta sendatzea. Horelako bost “kompainia”, bat bestearen segidan, Hazparnen egon dira. Beste “kompainia” frango egon dira ere Hazparnen. Zonbeit, 3 edo 4 aste bakarrik, beste zonbait, 5 edo 6 hilabete.

Heien artean ikusi izan dira karraio batzu, hegazkin ezantza karreatzen zituztenak, Alzietako sartzean diren arbol haundien azpian gordeak. Baziren ere, tankak zituzten soldado konpañiak, beltzez bezti ziren hauek. Tankak, Elhiarreko ondoan den haitzpean gordeak ziren, eginak zituzten zilo haundi batzuetan. Soldado horiek, Rusian izanak ziren eta han borrokatu eta, bere tankek bazuten hunki baten beharra, gudukan berriz hasteko. Soldado horiek, Trinquet Berrian lo egiten zuten.

1944garren urtearen hastetik, “Le débarquement” aipu zen. Orduan, lau « kompainia » berri Hazparnerat etorri ziren. Gehienak, Infanteriako gizonak ziren. Bi « kompainia » egon ziren, ekainaren 11a arte, Normandiarat joan aintzin, Argentan deitu hiriari hurbil. Han, hil frango izan zituzten. Beste bi “kompainiak”, Hazparnen gelditu ziren, agorrilaren 11a arte eta handik goiti, Normandiako bidea hartu zuten hauek ere. Aspaldian hemen zen “Compagnie vétérinaire” delakoa, azkenik joan zen, Agorrilaren 22an. Ez zuten, heiek, Normandiako bidea hartu. Poitiers herritik pasaturik, Beaune-eko hirirat joan ziren eta Alemanian sartu, gerla akabatu arte.

Zer erran besterik denbora hortaz? Hazparnen, Komandantura bazen. Lehen hilabetetan, Herriko Etxean egon zen eta gero, toki gehiagoren ukaiteko, Hôtel Moderne deitu ostatuan kokatu zen. Hazparne zaintzen zuten gizonak, delako “Compagnie vétérinaire”-koak ziren. Gehienak, adin bat bazuten eta laborariak ziren. Ofizier eta soldadoek, Hazpandarrak zaindu baino, nahiago zuten zaldien artatzen arizan. Arrats guziez, 11orenetan, “patrouilla” karriketan pasatzen zen, bainan, soldadoek, bere bota haundiekin, harrabotsa egiten baitzuten, Hazpandarrek ikasi zuten laster gordetzen eta min haundirik gabe, beren etxetan sartzen. Maleruski, 1944eko ekainaren 6an, gertakari hits bat izan zen gure herrian. Hazparnen pasatzen ziren tropa baten zaintzaleak, bi Hazpandar gazte tiroz hil zituen, abere portuan, Jastea ostatutik ateraturik, eta karrikari goiti lasterka abiatu zirenak. Hura izan zen Okupazioneko gertakari larriena. Aleman soldado bat ere hil izan zen Hazparnen, autoko ixtripu batean. Hau, Hazparneko hilarrietan ehortzia izan zen eta, harren hobia barreatua izana da berriki, hilarri berria egin delarik, harateko bidea idekitzea gatik.

Hazparneko ura

Hazparnen, ura etxetarat ezarri zuten denborako lehen aipatzeak irakurtzen ahal dira, 1787-ko urteko herriko paperetan. Nungo ura erabiltzen zen ordu arte ? Urbegietarik edo zipuetarik ateratzen zen hura edaten zen eta, edatekoaz bertzalde ziren ur beharrentzat, garbitzeko ala kabaler edaterat emaiteko, errekako ura baliatzen zen. Ohargarri da, ordu heietan, ur bilariak « porteur d'eau » baliatzen zirela , jende xahar edo ezinduak zireneri, sos batetan ura ekartzen zaiotenak. Plazako jende gehienek, Jondonaneko urbegitik zaukaten ura, frantses erdaraz, « Fontaine St Jean » deitu gunetik biltzen zutena.

1780garren urtean, Hazpandarrek asmatu zuten, behar zutela ura ekarri etxetarat, herriko plazaraino. Ondorioz, obra horrier buruz, ikerketak hasi zituzten eta ohartu ziren orduan, uraren etxetarat ekartzeko, beharko zutela lur barnean ildo haundi luze bat ideki, urbegietik plazaraino, eta ere, eremu hortan ziren jaben baimena ardietsi eta ordaindu beharko zutela ere. Ainitz kataska sortu ziren ordutik eta zorigaitzez, 30 urte berantago, lanak beti egitekoak gelditu ziren.

1826garren urtean, uraren beharra haundituz ari baitzen, berriz eztabadan hasi ziren Hazparneko hautetsiak. Orduan ere, aurka jazarri zaitzkioten lur jabeak eta nahiko trabak kausitu zituzten, bainan aldi huntan, ez ziren lotsatu, eta erabaki zuten, Jaun Prefetari galdegitea, ardiets zezaioten, obra horiek ; geheingoaren onetan egitekoak zirela, erabaki zezan, erdaraz deitzen da “décret d'utilité publique” eta nahi ala ez, obrak hasteko baimena ardiets dezaioten. Oraino 12 urte idurikatu behar ukan zuten baimen hori, eta azkenean, lehen pikotz ukaldia, 1840an eman zuten. Ura karrikarat eremaitea hasia zen!

Behin, bi iturri egin zituzten: lehena, Pikasarriko ondoan eta bestea, Herriko plazan. Iturri horietan, aska batzu eraiki zituzten, abereen edanarazteko. Ordu heietan, karrosa eta orgak ziren nagusi karriketan eta, heien karreari, zamariak, astoak ,mandoak eta idiak. Hauek, nunbeit edan behar zuten, eta horren gatik, lehen lana, aska horien egitea izan zen.

Lan horiek, 4000 liberako bat gostatu ziren. 26 urte berantago, orduko auzapezak, Eugène Harriague deitzen zena, ohartu zen ez zela aski ur heltzen Hazparneko plazaraino. Eginarazi zituen, 16000 pinta jasaiten zuen zipu haundi bat, Misionesteko etxetik hurbil zagona eta, 800 metro luzetasun zuen ur bide bat eginik, bi iturri eta bi abereen edanarazteko tokiak eraikiarazi zituen.
Handik eta 8 urteren buruan, auzapezak ukaiten zuen petitione bat, Herriko etxeko karrikan eta orduan egiten ari zuten Hazketari buruz karrika berrian ziren, 53 etxeko jabeek izenpetua zutena, bi karrika horietan ura ukan zezaten galdearekin osatua zena.

Ondorioz, lan berri batzu hasi ziren, eta plazako etxe guziek ur garbia etxetik hurbil ukan zuten. 19garren mendearen bururatzean, herriko gizonak ohartu ziren, Utsutik, ura, nasaiki jalitzen zela. Baionesek, jadanik ohartuak ziren gauza horri eta Hazparneko herriari, biziki guti pagatuz, hortik hartzen zuten behar zuten uraren parte bat. 14eko gerla hasi zelarik, Broussain, Hazparneko Jaun auzapeza, obretan hasi zen, bainan, laster gelditu ere.

1922an, herriko gizonek bozkatu zuten, 3000 liberako gastu bat, ikerketa baten egiteko. Hunek, argitaratu zuen nola egin zitaizken ura, Utsutik, Hazparneraino ekartzeko, eta zonbat gostatuko zen ere. Ikerketa horrek agertu zuen, ura, Pitrestea deitu etxetik hurbil behar zela hartu. Ikerlan hori, Mengaud deitu ingeniar batek egin zuen. 1925ean, Jean Lissar medikua zen, Hazpandarren auzapeza. Harrek du, azkenean, ura, Hazparnerat ekarrarazteko baimena eman, 1929tik, 1933 arte, lau urte iraun behar duten lanak egin ondoan.

Obra haundi horiek bukatuko direnean, 3000 Hazpandarrek, ukanen dute, egun bakotx, 300 pinta ur enpleatzeko ahala. Gastu ttipi guziak, Lissar jaunak bere sakeletik ordaindu zituen eta lanak hasi ziren. Hauek, ikusgarriak izan ziren. Zenbeit astez, gizon tropa haundi batek, pala eta pikotzak erabiliz, 12 kilometroko ildo barna bat ideki zuten, ur hodien pasarazteko. Behar izan ziren ere egin, zipuak uraren heltzeko eta beste lan haundi eta ttipi frango.

Denak egin ahal izan zituzten hala ere, orduko tresnekin, sei hilabetez. Lanak, miliun bat eta zortzi ehun mila (1 800 000) libera nunbeit han gostatu ziren, ez baitzen gutti orduan. Mailegu bat egin zen orduan herriko izenean –pagatu behar zen intresa ehunetarik hiru liberakoa zen-; mailegu hori, 25 urterentzat egina zen! Hazpandarrek pagatzen zuten ura orduan, libera bat eta bost zentima metro kuba.

Geroztik, ur beharrak emendatu dira azkarki. 150 kilometro hodi pausatuak izan dira orotarat. Hazparnek badu xantza haundi bat, ura ausarki dauka eta ona, ez baita gauza hori dener emana. Jakin dezagun, iraupeneri buruz abentail haundi hunen beiratzen.

Hazparneko merkatua

Duela 50 bat urte, Henri Andrein, orduko Hazparneko auzapezari galdatu zakotelarik, zoin zen gogoan atxiki zuen, Hazparneko paper zaharretan irakurtu gauza premiatsuena , apur bat ixilik egonik ihardetsi zuen : « Ene iduriko aipagarriena izan da harren merkatua. Hunekk baitu Hazparne, bizpa hiru mendez, biziarazi. »

Geroztik izan dira okasione frango ohartzeko, egia haundi bat zaukala. Ez da errets oraiko denboran holako gauzaren konprenitzia. Hazparneko paper zaharretan, merkatua, usu aipatua da. Herriko hautetsiek , 43 araudi zituen lege bat egina zuten, xehetasun guziekin, merkatua nola iragan behar zen erraiteko. Beste xehetasun bat ere behar da eman: Hazparne ez da urrun Espainiako mugatik eta denbora heietan, gerla ttipi batzu usu baziren. Orduan, gauza frango, guti edo aski, funditzen ziren eta, hortako, mugen ondoan ziren eskualde guziek bazituzten bere aldeko fagore batzu, partikulazki, beren merkatuetan saltzen zituzten gauza guziak ez zuten inposik pagatzen. Hortakotz, merkatu hotiek , usu, haundiak ziren.

Gauza hori gertatu zen Hazparnerentzat. Frantziako Iraultza arte eta berantago ere, Jendea , biziki urrunetik heldu zen Hazparneko merkaturat. Hala nola, Nafartarrak, Iruñeko herritik bai eta, Xuberotarrak; Biarnotik eta Chalosse tokietarik. Diru gutti ibiltzen zen eta bakotxa merkaturat heldu zen, berak egiten zituen gauzak ekarriz. Biarnotik eta Chalosse-etik bere bihiekin heldu ziren, eta Nafartarrak, bere arno eta burdin pezekin. Hazparnetik joan zituzten, larruak, zapetak, oihalak, beztimenduak, bai eta, epizeria, drogeria. Artetan, xokoleta erosten zuten ere, jakinez, Hazparnen bazirela, zazpi edo zortzi xokolategile eta saltzaile.

Zer nahi gauza saltzen zen orduan merkatu egunean : Oihalki, larru eta zapata, kinkailleria, erloiak itzeak, okindegiko janariak , Buxeriko eta Xarkuteriako haragikiak, tapissak, parasolak, arrosarioak, baxerakiak, lurresko eltziak eta eskalapoinak, mubleak etabar…. baziren ere baratzekinak, eztia , fruitu etaesnekiak , oilo eta pualleria, ihiziak, lapin eta erbi saltzaileak baziren. Kausitzen ziren ere gaztenak, intzaurrak, artoa eta bihi mota guzietarik.

Zerrenda hori entzun eta, aise ulertzen da, Hazparnen bazirela, laborariak, bainan ere, ofizialeak nonbre haundian. Frantziako Iraultza gertatu zelarik, Hazparnen baziren, 442 familia, lurra lantzen zutenak, bainan baziren ere, 353 jende oihal egiten ari zirenak, bai eta, 270, zapataintzan ; 137, larru pelatzen eta 32, eros eta saltzen , komertsian ari zirenak ; 13, xokoletegile baziren ere Hazparnen.

Denbora hartan, gauza frango egin behar baitzen, Hazparneko jendea polliki emendatu zen. Iraultza denboran jenden kondaketa egin zen eta ohartzen da, orduan, 5000 zirela Hazparnen bizi zirenak .
Iraultzaren ondotik, merkatua ttipitu zen. Hazpandarrek zituzten fagore asko aldatu ziren eta gauzak kariotu ziren. Beharrik, ordutik, kabalen merkatua goiti joan zen azkarki. 1879ko urtean, Hazparneko merkatuan saldu ziren : 1700 zezen edo idi, 2000 behi, 2000 miga, 1600 zerri gizenduak, 2000 zerri ttipi, 2500 aratxe, 500 zaldi eta 400 asto.

Orduan, Hazparneko merkatuak kanbiamendu haundia ukan zuen. Jendea, beti urrunetik heldu zen eta mugimendu gaitza zen merkatu egunetan. Geroztik, azken urte hauetan, merkatuko lekua aldatua da eta kabalen merkatua gelditu zen. Gaur, bildots merkatua gelditzen da eta negu denboran, zerri zonbait saltzen dira . Oraiko merkatuak ez du deusik ikustekorik lehenogoko merkatuarekin. Astearte guziz egiten da. Eguerditan bururatzen da. Saltzaile arrotzak heldu dira beti, bainan, erosleak ez dira emendatzen ari.

Larunbat guziz, labori andana batek saltzen dituzte baratzekariak eta etxetako janariak, eliza sahetseko aterbe azpian eta, ezker paretaren gaineko aparka tokian, larunbat oroz ere, bada puska eta janari saltzailez osatua den merkatu berria.

Hazparne, St Jacques-eko bidean

Biziki zaharrak diren paper batzuek erraiten dute, Hazparne pasaia handiko toki bat zela, Baionatik, Garaziko bidean eta ere, Frantziatik Espainiarat buruz. Gauza hori erraiten zuten, Urtsuko zolan pasatzen zen bide eder bat aipatuz.

Leheneko mendetarik, orai arte, bide hori, sei izen ukan ditu. Lehena, « La route royale », gero « La route de Saint Jacques », gero, « La route impériale », geroxago, « La route de l'artillerie », gero, « Route de Napoléon » eta azkenik, oraino erraiten den, « La route des cimes ». Erromanoek jadanik, bide hortarik ibiltzen ziren.
1227an, jadanik, St Jacques de Compostelle deitu hirirat joaiten ziren beilariak, bide hori hartzen zuten. Lapurdiko lurretan, 3 jauregi, beilariak, ohoin eta mandilen kontra beiratzen zituzten. Hazparnen : Zalduko jauregia. Beste bat, Lekornen : Garroko gaztelua eta hirugarren bat, Heletan : Sainte-Marie-ko gaztelua.

Hazpandarrak baziren orduan St Jacques de Compostelle-erat joan zirenak. Paper zahar batek emaiten du gauza hau : « St Jacques-eko basilika haundian bada kapera bat, Euskaldunen kapera deitzen dena » . Eta segitzen du : « iduri luke, harat etortzen diren Euskaldunen artean, Hazpandar frango badela. »

Orduan, herriko bide ttipi guziak, artetan berrituak ziren, bakotxa bere herriko gizonek lan zonbait eginez. Bainan, bide haundi horrentzat, guti edo aski, jende gehienek baliatzen zutena, Baionatik Lekorne artio, estatu onean atxikitzeko, hogoi herriek behar zituzten beren gizonetarik zenbeit artetan igorri, ziloen tapatzeko eta bidearen artatzeko.

Bide zahar horrek, zer nahi mota jende ikusi ditu pasatzen : ibildun herratuak eta behardun frango, bainan ere, jende aberatsak, errege eta printze haundi zonbeit. Erran behar da, Hazparnetik hurbil izanik, Hazpandarrak usu galdatuak zirela bide horren hatzean emaiteko. Azpimarratu behar da, haatik, bide hori, herriko plazatik lau kilometrotan izanik, Hazparneko komertsantek ez zutela gauza haundirik saltzen, Compostelle-eko bidean ziren gizon eta emazte beilarieri.

Compostelle-eko beilaren arrakasta ttipitu zenean, bide horrek bazuen oraino arrakasta haundia eta, Otxondoko mendi lepoa pasatu eta, jendea, orduan, Iruñarat joaiten zen. XVII eta XVIIIgarren mendetan, hango eta hemengo har emanak garrantzi haundia zuten. Ordu heietan, Nafartar asko, Hazparneko merkaturat erabiltzen ziren; handik heldu ziren arnoz eta burdinez kargaturik eta, hemendik, larru, zapeta, oihal eta arropa frango eremaiten zituzten. Hazpandar batzuek, bazituzten, Iruñan, komertsioaren egiteko toki batzu. Bazakiten, arras untsa, Iruñeko feriak, noiz eta nola pasatzen ziren.

Oraiko egunean, bide hori bera ikusten ahal da, eta ohartzen ahal da ere, duela zonbait mende, bide eder bat zela, zabala eta, artetan oraino, arbolez inguratua. Orai behar da nahikeria izan, bide horren zati zonbeit bederen lehengo gisan begiratuak izaiteko. Hola atxikiz, bide hori izanen da, behar bada, luzaz oraino, leheneko bideen lekukotasun eder bat!

Zapateriako lantegiak Hazparnen

Juanden urteko emankizun batean, aipatu nizauzuen Hazparneko zapateriak. Egun oraino beretik ariko naiz gai hunen inguruan.

Zapeteriak, toki haundi bat ukan du, luzaz, Hazparnen. Jadanik, XVIIgarren mendean zapeten egiteko larrua hedatua zen, azkarki, Hazparnen. 1846-eko paper zaharretan haatik, ohartzen da, zapatainak lanik gabe direla. Behar da erran, ordu arte, Hazpandarrek, behar zituzten zapetak, berek egiten zituztela, eta, ahal bezainbat, zapeta merkatuan saltzen.

Ikusiz beren lana ttipituz joan zela, orduan, hasi ziren, soldado ziren gizonentzat, zapeta pizu eta azkarren egiten. 1906-an, Hazpandarra ez zen andere batek, Hazparneko zapetaz, lan eder bat idatzi zuen. Ohartu zen, 10 urte lehenago, Hazparnen, zapeten egiteko mekanikak kausitzen zirela. Ordu arte, zapetaren lanak, etxetan egiten ziren. Nagusi zonbeitek, behar ziren gauza guziak emaiten zituzten laborari etxe ttipietan, eta, zapetak bukatuak zirelarik, biltzen zituzten eta saltzen. Orduan sortu ziren lehen bi lantegiak. Heien buruzagiak, Salvat Amespil eta Hiriart-Urruty deitzen ziren. Zonbeit urteren buruan, elektrika ezarria izana baitzen, beste tailerak ideki ziren.

Hazpandarrak ukan behar izan zuten atelier horien bidea hartu. Zonbeit urtez bakarrik, zapetaren gainean juntatzen ari ziren emazteak, etxetan segitu zuten bere lana. Lan hura ekartzen zuten, bakotsak berea, lantagietarat, oihal belts batzuetan.

Orduan, Hazparneko zapeteinen lana, azkarki haunditu zen. 10 bat lantegi ideki ziren, eta milako bat jende ari zen, heietan, lanean. 14garreko gerla pasatu eta, Limoges eta Fougères hirietarik jin ziren, zapetaren untsa egiten bazakiten gizon batzu. Orduan ere, sortu zen Hazparnen, zapeteinek atxikitzen zuten “Coopérative ouvrière” deitu saltegi haundi bat. Lantegietan irabazten zen saria ez zen biziki haundia, bainan, gehienek bazituzten beren etxetan, oilaxko edo lapin zonbait, baratze haundi bat eta zenbeitzu, bizpahiru behi eta beste hanbeste xerri.

1936-an, nahasmendu haundiak izan ziren Frantzia guzian, eta Hazparneko lantegiak ere mugitu ziren. Orduan zen izenpetu, lehen elgarrekilako hitz-hartzea nagusi eta langileen artean. Orduan ere zen sortu, 40 orenetako astea. Bigarren gerla etorri zelarik, jadanik, bizpahiru lantegi baziren, aise bizi ez zirenak. Gerla denboran, Hazparneko zapeterietako nagusiek, galde asko ukaiten zituzten, bainan, zapeten egiteko gauzak eskas ziren.

Gerla bukatu zelarik, zapeteriak berriz hasi ziren karraskan lanean ; maleruski denbora labur batentzat. 1950-ean, Hazparneko langile guziek oren batetako « greba » egin zuten. Zonbeit urtez, denek uste zuten, gauzak ontzen ari zirela. Ez ginen alta ba hartan!

Bi urtez, lau lan toki hetsi ziren. Gauza hori ikusi eta, jendea mugitzen hasi zen eta, 1967-an, Hazpandarrek deliberatu zuten, Baionarat juaitia, Hazparneko heina zer zen « sous-préfet »ari erraiteko. 2000 jende bildu ziren manifestaldi hortarat eta Baionako karriketan ibili. Bainan, horiek guziek ez dute deus onik ekarriko. Nahiz Hazpandar guziak elkartu ziren: hautetsi, apez, nagusi, eta langile, zenbeit laborari ere, botereduneri beren arranguren finki oihukatzeko, laguntza izpirik ez zen nehundik agertu. Jaun Prefetak erran zuen, Hazparne (zone sinistrée) ekarria izanen zela. Nehork ez baitu sekulan jakin, zerbait abentail ukan zuenez Hazparnek izendatze horren ondorioz.

Zenbeit urte pasatu ziren. Lantegi guziek beren griñak bazituzten, eta batek salbu, beren ateak hetsi zituzten. 80 urtez, Hazparneko zapeteriak, lana eta bizitzeko aisetasun bat ekarri dute, hazpandarreri. Maleruski, ez dute bizi luzea ukan, eta hazpandarrek behar izan dute, Hazparnetik kanpo lana hatseman. 2013-ko urte hunen hastapenean erraiten ahal dugu, zorigaitzez, Hazparneko zapateintza ez dela gehiago orroitzapen bat baizik. Hori zen Lehengo Hazparne!

Hazparnen egiten ziren abere lehiaketak

Balin bada zerbeit Hazpandarrek edo Hazparneko laborariek maite zutena, zen, « Comice Agricole » edo, orduan Hazpandarrek deitzen zuten bezala « Concourrak ».

Hazparnen izan dira lehiaketa horiek, 1889-tik, 1972 arte. Zoin gehiagoka horien xehetasun guziak emaiten ahal dira aise, zeren eta, herriko etxeko idazlari zen gizonak, gauza guziak, liburu haundi batean, xeheki ezartzen baitzituen, nola, etxeko nagusi edo etxetierrek, lehiaketa haueri buruz egiten zituzten apailuak. Erran behar da ere, herriak pagatzen zituela egun hortako xahutze guziak.

Hazparneko kabala xapelketa horiek, usuenik, Erramu biharamunian edo Pazko biharamunian egiten ziren. Egun hortan, Hazparnerat gomit ziren, deputatu eta senatoreak, hiri haundi zonbeiten auzapezak, kantonamenduko auzapez guziak eta bost edo sei abere sendatzaile (Maaxelak). Gizon horien izen guziak, aipatu liburu haundi hortan idatziak dira.

Lehiaketa horren legia ezarri zuten xutik, 1889an eta poxi bat kanbiatu, 1921-ean. Lehiaketa hau idekia zen lehenik, Hazparneko kantonamenduko laborari guzier eta, berantxago, Bastida, Beskoitze, Aiherra eta Isturitze-ko laborarier ere. Orai den Urzuia kolegioko ondoan, egun hortako, zurezko etxe ttipi bat eraikitzen zuten, eta handik emaiten zuten, saristatuen zerrenda, irabazi primak eta medailak.

Egun hortarat heldu ziren, orduan ezagutuak ziren hautetsi haundi guziak. Huna heietarik zenbeit : Ibarnegaray, De Coral, De l'Epée. Fresak pagatuak ziren alde guzietarik. Hazparnek berak, bixtan dena, parte haundiena pagatzen zuen, bainan, kantonamenduko herriek, bakotxak bere ahalen arabera, zerbeit emaiten zuten ; aipatu hautetsi haundienek ere, zerbeit emaiten zuten. Banko batzu ere, gastuetan parte hartzen zuten, bai eta ere, kabal artatzaileek.

1922-an “Comice Agricole” horren muntatziak, 4200 libera gostatu zen; 1935-ean, 9 000 libera. Gerlaren ondotik haatik, azkarki kariotu zen “affaira”. 1946-an, 46 000 libera gostatu zen. 1950-ean, 70 000, eta 1960-an, 268 000 libera.

Presentatuak ziren abereen zenbakia, lehenik, emandatuz joan zen. 130 ziren, 1927-an. Zenbaki haundiena izan zen, 1936-an, zeren, 224 kabala bildu baitziren. Bigarren gerla pasatu eta haatik, zenbaki hori azkarki ttipitu zen. 1962-an, 86 ziren bakarrik. 1965-ean, 73, eta, 1970-ean, 43 bakarrik etorri ziren. Ez da “estonatzeko” hau, azkena izan baitzen. Laborariek behar zituzten kabalak ongi prestatu eta bideetan autoak nonbre haundian izanik, beren kabalak ez zituzten oinez ekarri behar, lehen bezala, bainan kamiunetetan.

Urte gehienetan, laborari berek zituzten prima haundienak ukaiten. Gehienik aipatuak direnetan aurkitzen dira : Bernardin Pagueguy, Pierre Soubelet, eta Etcheverry Hazpandarrak, Germain Camblong Makearra, Noblia eta Errecart Aihertarrak, Hirigoyen Lekondarra, eta, Heguy Lekuindarra.

Zoin gehiagoka hori pesta egun bat bezala estimatua baitzen, usu, aratsaldetan, pilota partida bat antolatua zen Trinquet Berrian. Behar da erran ere, “Concourra” eta pilota partidaren artean, bazkari haundi bat bazela, nunbeitik etorriak ziren gizon guzier eskainia zena. 50 biltzen ziren karia hortarat, Hazparneko ostatu batean.

Behar bada, laket izanen zautzie jakitea zer ukan zuten jatera, adibidez, 1927-an, Kaskoina deitu ostatuan. Hasteko : « Consommé Henri IV », gero « Saumon sauce mayonnaise », « Ris de veau à la ménagère », « Filet de bœuf Renaissance », « Fonds d'artichauts à la Paloise », « Dindes truffées » eta « Salade Rachel ». Deserta : « Entremets Moka praliné » eta fruituak, kafea eta ondokoa. Horien pusatzeko : arno xuria, Bordeleko eta Bourgogne-eko 3 arno beltz desberdinekin. Seguraz ere, aserik jali ziren !

Lapurdiko armada

Bi mende baino gehixoago iraun du, Lapurdiko armadak, « La milice du Labourd » izena zuenak. 1565-an, Charles IX, orduan Frantziaren errege zagonak, deliberatu zuen, Lapurdiko lurrak, 1000 gizon ukanen zuen armada ttipi bat behar zuela.

Ehun urtez, konpainia bakotxak 100 gizon bazituen, gero, 50-erat ttipitu ziren. Ordu heietan, 20 konpainia baziren. Hazparnek, 2 konpainia behar zituen ukan. Heldu baita, armada ttipi horrentzat, herriko hamar gizonetarik bat, Milizako fornitu behar zuela. Gizon horiek, behar ziren, etxeko nagusiak izan, 18 urtetarik, 40 urte artekoak. Ez bazen nagusirik aski, azken soldadoak sortian hautatzen zituzten.

Konpainia bakarrak bazuen beren kapitaina, 2 “liutenante ” eta 2 “sarjante ”. Etxeko nagusi batek, zerbitzua ez zuelarik egingo, igortzen ahal zuen, bere orde, beste gizon bat. Herri bakotxak, harmak behar zituzten hornitu. Soldado horiek ez zuten beztimendu berezirik, beren usaiako soinekoak ibiltzen zituzten.

Bi mende horietan, Lapurdiko milizan ziren soldadoak, lehenik, infanteriakoak, izan dira, gero, “arquebusiers” eta azkenik, “mousquetaires”. Erran behar da, herri guziek egiten zutela, ahal zituzten guziak, beren soldado zenbakia ttipitzeko, zeren eta, soldado horiek, herriari gostatzen baitzuten.

Zer egin behar zuen miliza horrek? Soldado horiek, gehienak bederen, gerlari hitsak ziren. Artetan, irakurtzen ahal da, gerla zenbeitetan, Espainiako itzuliño bat egiten zutela. Gehienetan, haatik, Baionarat joaiten ziren, handik gerlarat joanak ziren soldadoen ordaintzeko. Herrian berean haatik, usu lan zerbeit egiteko bazuten. Ordrea behar zuten atxiki, behar zituzten mandil ibilkari eta mozkor guziak arrastatu eta herriko etxeko presondegirat altxatu. Behar zuten ere, tokian izan eta ohore eman, herrian pasatzen ziren gizon haundieri. Hor ziren ere, Pesta Berri egunean. Haatik, ez ziren sekulan agertzen, Hazpandarrak erregearen kontra oldartzen zirelarik, 1760-an eta 1884-an egin zuten bezala. Orduan, Baionan ziren soldadoak baitziren Hazparnerat etorri.

Hazparneko herriaren konduetan aipatzen dira, usu, armada ttipi horren biziarazteko egin bahar ziren pagamendu guziak. Huna heietarik zonbeit : artetan, behar ziren harmak Heletarat igorri, han ongi arranjatzeko. Pesta Berri guziez, soldadoek edaten zuten arnoa pagatu behar zen eta gauza bera egin, karia hortarat, heldu ziren bizpahiru musikarieri. Soldadoak, artetan, Berinotzeko planorat joaiten ziren, tiroka artzeko; han jaten eta edaten zituztenak behar ziren ere pagatu. Berdin ere, mugarat joaiten zirelarik, ofizierak eta soldadoak pagatu behar ziren. Denbora heietan, egunarentzat, ofiziera pagatzen zen, 16 libera, ofizier azpikoa, 11 libera eta soldadoa, 4 libera.

1760-ean, Hazpandarren oldartzea gertatu zelarik, Baionatik, lau soldado konpainia etorri ziren. Hazparnen egon ziren zenbeit egun eta heien jatekoak eta alokamenduak, 1 600 libera gostatu ziren.

Tokiko hautetsiek zituzten hautatzen, armada ttipi horren ofizierak eta ofizier azpikoak. Bertzalde, 30 bat gizon baziren, Hazparne plazakoak, Hazketarrak eta Elizaberritarrak; beste 30, Labiri eta Urkoikoak eta azken 30-ak, Zelai, Sohano eta Minhotzekoak.
Huna orai, Hazpandarrek, 1566-garren urtean, Frantsesen erregeari galdatu zutena :
“Hazparneko jendeek umilki galdatzen dute erregeari, ohart dadin, Hazparne, Espainiako herri aldetik biziki hurbil dela eta hortakotz, biziki usu gerlaren izaiteko irriskuan dela. Frantziako erregeek beti onhartu dituzte Lapurdiko ohidurak eta araudi zaharrak. Zu etorri ziren geroztik, Lapurdiko lurretan behar dugu hornitu eta artatu, mila gizonen armada ttipi bat, urtean, 10 000 libera gostatzen dena. Tokiko jendea, beren ohidura zaharren galtzeaz, maiz larderiatua da . Beharrik, zu etorri zirelarik, manatu duzu Lapurdiko jendeak beren dretxo eta ohidura zaharrak beti balio bera izan dezaten. Erran duzu, beharrik ere, gure sal-erosketak egiten ahalko zirela, askatasunean eta hauek sartzen edo ateratzen ahalko zirela hemendik, geihiagoko zergarik gabe. Gauza hori ez bazinu egin, Hazpandar zonbeitek beharko zuten herritik urrun joan bizitzeko."
Charles IX, orduko Frantziako erregeak, Hazpandarrek igorri galdea onhartu zuen.

Hazparneko oihanak

Leheneko erran zahar batek dio : urtxintxa bat joaiten ahal litakela, arbolez arbol, Hazparnetik Baionarat, sekulan lurra hunkitu gabe. Egia izana zen behar bada noizbeit, bainan ordutik, gauzak aldatu dira.

Duela hiru mende Hazparneko herria, oihan haundi baten erdian zen. Baziren orduan bi haitz mota : “le chêne pédonculé” deitzen zen haitza, arbol haundi eta azkar bat eta, bertzea, erdaraz deitzen zena, “chêne tauzin”; euskaraz izena du “ametza”. Ttipiagoa eta guziz abartsua. Bigarren mota hori zen, nonbre haudienean . Hazpandarrek, ametzetik ateratzen zuten larru tanatzeko behar zuten arbol axala .

Partikulazki horren gatik, Hazparneko oihanak, luzaz, balio haundia ukan du eta orduko hautetsiek behar zuten ongi artatu. Haitz horiek emaiten zuten ere, ausarki, zerrien pazkatzeko behar ziren ezkurrak. Horien guziendako , behar ziren, sortzen ziren landare ttipiak, aker eta ahuntzetarik beiratu. Behar zuten ere, urte guziez, landare ttipi horien haundiarazteko, lurra lantu eta hartan landatu.

Denbora heietan, familia bakotxak, bi arbol ttipi behar zituen landatu, kartiereko hautetsiek erakutsi tokian. Kridatik entzuten zutelarik galdea, beren arbol ttipiekin, erakutsi tokirat joan behar ziren, lurrean emaiteko. Familia zonbeitek ez baitzuten lan ttipi horren egiteko gutiziarik, hauek, inpos ttipi bat behar zuten pagatu Hazparneko herriari.

Orduan ere egurrak balio haundia zuen, eta hortarako, lau gizon hautatuak ziren oihanak untsa zaintzeko gisan. Erran bahar da, orduan, oihanak bazituela bi lanjer haundi : lehena, ohointza; Hazpandar zonbeitek arbolak pikatzen zituzten eta etxerat eremaiten; bainan usuenik, Hazparneko mugetan ziren herri ttipietarik heldu ziren, gauaz, arbolen pikatzeko, beren etxetarat joaiteko. Aipatu zaintzale horiek bazuten nun zer egin, bai egunaz eta bai gauaz ere. Bigarren lanjer haundia zen, sua, oihanean usu lotzen zena eta gehienetan gizonek berak pizturik, gaur gertatzen den molde berean. Sua gertatzen zenean, 20 bat gizon joaiten ziren Hazparnetik haren hiltzerat. Ahal zutena beiratzen zuten, bainan ez zen beti errets. Hazparneko ixtorioak dionaz, zonbeitetan, oihan eremu haundiak suntsitzen ziren.

Hazparneko oihanak bazituen bertze abantail frango. Lehenik, Hazpandarrek, berotzeko behar zuten egur guzia oihan hortarik ateratzen zen. Bertzalde, etxegintzako behar zen zur guzia oihanetik ateratzen zituzten. Norbeitek zerbitzu haundia egiten zuelarik Hazparneko herriari, Hazpandarrek, zeinbeit orgatara egur eskaintzen zioten, beren egitateaz eskertzeko. Artetan ere, Herriko gizonek, galdea ukaiten zutenaren arauka, haitz trunko haundi zenbeit igortzen zituzten erregearen untzi haundien egiteko. Erran behar da oraino, zonbeit auzapezek , Herriko etxearen kutxa hutsa zelarik, hunen berriz betetzeko, arbola andana bat saltzen zuten. Bainan, orduan, bazen orotakoa nasaiki!

Haatik , Hazparnen, gauza bat egiten zen, bertze herrietan egiten ez zena : arbola guziak buluziak saltzen ziren. Axala, tokian berean utzi behar zen, zeren eta, larru apaintzaleek, axal hartarik jalitzen zuten “tannin” deitu jusa, beren lanako behar baitzuten.

Frantziako Iraultzaren ondotik, oihana, ez da luzaz Hazparneko hautetsien meneko izan. Jaun suprefetak nahi izan zituen gauzak kanbiatu eta, Hazparneko oihanak, “régime forestier” delakoan ezarri zituen. Xede haundiak aipu izan dira, noiztenka, bainan bihi batek ere ez du dirurik ikusi eta ondorioz, egin gabe gelditu dira. Orduan baziren 2600 hektara oihan. 19garren mendean, 3000 arbol salduak izan ziren. 20garren mendearen hastapenean, Pierre Broussain-ek, oihana berriz piztu nahi izan zuen. Herriak, berak erein landare hazietarik, landare gazteak landatu zituen. Bainan, handik zenbeit urtez zer gertatu den, nehork ez du erraiten ahal. Orduko paperetan, deus ez da nihun ageri. Arto eskasez galdu ote direa ?

Egungo egunean, « Eaux et Forêts » deitu bulegoak ditu Hazparneko oihanak artatzen. Bertze toki batzu, pentze eta laborantxa lur bilakatu dira. Hazparneko lurrek beti 6 600 hektara badituzte. Juanden mende hunen undarrean, Pinatel Auzapez izan den denboran, arbol landatze zenbeit izan dira, bainan, zorigaitzez, aldi oroz suak suntsitzen zituen landare horiek. Mendeen gostuz, zernahi gora behera jasan ditu Hazparneko oihanak. Horren gatik, halere, baliotsuak gelditzen dira. Esperantza atxikitzen ahal da beti untsa artatuak eta zainduak izanen direla.

« 1760-eko iraultza »

1760-garren urtean, lege berri bat agertzen da, zoinek bortxatzen zuena, larru lanetan ari diren guziek, inpos berri bat pagatu beharko zutela. Hazparnen, ordu heietan, larru ainitz lantzen zen, ez bakarrik lekuko beharrentzat, bainan ere, saltzeko, herritik kanpo eta bereziki, merkatu egunetan.
Hazpandarrak, nahigabe berri hori ikusi eta, arrunt asaldatu ziren. Alabainan, larru lanetan azkarki ari ziren, ezen, hortan artzeko, bi gauza beharrezkoenak batzuztelakotz : ura, eta bere haitz ametzetarik ateratzen zuten, tanatzeko baliatzen zuten arbol azala.

Lege berri hori agertu orduko, izpirituak berotu ziren. Larru egite horrek, ainitz lan emaiten baitzuen Hazparnen, ordu heietan lur lanetan ari ziren familia andana bati. Denbora berean, Hazpandarrak ez ziren sobera akomaatzen orduko « Syndic général du pays » zen, Delissalde, jaunarekin. Gizon horrek, Hazparne mugitzen hasten zela ikusirik, Baionan bildu zituen Hazparneko gizon zonbeit, eta preso altxatu. Bizpahiru egun barne, « grenadiers» deitzen ziren soldadoak, lau konpainia, Hazparnerat igorri zituen. Soldado horiek, Hazparnen, lau hilabetez egonen ziren, eta heiek joan eta, beste bi konpainia “ Royal Cantabres” deitu erreximendutik etorri ziren.

Hazpandarrak, orduan, oraino gehiago kexatu ziren. Bainan, denbora poxi bat utzi zuten pasatzerat, eta orduan, eztiki, bainan fermuki, oldartu ziren. Baionan egoiten den Erregearen gizonari, gutun luze bat idatzi zioten. Gutun hori hasten zen erranez : Hazpandarrak, betidanik, erregearen « sujet » leial eta kartsuak, izan direla. Segitzen dute erranez : herria gaitzeko gabezian dela eta, jadanik, lanik aski baduela, usaiako inposen pagatzeko. Alabainan, jadanik, zonbeit urtez, beharko dute 1600 libera eman, « syndic du pays » den gizonari, eta, Hazparnen egon diren soldadoak, 3500 libera gosta izan direla. Galdatzen dute ere, beren gostuko, xahutze horiek guziek behar luketela Lapurtar guzien artean partekatuak izan.

Galde horiek nola onartuak izan ziren ?
Lehen galde horrek ez zuen deusik onik ekarri. Denbora pasatu zen, nehor mugitu gabe. Orduan, Hazpandar hautetsiek deliberatu zuten gutun bat igorri behar zutela, « Intendant de justice » zen, d'Etigny jaun Apezpikuari, hunek Akitaniako parte haundi bat bere azpiko zuena. 18 hostoko gutun luze bat izkiriatu zankoten, nun erraiten zuten, Hazpandarrak arras lotsatuak zirela, ikusiz, soldadoen jan eta edanak pagatu behar zituztela, bai eta, beste xahutze frango. Erraiten zankoten ere, ez zela gauza hori batere xuxena, eta Lapurtar guziek behar zutela bere partea pagatu.

Arte hortan, denbora pasatu zen oraino, bainan, Hazpandarrek igorri gutun harrek, bere lana egin zuen, eta, noizbait, gutun horren errantzuna ukan zuten. Hunek zion : Hazparneko jendeek arrazoin zutela eta ez zuela Hazparnek, berak, pagatu behar, bainan, Lapurtar guziek. Ondorioz, 7000 libera pagatzeko orde, Hazpandarrek, 700 libera pagatu behar izan zuten, ez baitzen arras berdin !

Egia erran, nahiz Hazparnen egiten zen larru lan gehiena, erraiten ahal da, herri ttipienak ere bazuela bere larru egilea. Aldi hortan, haatik, behar zen idurikatu ondoan, Hazpandarrek bere galdearen errantzuna ukan zuten.

Hazparneko pestak

Herriko etxean diren paper zaharrenek, ez dute sekulan aipatzen Herriko pestarik. Alta ba, pestak baziren. Usu haatik, gertakari haundi baten ospatzeko egiten ziren, edo, erregearen manuz –erregearen seme bat sortzen zelarik- Frantziako gizon ospetsu bat Hazparnerat etortzen zelarik, edo, gerla irabazte baten ospatzeko.

Ospatze horiek, beti manera berean egiten ziren. Lehenik, “Te Deum” kantatzen zen elizan. Gero, herriko plazaren erdian, alaitasunezko sua pizten zen. Gero, arnoa emaiten zen edaterak, urririk, nahi zuteneri eta gaua heldu zelarik, bazter guziak argitzen ziren orduko argitzeko tresna eta moldearekin. Herriko soldadoek ere, pesta hortan parte hartzen zuten, beren harmekin tiro eginez.
Iraultza denbora jin zelarik, ez zen pestarik gehiago. Elizaberritarrek haatik, deliberatu zuten, bere Trinitateko pesta egin behar zutela. Orduan, jandarmek etorri ziren, eta ostalera preso ezarri zuten.
Iraultza pasatu eta, herrian berean, eta auzo gehienetan, pestak egiten ziren. Kartierak bere arrabota bazuelarik, pilota partida bat egiten zen. Pilota plazarik ez zelarik, birleta zoingehiagoko bat egiten zuten, eta handik segidan, musikari bat edo biekin, dantzaldi bat egiten zen. Denetan bazen afaria, eta ohidura zahar bat zen, pesta afarietan, angiren zerbitzatzea.

20garren mendearen hastean, agertzen dira, Hazparneko pesten lehen egitarauak. 1913-an, lau egun pesta baziren. Urte hortan, xisterazko partida bat eta behi kurtsa, lau behiekin izan ziren. 1927-ko pesten egitaraua ere bada. Igande goizean, meza nagusia eta segidan, zeremonia bat, gerlan hilak ziren harriaren aintzinean. Aratsaldean, esku huskako pilota partida bat: Léon Dongaitz eta Arcé, Artamendi eta Zabalaren kontra. Astelehenean, haurren jostagailuak izan ziren, eta gero, bizikleta kurtsa, Hazparne, Bastida eta Beskoitzeko bi itzuli egin zuena. Asteartean, « toberak » izan ziren, Xetre, Larralde, eta Larramendy bertsolariekin, eta plazan, esku huskako pilota partida : Durruty eta Arnaud Abadie, Saint Martin eta Haltyren kontra. Astezken goizean, xistera ttipiko partida bat eta aratsaldean, bi partida : bat, Fontan etxearen gibelean zen trinketean : Isidore Dongaitz eta Edouard Arrayet, Salegin eta Ignacioren kontra ; beste bat, plaza libroan : Atano bi anaiak, Mondragonez eta Erastiren kontra. Orduan, pentsatzen ahal da, ez zela partida ederragorik egiten ahal !

Erran behar da ere, egun guziez, dantzaldiak bazirela. Orduan, ez baitzen musika haundirik entzuten ahal, larunbat aratsaldean, zazpi edo zortzi musikari Baionatik heldu zirelarik, pesten alaitzeko, bazuten, Hazketan, haur andana haundi bat heien beha zagona, Hazparneko plazaraino heien segitzeko. Orduan, pesta guzia Plaza berrian pasatzen zen, eta, harren bazterrean den joan-jin bidean, Hazparneko lau ostaleri, lau toki alokatuak ziren, bakotxak 20 metrekoak, pestak irauten zuten denborarentzat.

Orduko pesta horiek, 1925-a arte, 15000 liberako bat gosta ziren. 1939-an, hogoi bat mila libera gostatu zen. 1945-ean, gerla bukatu zelarik, zonbeit urtez, pestek arrakasta haundia ukan zuten. Pilota partidek, bazuten oraino arrakasta haundia ere. Haatik, askitto fite, gauzak aldatu ziren. Gerla bukatuta eta, laugarren urtean, pestek, 600 000 libera gostatzen ziren. Orduko antolatzaileek sendi izan zuten behar zela zerbeit kanbiatu. Ikusgarri desberdinak antolatu zituzten : herri ohidurak, indar jokoak, guduka eta ukabilkako ikusgarriak. Izan ziren “variétés” deitzen ziren ikusgarriak : Henri Genès, Alain Souchon eta Antoine, pestakari, Hazparneko Plaza berrian izan dira.

Kanbiamendu haundienak, 1970-ean, izan dira. Geroztik, Hazparneko pestak, ortzirale aratsearekin hasten dira. Aparka leku haundi bat ukanik, pestetako jostagailuak, Hazparnerat, nonbre haundian etortzen dira. Pesten antolatzea ez da hortako erretsago. Pestetaz arta hartzen duten gazteek, urte guziez, gauza berri batzu ekarri behar dituzte. Zonbeit aldiz, gauza berri horiek arrakasta badute, beste batzuek, batere. Ez da errets!

Kanbiamendu haundiak izan dira gure pestetan, eta izanen oraino heldu diren urteetan. Hazparneko pestak izan dira xoko huntako haundienatarik, orai ere hala dira…….. Bainan, gaur, eta hori azken 15 urte hauetan, Hazparneko pestak, berriz ohidurari itzuli dira, eta pesta horiek, herrikoiak izaiten dira. Euskal Herriko biztanleri gustatzen zaizkioten Euskal pestak .

Hazparneko eiherak

Hazparneko paperetan, eiherak, usu aipatuak dira. Leheneko mendetan, eiherak nunbre haudian baziren eta hau, bi arrazoinen gatik. Lehena, duela 400 urte jadanik, Hazparnek bazituen 4 500 biztanle. Heiek behar zuten jan eta, beren jatekoan, ogiak parte haundia hartzen zuen. Bigarren arrazoina, eiheren itzularazteko, ur-errekak behar dira eta, Hazparneko lurretan, denbora heietan, 150 bat baziren.

Eiherazainek toki haundi bat atxikitzen zuten beste jenden artean. Haiek, berriak hedatzen zituzten, beren kartierretan, etxez etxe ibiltzen zirelarik. Hazparneko lurren hego aldean ziren, partikulazki, eiharak. Urkoin berean, 6 baziren. 1 834-ean, Hazparnen, oro konda, 29 eihera baziren.

Eiheren historioa aipatzen delarik, bada gauza bat aipatu behar dena. Hazparne Herri-etxeko idatzi guziak, frantsesez eginak dira, salbu gauza bat, eiharazainak ibiltzen zituen tresna guziak euskaraz deituak dira, hala nola ikusten diren hunelako hitz batzu : tturruttak, xizela, laka, ardatza, zurruta edo altxa-pizoa.

Eihara bakotxak, bi eihera harri bazituen, bat ogiaren ehotzeko eta bestea artoaren ehotzeko. Denbora heietan, eiherek garrantzi premiatsu bat bazuten eta ez da harritzeko, heien ibil moldea legez arauditua bazen.

1 660-ean, herriak, 5 eihera bazituen bere kondu, nahi zutener alokatzen zituenak. Eihera horiek, bazuten bakotxak bere izena : Araneko eihera, Ganburriko eihera, Olabideko eihera, Eiheraxaharretakoa eta Arangureneko eihera. Bazuten ere legezko artzeko molde berezi bat : behar zuten, ukaiten zuten ogi eta arto guzia ongi ehotu, familiako aita on batek egiten ahal zuen gisan. Ukan irinaren 16 garrena berentzat atxikitzen ahal zuten, lanaren saritzat.

Eiherazainak behar zuen, egun guziez eta egun guzian, bere eiheraren borta idekirik utzi. Behar zituen ere, garbiki atxiki, ur- erreka, bere etxea, eta bere etxerat eramaiten zuen bidea. Bide horrek bazuen izen berezia: Eiherabularra. Eiharazain berri batek, herriko eihera bat hartzen zuelarik, zenbeit gauza egin behar zituen. Notarioa heldu zen, lekuko gisa hautatuak ziren bizpahiru gizonekin. Lege gizonak, eiherazain berria eskutik hartzen zuen, atea idekitzen, eta sarrarazten. Orduan, eiherazaina ibil zitaiken bere eihera eta apartamendu berrian, joan jinka, toki guzietan murruak eskuz hunkituz. Urte batentzat, eihera berrian, bera zela nagusi, behar zuen untsa erakutsi, hor ziren jende guzieri.

Duela zonbeit urte, Gnagnikako eiherarat izan ginelarik, hango etxekanderiaren ikusterat, erran zaukun : “Lehen, eiherako seme alabak, usu, elgarren artean esposatzen ziren. Ni, Agerre eiherako alaba nintzan eta Gnagnikako eiherazainarekin esposatu nintzan. Ene senarra joaiten zen etxetarat, bihiaren bila eta gero, irinaren ekartzerat. Ez ginen soberarik aise bizi. Egiten ginuen irinaren hamar partetarik bat, atxikitzen ginuen, gure lanaren pagatzeko. Gure eiheraren errota itzulikatzen ahal zen urte guzian, zeren, naza baiginuen uraren atxikitzeko. Euria zelarik, bihien edo irinaren zakuen gainean, lehen Hazparnen egiten zen oihal pizu eta lodi bat, ezartzen ginuen.”

Geroztik, Baionako bidea largatu beharrez, Gnagnikako eihera lurrerat botatua izan da. Hazparneko azken eiheretarik zen. Damu du, oraiko mendeari tokia eman beharrez, leheneko gauzak suntsituak izan diten. Hazparnen izan diren eihera zonbeitetan, errotari esker, dynamo bat kurriarazten zuten eta ondorioz, elektrika egiten zuten. Gnagnikan berean, 1950-eko urtetan, elektrika egiten zuen, Larregain Apezak, eiherako murruen jabeak, gazte batzuen eskolatzeko elektrika lanetan.

Hazparneko karriketaz zenbeit gogoeta

1942-an , "Aufa Mutilak" aldizkarian izan zen galdaketa bat: Hazparneko karrikeri zer izen eman? Zorigaitzez, aurtengo emanaldiak bukatzen baitira, hemen ez ditugu eztabada guziak aipatuko. Zenbeit utziko ditugu helduden larrazkeneko.

Ordu hartan, Piarres Larzabal zen Hazparnen bikario eta hunek egin zuen galde hori, bai eta, jenden erantzunak bildu. Huna nola ereman zuen bere ikerketa.

“Rue Neuve” deitu karrikarentzat behar litaike izen bat plantakoa, Baionatik heldu diren kaskoineri erakusteko, bagirela gero gu ere! Nago, nork emana zuen karrika horri “Rue Neuve” izena, ikusiz, karrika hortan diren etxe batzu: Larredienia, Jandarmeri zaharra (Kaserna deitua) eta Kasinotea. Berdin deitzen ahal zuten “Rue des antiquités”! Zaharrek dioten bazela, bide bazter hortan etxe bat ba omen zen “Kakamehetea” deitzen zutena; bainan aspaldian eroria da etxe hori, behar bada bere usain txarra ezin jasanez! Eta gaur! Zer izan den ahantziarazi nahiz, karrika horrek, gora egiten du: kukuruku ! Ez direa hor « Hôtel moderne », « Hôtel Berria », « Les établissements Pierre et successeurs » eta nik dakita zer oraino, geroari buruz beha dakionak. Beraz, zergatik ez eman karrika huni izen berria, “Rue du progrès” edo « Rue de l'avenir » edo ere “ Rue de l'espérance », euskaraz : « Geroko karrika » edo « Aments karrika”?

Bainan izan dauku ikusterat, Jaun bat, Hazparnen ainitz kurritu dena, eta hunek erran dauku, bazela karrika hortan, Norbeit, mundu zabalean ongi ezagutua zena eta karrika hortan, ardura ibili izan dena. Hori zen, Eihartzeko nagusi zena eta ondorioz, haren izena behar zela eman : “Francis Jammes Karrika “. Izen hau eman daukunak, amets bat ere egin du gure aintzinean, kokotsa perekatuz eta begiak urrun galduak, erraiten zaukula : « Gure kontseiluak behar lizazke landaarazi arbol eder batzu, Manexundetik eta Eihartzeraino, bidearen bi sahetsetan eta ondorioz, bide hori deitu “Boulevard Francis Jammes" ».

Jin zauku ere, halako neska papillun ergel bat, dena hihihi ! erdi frantximent erdi euskaraz mintzo. Arrunt « paysans » omen girela erran dauku, eta zion ere : « On ne peut même pas se mettre en maillot de bain dans ce foutu pays ! » Neska horren kontsolatzeko karrika huni emaiten ahalko ginuke « Rue de l'océan » izena, edo « Itsas karrika ». Ahatik, oxtian aipatu jaun horri, hau ez zaio gustokoa agertu, ezen, erraiten zaukunaz, Hazparnen, espantu haundikoak girelako fama haundia baitugu, gure herria itsas hegian ezartzen badugu Hazparneko karrika huni izen hori emanez, xahu gintaizke ! Nik, eman nio « Rue de France » izena, dio Piarres Larzabalek, erakusterat emaiteko, Euskal Herrian bagira, Frantziarat buruz dugula gure ixuria, eta ez dugula arnegatzen gure erresuma. Huna beraz karrika horrentzat aipatu izenak. Eta gure hautua egin aintzin, galda dezazue Xemartin Guillamundeguy-ri, harrek aterako baitu izen bat gatz biperrekin. Galda, eta jin laster guri erraiterat zer dion hunek !

Huna beraz gure proposamendu zenbeit : Elizatik Kanboratekoari, eman diogu « Lapurdirako Karrika » izena, frantsesez « Rue du Labourd ». « Rue montante » karrikari berriz, « Rue du mont Ursuia » edo « Ursurako karrika ». Hazparne baita Euskal herriko bihotza, eta hiri ederrenetarik bat, « Rue neuve » karrikari eman diogu « Rue Euskarienne » izena, edo, « Euskadi karrika ». Aldiz, Lekuinerat doanari, « Nabarrerako Karrika », « Rue de Navarre », Base Nabarrerat doazin karrika delakotz. Jandarmeriatik, Bastidarat doan bide horri eman diogu izena : « Kaskoiniako karrika », « Rue de Gascogne ». Hazparne baita beren larru lanentzat, Frantziako herri lehenetarik bat, elizatik Pattoterat doan karrika horri, « Larru eder karrika », « Rue du beau cuir ». Elizatik Elixabehererat doanari : « Elhiarreko karrika » edo « Rue de Elhuiar ». Alabainan, Elhiarria famatua izan da, ezen, lehen, herriko pestak hor egiten baitziren. Hazparnek ukan ditu pilotari frango, bainan hauetan aipatuenetarik bat izan da, Jats, Jean Sabalo, izen deiturak zituenak. Beraz, Hôtel Kaskoinatik, pilota plazarat doan karrika hertsi hori deituko dugu, “Jats karrika”. « Arteka txarra » edo « Ruelle Lafitte » karrikarentzat hautatu dugu, gatz biperrekilako izen bat : « Rue des parfums » edo « Lili karrika ».

Piarres Larzabal Apezak zion: ”Gure herriko kontseilariek, agian karrika izen hauek kondutan hartuko dituzte eta idatziko murru ezkinetan, euskaraz eta frantsesez ». Huna beraz , 1942-an, jadanik aipu zela, argibideak bi hizkuntzetan ezartzea. Bainan, garai hartan, aments gelditu ziren Apezaren eta herritar batzuen asmuak !