2013/2014 "HAZPARNE XAHAR BERRI" LAPURDI IRRATI-ko EUSKARAZKO KRONIKA (4garren urtea)

Hazparne : jende eta gertakarietaz

1993-ko urtean, « Ekaldia » argitalpenean irakur ditaike, Hazparneko ixtorioari buruz zenbeit argibide. Huna liburu horrek zer dion. Hala nola, behin, ixtorio hurbilean izan diren gizon eta emazte aipagarrienak .

*JENDE EZAGUTUAK* : *Guillaume-Raymond de Sault, Lapurdiko Bikontea; 1193-an, bere eskubideak saldu zituen Engleterrako erregeari.
*Pierre de Saint -Jean, « Jauregiko » semea, Baionako Apezpiku izan zen 1318-tik eta 1356-a arte. *Guillaume Vital de Saint- Jean, Baionako Apezpiku (1362–1369), Hazparne Jauregikoa hau ere . *Fernando Alvarez de Tolède, Albe-ko Dukea, hunek, Hazparne bahitu zuen 1512 an. *Jean-Pierre Garat, 1769-an sortua, Pikasarrian, Hazparneko misionest etxearen sortzailea. *Marie Etcheverry, 1738-an, erretretuen etxe bat eta eskola bat sortu zituena, Visitation deitu serora komentuaren gerizapean (Komentu zaharra). *Pierre Broussain, Hazparneko Auzapeza, 1920-an zendua, Euskal abertzale lehenetarik eta euskal zaindiaren sortzailetarik izan dena. *Clément- Joseph Mathieu (1882-1963), Akizeko Apezpiku izan zena.

*KULTURA MAILAN*
*Pierre d'Iharce de Bidassouet Apeza (1766-1830). *Pierre Haristoy Apeza (1833-1901), Hazparnen bikario izana, ixtorio idazlaria ; « Euskal Herriari buruz ixtorio ikerketak » idatzi zuen bai eta, "Euskal Herriko parropiak, Frantziako iraultza denboran". *Francis Jammes olerkaria, 1920eko urtean, Eihartzerat etorri zen eta 1938an zendu, toki hortan.
Bertze olerkari edo idazlari batzu aipatuak dira liburu hortan: *Joseph Choribit (1922)-an zendua; *Jean Hiriart-Urruty, José Mendiague, Pierre Espil eta Jean Louis Davant Euskalzaindikoa. Bertzalde : Léon Léon Apeza, (1896) mila zortzi ehun ta larogoita hamasei-an sortua, euskarazko antzerki idazlea. "Gure Chokoan" idatzi zuen 1926an eta "Jesu Kristo gure Jaunaren Ebengelio Saindua" 1947-an euskaraz itzuli.

*PILOTARIAK*
*Jean Erratxun, "Darritchon", Gaskoina. *Dominique Sabalo- Yats, *Jean Pierre Gorostiague "Esperantza" deitua. *Darritchon, «Behaxka» deitua, *Louis Madré. Erran behar da, ikerketa hau ez dela gaurkoa, eta bertze asko gizon eta emazte, bai eta pilotari aipagarriak izan direla geroztik.

*Ixtorian barna Hazparneko gertakari aipatuenak*
*Hazparneko ingurua, aintzinixtorioko zentro bat da. Ursuia mendia, arkeologiako gune bat da, hiru mailetan behesia, Abarratian bezala. Hazparne, herri gotorra zen jadanik Erromanoen denboran, Erromano harriak porogatzen duenaren arabera. Hau noizkoa den, ezin erran ditaike; batzuek diote; HADRIEN enperadorearen denborakoa dela, 117 eta 138 arte hortakoa; bertzek diote, SEVERE ALEXANDRE enperadorearen denborakoa litaikela, 222 ingurukoa.
*Zalduko jaunak, hamar garren mendeko, Lavedan Bikontetik ateratzen ziren. Arnault de Sault, Hazparneko Barronia ardietsi zuen Lapurdiko bikontea ganik, eta gaztelu bat eraiki zuen, 1125 garren urtean, Labirin (Zaldu zahar). Jaun hori ezkondu zen, Marie Bertrand, Lapurdiko bikontearen alabarekin. Hauen semea,
*Guillaume-Raymond laugarrena, Lapurdi eta Arberuako bikonte bilakatu zen. 1193-ko urtean, bere esku bide edo dretxoak, Angleterrako Erregeari utzi zituen.. 1289-ko maiatzaren 30 an, Guillaume Arnaud de Sault jauna hasi zen, Zaldu berria-ren eraikiarazten Zelaian. Hau, 1310-an bukatua izan zen.

*Hixtorio puska bat orai*
*1656-an, Hazparnek ukan zuen merkatu baten egiteko eskubidea, 15 egunetarik asteartarekin. *1784-eko urtean, gatzaren gainean zergak ezarriak izanen zirela entzunik, Hazparneko emazteak, segaz eta fuxinaz armaturik, oldartu ziren. (idatzia denaren arabera, 6 000 baziren eta Hazparnen, 5000 biztanle baizik ez ziren; erran nahi baitu, bertze nunbeitik ere bazirela etorriak). Oldartze hori azkarki gaiztigatua izan zen eta hunen ondorioz, elizako dorrea moztu zuten. *Frantziako iraultza denboran, errepublikano epelen eta suharren arteko tirabirak izan ziren Hazparnen. Erretorak eta bikarioek errefusatu zuten « sermentea » izenpetzea (errepublikako araudiak Apezek onartzea nahi baitzuten). Apez horiek kendu zituzten beraz, eta hauen orde, konstituzioa izenpetu zuten Apez batzu ezarri.

*Liburu hortan, Apez bitxi bat aipatua da ere.*
1766-an, *« Bidassouet » etxean sortu zen, Pierre D'Iharce Apeza. 1792-an ordenatua izan zen, Donostian, eta han egon zen 10 urtez. Hazparneko Bikario izendatua izan zen, 1825an. Idatzi zuen « Kantabren ixtorioa » eta « Euskaldunen eta aziatikoen hizkuntzaren berdintasunak ». Liburu hau, fantesiazko obra bat zela, ikerketa seriosik gabe egina, errana izan zen. 1830-eko urtean, Arbou, Baionako Apezpikuarekin eztabadan sartu zen. Huni kontseilatu zion, kasu egitea, Jesuisten fanatismo itsuari. Apezpikua mendekatu zitzaion, eta gaztigatuko zuela erran, gure Hazpandar Apezak gogo horietan bermatzen bazen. 1831 urteko abendoaren 20an, D'Iharce Apezak idatzi zuen Apezpikuari: ” Zure egiteko moldea ez da Eliza gizon haundi baten hainekoa. Nahi zinuke, nik onart dezatan, arroltzearen gainean biloak direla? Bortxatzen nauzu zure menpetik ateratzerat. Iduritzen zaut Jauna, zure krosoak bota dautzun elektrika kolpeak, gure libertate kultualaren nahi duen bezala, zure nagusitasuna oraindik sekulakotz ilusionezkoa bilakatua dela.” (Parachou zenak zionaz.) Apez hunek, geroztik, goiz guziz jeiki orduko, tiro egiten zuen Hazparnetik, Apezpikuteari buruz. Bertzalde, D'Iharce delako Apez hau, eskubiderik gabe medikuntzan ari zen. Medikuen Fakultatearekin ixtorioak sortu ziren ere. 1843ko urtean hil zen, elbarriturik, eta bere eztabada guzien gatik, Apezpikuteak artatu eta lagundu zuen azken oreneraino.

Hazparneko tanerien historioa

Jakina den bezala, Hazparnek, duela aspalditik, baditu 770 hektara lur berenak, eta hauetan, haitztegiak, gaur baino aise gehiago. Oihan horiek, ametzteiak ziren gehienak. Herritarrek, behingo denboretan, beren etxeen eraikitzeko baliatzen zituzten zurak. Bainan saltzen zituzten ere zuhaitzak, beren axaletik buluzi ondoan. Erosten zuenak, berak kentzen zuen arbolaren axala eta hau tokian uzten. Herriak bereganatzen zuen ; gero, tanerietako eiheretarat eremana zen. Axal hori ehotzen zuten, eta huntarik ateratzen, Tanoa, larruapaintzeko baliatzen zutena.

Taneriak, bereziki, Zelaian eta karrikan ziren. Taneria eiherak ur erreka bazterretan ziren. Larruapaintzalen ixtorioa biziki zaharra bada ere, hau aipatzen duten idatziak, 18 garren mendetik hunat baizik ez dira. Orduan baitzen Erregea ohartu, Hazparnen eta inguruetan, larruapaintzale ainitz bazirela, eta ez zuela huntarik zergarik altxatzen. Beraz, hauek galdatu zituen Hazparneko herriko etxeari. Bainan, Hazpandarrek, mila estakuru pentsatu zituzten, erregeari sinestaratzeko, larruapaintzalegotik ez zutela diru guti baizik egiten ; larru ainitz Españarat saltzen baitzuten, eta komertsio huntan, kontrabanda ere baizitakeen, hau ez zitaiken gauza aisea zenbakitzeko.
Zenbeit urte iragan ziren horela, galde erantzunka. Erregearen izenean, probinziako arduradun haundi batek galdatzen zuen zerga pagatzeko orde, larruapaintzalek proposatu zuten hautsi mautsi bat : urte oroz, 2 000 liberako abonamendu baten ordaintzea. Hau onartuz, erran ere zuten Erregeari, saltzen zuten larru bakotxeko galdegin zerga baino gehiagokoa zela eskaintza hau. (erran gabe doa, deklaratzen zituzten saltzetaz mintzo zirela).

15 urtez ari izan ziren eztabada huntan trinkatu gabe. 1766-eko irailaren 23-ko, inguru hauetako biltzar nagusi batean, erabaki zuten abonamendu hori pagatzea, bainan, azpimarratuz, larru finituentzat zela bakarrik, erran nahi baitu, larruak galdatzen duen lan guziak egin ondoan, pagatzeko izanen zen abonamendua. Hori onartuz, larruapaintzalen lanak, arbol axalen erostetik, tanoaren ehotzetik, lantze guzien ondotik eta saltzea arte, herritik kanporat saltzea barne, abonamendu hortan sartzen zela gehiagoko zergarik gabe. 1768-ko urtean, Erregearen ordezkariek deitzen dituzte larruapaintzale nagusiak, Baionara, biltzarre batetarat. Bernard Fagalde, Hazparneko Auzapezak, bera taneria haundienetarik baten jabea zenak, erantzun zion idatziz : « Tanerietako nagusi bat ere ez dautziete etorriko Baionarako biltzarre hortarat, ezen, denak, Iruñako ferietan izanen baitira ».

Taneriako nagusi saltzaileak guti ziren Hazparnen ; hauek, lana emaiten zuten etxalde ttipietarat eta han egiten ziren larru lan gehientsuak. Urkoiko auzoan, baziren larruapaintzale bereziak, « Chamoiseur », deitzen zirenak, frantses erdaran. Larru fineagoa lantzen zuten hauek : ahuntx basen larruak. Lan berezi hunentzat, ur erreberritze haundia behar zen, eta hau, garbi garbia ; badakigu, toki hortan, Utsutik beheiti heldu den ur erreka, ezin garbiagoa dela, eta beraz, lan hortako egokia ere. Gainerat, Angleterratik heldu zen arrain olioarekin tratatuak ziren larru berezi horiek.

Ordu haietarik eta zenbeit urteren buruan, Frantziako iraultza etorri zen, eta berriz, eztabadak sortu ziren, bai larruapaintzalen eta bai zapataintzaren gaietan. Paper batzuetan irakurtzen ahal da, Baionako arrondizamenduan , Hazparnen, Kanbon, Luhoson eta Ezpeletan, eta oraino bertze toki batzuetan, taneria ainitz badirela eremuetan berduratuak, eta bertzalde, hauek, laborantxan ere ari direnak. Errana da, laborantxak ez diotela mozkin ainitz ekartzen, eremuak menditsuak baitira ; lur hauetarik ez dutela beren herrietako biztanlen hazi beharraren laurden bat, edo hiruetarik bat, baizik fornitzen.

Idatzi beretan irakur ditaike, Lapurdik, lantuak ez diren larru ainitz igortzen dituela Espainiarat. Hauk, berriz salduak dira lantu ondoan, soineko bezala, palto ala galtz moldean. « Espainiarekin komertsioa geldiarazten balitz, herri hau errekarat juan litaike, eta ondorioz, hemengo jendea bertze erresumetarat juaiterat bortxatua litaike», zion Baionako komertsal ganberako arduradunak idatzi batean. 1793-ko urtean, Konbenzioneko lege batek zion : « Denen lan iturria lagundua izan behar da, eta behar da ere, Hazparnen, zapataintzan ari direnen zerrenda bat egin. Hazparneko lau auzoetan, bakotxetik bi gizon hautatu behar dira lan hunen egiteko ». Hau egin ondoan, zapatain guziek behar zituzten, legez manatua zen araberan, zapata zenbaki berezi bat egin egun bakotx. Gero, zapatak ere egiten dituzten taneriek, behar zituzten zapatak egin, Pireneetako armadarentzat.

Taneria eta zapataintzan ari diren hauek, 13 ziren Hazparnen . Orduko zapatainek, 8 edo 10 sos irabazten zituzten egunean. 19 garren mendean, taneriak desegiten hasi ziren. Larruen saltzeak, Herriko Etxearen sartzeko gelan egiten ziren, merkatu egunetan. 1857-ko urtean, lau taneria baizik ez ziren gelditzen Hazparnen: Branna, bi Broussain, eta Narcisse Choribit. Hauek, nekez heldu ziren 20 garren menderaino, eta gero, gelditu ziren. Mende hunen hastapenean, Elektrika eman zuten Hazparnen, eta huni esker, zapataintza goiti abiatu zen azkarki. 1902-ko urtean, sei lantegi kausitzen ditugu Hazparnen : Amespil eta semeak “Patrundean”, Amespil Xalbat “Fourkadenian”, Josep Daguerre “Ortesenian”, Landarretche “Bil Xokon” eta Hiriart-Urruty “Etchegorrian (Pattotean)” abere portuan. 14eko gerla bukatu zenetik, zapateria hauek azkartu ziren, eta denek lantegi berriak egin zituzten. 1967 urtetik aintzina, zapateriak ere desegiten hasi ziren. Gaur, ez da zapatainik zapataintzan ari denik Hazparnen.


Hazparneko suhiltzaileak

17 eta 18 garren mendean, Hazparneko paper zaharretan irakurtzen ahal ditaikenaren arabera, etxetako suteak ainitz ziren ordu heietan. Etxegintzan, zureria nasaiki baliatzen zen eta suak, gaurko etxetan baino aise gehiago hartze bazuen, gainerat, egoitzak barreatuak ziren ; hauetaz hurbiltzea luze zen sua lotzen zenean. Maiz, etxeak osoki erretzen ziren.

Denbora heietan, horelako sute batek etxe bat suntsitzen zuenean, herriak bazuen, jende dohakabearen laguntzeko boterea eta huni, etxearen berriz eraikitzeko, zurak eta teilak fornitzen zitzaizkoin. 1794-an, Herriko etxeko erabakietan irakur ditaike, nola, Piello Etchetoren etxea erre zenean, herriak eman zizaizkon, 5 orgatera teila, eta, behar zituen zureria guzia. Horelako erabakien berri, nasaiki bada arxiboetan.

Zenbeit aldiz, laguntza hori emendatzen zuten kasuaren arabera ; hala nola, irakurtu izan dugun, Capitandey etxearen erretzearen ondorioz, herriak eman zaizkon zura eta teila, bainan gainerat, orduko kartieretako ordezkariek (herriko zuzendarietan zirenak) , bakotxak bere auzoetan eskea egin zuen, Capitandey-entzat, hunek, beren mubleak eta soineko guziak galdu zituelakotz.

Etxeak usu erretzen ziren beraz, bainan ere oihanak. Molde berean, hauek, urrun ziren, eta sutearen tokirat heltzea luze eta neke zen. Sute haueri buru egiteko, formakuntza batzu antolatuak ziren, eta zenbeit dotzena gizonek kargua ukan zuten, suteak zirenean, hauen hiltzerat juaiteko.

Frantziako iraultza biharamunetan, herriko lehen egitekoetarik izan zen, biztanleak suteitik beiratzea. 1792-an, Herriko erabaki batean idatzia da: “Gu, Pierre Fagalde Auzapeza, Pierre Cassain eta Jean Pierre Daguerre, herriaren ordezkariak, izan gira Esperantchaenian, suak egin desmasien zenbakitzeko”. Herriak, ohizko laguntza ekarri zuen etxe hunen jabeari, eta hori eginez, Frantziako deputatu ganbaratik laguntza berezi baten galdatzeko ahala ukan zuen. 1858-ko urte hartan, bi sutei haundi izan ziren Hazparnen, eta orduan, herriko etxeak erabaki zuen suaren hiltzeko punpa berezi baten erostea, eta denbora berean, Suhiltzaile kopuru baten sortzea. Handik eta bi urteren buruan, erabakia izan zen, suhiltzaileek ez zutela gehiago bide artatzeko lanik eginen. Ordu heietan, etxetako gizonek artatzen zituzten bideak eta hauen sahetsak.

Lehen suhiltzaile kopuru horrek, 1888-a arte iraun zuen. Urte hortan, lege berriak etorri ziren, eta haueri ihardesteko, gosta beharko zen diru zama, ezin jasanezkoa zela iduritu zaioten herriko arduraduneri; beraz, desegin zuten Hazparneko suhiltzailen kopurua.

1922-an, Herriko hautetsiek aipatzen dute kontseiluan, nola, suhiltzeko punpa zahartua den, eta ordain bat behar lukela , lehengoa baino indartsuagoa. Ondoko urtean, berriz ere bi sutei haundi izan zituzten herrian: lehena, urtarrilaren 17 an, “Haulon” anaien zapetegia erre zen. Baionako suhiltzaileak etorri zirenean, dena errea zen eta ez zituzten lurreko brasak baizik ito. Suhiltzaileak, bi egun egon ziren Hazparnen, “Hôtel des voyageurs” delakoan, gastuak herriaren gain. Bigarren sutea, hain xuxen eta hala beharra, “Hôtel des voyageurs” delakoan gertatu zen, agorrilaren 5 an. Baionako suhiltzaileak berriz jin ziren, eta aldi huntan ere, bi egun egon Hazparnen . Azken sute hunen ondotik, hôtel horren gainekoaldean bizi ziren 5 familia lagundu zituen Herriko etxeak; hortarako, 1000 franko bozkatu zituen; bertzalde, diru galde bat ideki zuen eta 5 603 franko bildu. Gertakari latz hauen ondorioz, Herriko kontseiluak erabaki zuen, auto moto punpa berriaren erostea bere 500 metra tuiorekilan.

Ondoko urte hastean, suhiltzaile kopurua berriz moldatu zuten 12 gizonekin, lege berrietan berme eta behar zuen tresna guziekin. 1924-eko uztailean, Jaun Prefetak onartu zuen sorkuntza berri hau, eta herriak erosi zituen beztimen bereziak, kleron bat eta atabal bat. Suhiltzaile talde hunen buruzagi, Sarjant bat izendatu zuten. 1933-an, herrian, ura ezarri zuten, eta han hemenka, suhiltzailentzat, ur bideari lotzeko guneak sortu. Handik laster, Suhiltzaile aintzindari haundi batek erran zuen, ur bideari lotzeko gune horier esker, ez zela gehiago automoto punparen beharrik; beraz, herriak saltzeko eman zuen tresna. Moto punpa saldu aintzin, 1939-ko gerla etorri zen eta hunekin, Alemanak. Hauek, automoto punpa bereganatu zuten, puskatu, eta burdin ekei gisa, beren lantegietarat igorri.

Gerla ondoan, Suhiltzaile kopurua departamenduari lotu zuten, eta geroztik, beti haundituz eta tresnatuago dabila kopurua. Gaur, bere denbora gehiena, jende sokorritzan baliatzen dute.


EIHARTZE-ko historioa

1900/1910 urtetan, Eihartzian (egun Gaineko Eihartzia), Hirigoyen familia bizi zen. Jende hauek aberats okituak ziren, bainan, zorigaitzez heientzat, Hirigoyen jaunak bere fortuna osoa suntsitu zuen jokoan, Miarritzeko Kasinoan. Etxe hunen ontasun ziren: Eihartzia, hunen aintzineko pentze eta lur guziak Francis Jammes karrikako bide borrobila arte, Lazuztea, hilarrietako lurrak, Kantoia, Oihartiria, ikastetxe publikoak diren lurrak baratze publikoa barne Lissar karrikaraino, eta Kanboko bidea arte.

Bere diru galtze haundien ondotik, jabeak, lot batean saldu zituen : Eihartzia, bere lur eta dependentziekin, Oihartiria, bere dependentziekin, ordu heietan, 1871an, Hazparne Morroxkotean bizi zen, Lardapide, Herriko hautetsi izendatua izan zen aberats baten alabari. Hunek zuen, diotenaz, Morroxkotea eraikiarazi eta hain segur, ez, Xemartin Harriague, Hazparneko Auzapez ohiak, errana izan den bezala, huni, Morroxko erraiten zutelakotz, etxe hortan bizi izanik.

Dena den, Lardapideren alaba hori, Gilles, armadako aintzindari bati ezkondua zen eta hauek erabaki zuten Morroxkotea saltzea, eta, Eihartzia eta Oihartiriko ontasunak erostea. Eihartzian sartu ziren ondorioz, eta geroztik, Gilles anderea zendu zenean, hunek, Eihartzeko eta Oihartiriko ontasunak, Francis Jammes olerkariari eman zizaizkon. Hunek, bere familia haundiaren biziarazteko ahalik ez ukanez, bere olerkietarik ez baitzen bizitzen ahal, emeki emeki, saldu zituen ontasun gehienak, Eihartzeko etxea salbu.

Francis Jammes hil, eta zenbeit urteren buruan, 1961 urtean, 10 000 liberetan saltzeko ezarria izan zen Eihartzia, inkantean, Baionako tribunalean . Hazparneko Herriak hau erosi zuen; 1965-ean, sartu zen egoitza eder hau, Hazparneko ondarean. 36 000 libera gosta zaion herriari eta Francis Jammes olerkariaren lagunek, 10 000 libera bildu zuten erosketa huni buruz. Etxe ospetsu huntan bizi izan da beraz, Francis Jammes olerkaria. Hau, Ortesetik etortzen zen eta orduko jendeak, nasaiki jakinarazten zuenaz, frantses olerkari hunek, apezen eta Elizaren aurka moldatzen zituen beren olerki guziak. Konbertitu zen, Gilles anderea ezagutu zuenetik, eta hunek, bere ontasunak ondaretzat hitzeman zaizkionetik. Hau, ez da nehun idatzia, argi eta garbi, bainan, han hemenka, zenbeit hitz agertzen dira, ikus molde hunek egiaren usain azkar bat daukala pentsatzeko. Erran bat baizik, ezen, bai, konbertitu zen, hau egia da, eta bai ere, Gilles anderea ezagutu zuenetik, hau ere egia da, eta azkenean, bere ontasunak utzi zaizkiola ere. Ordutik, Elizaren eta apezen adixkide bilakatu zela egia da, hau ere. Beraz, ez da harrigarri omen hori gelditu bazaio.

Dena den, nahiz Hazparnen bizi izan den, olerkari hau guti baizik ez da ezagutua izan herrian. 1868-eko abendoaren 2 an sortu zen, Tournay-en-Bigorre herrian. Bordalen, bere familia bizi izan zen hirian, 1880-etik 1888-raino, egin zituen beren lehen olerkiak. 1889-an, Orteseko notario baten etxean egin zuen lan, zenbeit denboraz. André Gide eta Alfred Valette-n sustenguekin, agertarazi zituen zonbait olerki, 1891-an. 1897-an, «Jammisme » mugimenduak bere fama zabaldu zuen.

« Argi-zirrintako anjelus-etik,ilun-ezkilarat » olerkia agerrarazi zuen, 1898-an. Urte hortan, Claudel eta Charles Guérin kurutzazen ditu ; azken hunek, zonbait olerki egin zizkion. 1901-an agerrarazten zituen « Pazko-loreen dolumina » eta, bihotzpena baten ondorioz, « Beltzdurak ». 1905-etik aintzina, bere fedearen berpizteak bihurtzen ditu bere olerkien gaiak. Paristarrentzat, eskualdun bakartiarra zen, bere mendietan bizi. Bainan, Pariserat joaiten zelarik, xoratzen zituen, Belgikanoak berdin. Frantses zaindian sartzerat ez zuen lortu, nahiz entsegatu zen.

Bere lehen obrak izan dira ezagutuenak, Frantzian, partikulazki, Brassens-ek doinutan ezarri « Mariaren agurra ». Olerkari hau gehiago ezagutua da, Alemanian, Autrixian, Suisan. Erresuma horietan ezagutzen dituzte Francis Jammes-en obra gehienak.

Eliza, Frantziako Iraultza aintzin

"JAINKOA ETA ERREGEA", hau zen ordu heietan, hitz nagusi zena; hunek erran nahi baitu, boteredun zibilen eta elizako gizonen artean, gauzak ordoki zirela. Herriko biltzar nagusiek ordaintzen zituzten apezak, eta ere erabakitzen, nork zonbat meza erranen zuten, nun eta zoin orduetan. Bainan, hurbiletik behatuz, gauzak ez ziren iduri bezain ongi pasatzen denbora heietan ere ; bakotxak bere botereari lotzen baitziren, eta Herriko paper zaharretan irakur ditaike, 1730-etik , eta 1789 arte, Frantziako iraultza etorri arte, zenbeit kataska izan zirela Hazparneko apezen eta herriko arduradunen artean.

1733garren urtean, seroratea (benoîterie) zen gaia. Erretorak, huni buruz nahi ukan zuen eskua hartu, bainan, herritarreri zoan, Serorategiari buruz erabakien hartzea. Eztabada luze baten ondorioz, populazioneko deputazioak trinkatu zuen auzia. Erretora, beren esku bidetan mugatu zuten, eta herriko populua, bere dretxoetan berme atxiki zuten! Hunek erran nahi baitzuen, populuak ukan zuela azken hitza!

1736garren urtean, herritarren biltzar nagusiak, erabaki zuen, Dolhassary, Zelai auzoko apezak, benedikatuko zuela kartier hortako airea, ohi duen bezala. (Airea benedikatzen zen Rogazione egunetan.) Hemen ere, iduriz, Erretorak, bertzela izan zadin nahi ukan zuen.

Herritarren biltzar nagusi horrek berak, 1737garren urtean, erabaki zuen, 20 sols (edo sos) emanak izanen zirela, goiz meza emaiten zuten Apezeri, eta 25 sols, hauek, meza hortan, gazteeri katixima egitekotan, predikuaren bidez, edo ondotikako erakaskuntza batean. 1738-an, Erretora manatua izan zen, konfrerien konduak, argi agertzea, Laurent Garat, Auzapez Abadeari ; bai, Jesusen konfreriakoak, Carmes eta Agoniako konfrerienak berdin. Diru gaineratekorik balitz, kondu horietan, hauek partikatuak izanen dira, Auzapezari iduritzen zaion molderik hoberenean. Urte hortan berean, Herritarren biltzar nagusiak erabaki zuen, 10 sols pagatuak izanen zirela, kartieretako kurutzetarat prosesionean juanen ziren Apezeri. Hemen ere, Rogazione egunetako prosesioneak ziren aipu.

1742-an, Herritarren biltzarrak erabaki zuen, Abokate bat hartzea, jakiteko, hean, herriak fornitu behar zituenez, Elizako ornamenduak ala, Apezpikuteari, Erretorari edo oraino, Sault Zalduko Jaun nobleari, zoan hauen ordaintzea. Geroxago ikusiko dugu herriari zoala hauen ordaintzea. Urte hortan berean, Herriak galdatu zuen Erretorari, bere bikario bati, zabalaraztea, herriko abisu batzu meza denboran. Jende guzia mezan ibiltzen baitzen, horela denek entzunen zituztela Herriko Etxearen abisuak. Hau, onartu zuen Apezak, bainan, kasu huntan ez zuen bortxarik ukan.

1745garren urtean, Klabelek (Sakristianoak) erran zuten, ez zirela bortxatuak, elizkizunetan, "Chaperona" (erminezko jauntzi ospetsu bat) eta Tortxak, herriko Auzapez eta Juratoeri beren tokietarat eremaitea. Orduan ere, Herriko biltzar nagusia bildu zen, eta hunek erabaki zuen, Klabelek beharko zutela segitu ohorezko egitate horiekin, ohidurak manatzen duen bezala. Beren errefusan jarraikitzen badute, beren karguetarik kenduak izanen direla erran zaioten.

1748-an, Hazparneko Erretorak bere gain hartu zituen, Apezpikuaren bisitaren ondorioz izan zituen gastu guziak. Herriko biltzarrak erabaki zuen, Apezaren eskertzeko, zenbeit orga haitz egur emaitea. 1750-ean aldiz, ohizkoa ez zen biltzar batean, herritarrak bildu ziren, jakiteko, hean, Galbarioko mendian, orduan "Suhia mendia" deitzen zen lekuan, kapera bat eraiki behar zenez, han, apez bati airea benedika arazteko. Geroztik badakigu, kapera hori ez dela sekulan eraikia izan.

Urte berean, herritarrek bortxatu zituzten klabelak beren kondu xuxenen agertzerat. Bertze arrangura bat oraino: Jaun Auzapez Abadea oldartu zen, baizik eta, ogi benedikatua, lehenik, Apezeri emana zelakotz eta ez berari eta bere juratoeri, lehengo legeak manatzen zuenaren arabera. Hemen ere, Apeza pleatu zen herriko buruzagiaren nahirat, bainan, ondoko urtean, Auzapez Abade berriak erabaki zuen, lege hunen haustea eta, Apezer uztea ostiaren ukaiteko lehentasuna.

1760-ean, goiz meza emaiten zuen, Lorda Apeza, zendu baitzen, Piquassary Apezak ordainduko zuela erabakia izan zen Herriko Etxean. Hau, 150 libera ordaindua izanen da urtero.

1766garren urtean, erabakia izan zen, elizako gastuak, Apezpikuteak, Erretorak, Zalduko Jaunak eta Amuko markisak hartu behar zituztela beren gain eta ez, ordu arte egiten zen bezala, Herritarrek. Hauek erabaki zuten ere, beren arteko norbeit hiltzen zenean, sobera denbora pasatzen zutela elizan, meza ainitz erranak baitziren hilarentzat zenbeit egunez. Erabaki zuten, meza bat bakarrik emana izanen zeal, ehortzketa eguneko hura eta hau, ofrendarik gabe, ezen, Erretorak, jadanik urteka, aski diru altxatzen baitu.

Epe bat kalapita horietan, 1767-ko urtean, Guillaume Hiriart, Erretora, zendu zenean, hunek, 3000 libera utzi zuen Hazparneko parropiari. Bainan, 1771 urtean, berriz kataska batzu agertu ziren: Bernard Haramboure erretorak arranguratu zen, eliza obra beharretan zela; bainan, herritarrek, ez zuten obren pagatzeko nahikaririk ukan.

Herriko ostatuak

Egun aipatuko ditugu, Hazparneko ostatuak. Lehengo denboretan, ausagailu guti zen denboran, ostatua zen jende biltzeko toki bakarra. Astearen artean, jende guti biltzen bazen ostatuetan, igandetan eta merkatu egunetan, mukurru betetzen ziren. Hor, jokoan ala birleta ari ziren gizonak ; ezen, ordu haietan, emazteek ez zuten eskubiderik ostatuetan sartzeko, nun ez zen, jatetxetan.

Ostatuetan kurritzen ziren berriak, gezurrak eta egiak. Orokorki, omore onean eta adixkidantza hoberenean iragaiten ziren ostatuetako denboraldi horiek ; bainan ez beti, eta urrunago ikusiko dugu, zenbeit kataskaren ondotik, 1755 urtetik goiti, ostatu horietako eskubideak aldatu zirela, igande eta merkatuentzat bereziki.

Louis XIV garren-ak erabakiz, merkatuak bi astetarik egiten ziren Hazparnen, eta egun horietan, zernahi jende etortzen zen Hazparneko merkaturat. Erran dugun bezala, ostatuak mukurru betetzen ziren. Zer edateko? : gehienik, ardoa, frantsesa eta Nafarroakoa, bainan ere, xipixter deitzen ziren aguardinta mota batzu, bai eta ere, Byrrh, Quinquina eta holako edari batzu. Geroxago hasi zen, edari anizatuen edateko ohidura. Laborariek, etxeko ardoa egiten zuten, bainan hau, ardura, arno mehe minarretsua zen, eta merkatu egunetan arno onetik artzea ez zaioten hastiro. Merkatu egunetan, gaua arte egoiten zen jendea ostatuan, eta maiz, kantuz errepikan bukatzen ziren egun alaitsu horiek.

Zapateriak eraiki zutenetik, ostatuen arrakasta haunditu zen oraino, eta ostatu horiek, 46 ziren, berrogoieko gerla aintzin: Karrikan 28 ostatu ziren, 4 Hazketan, 1 Minhotzen, 4 Zelaian, 3 Urkoin, 2 Labirin, 2 Elizaberrin, 2 Pegnan. Beraz, orotarat, 46 ostatu ; 5 000 jende zen herriarentzat, ez baita guti.

Goraxago aipatu bezala, gertakarien arauka, ostatu horien araudiak, edo eskubideak, mugatzen hasi ziren. Hala nola, 1755-eko irailaren 8 an, Jean Bidart Pitxartei, Auzapez zelarik, abisu hau kurri arazi zuen: " Ostalerak, herriko etxeak manatu eginbidetarik aldatzen badira, Erregearen prokuradoreari salatuak izanen dira, edo, Amou-ko Markisaren ganik soldadoak galdatuko ditugu, hutsean den ostalera preso altxaarazteko ".

1763-ko urrian aldiz, Jean Hiriart Ihitz, Auzapeza eta, Jean Baptiste Amou-ko Markisa, abisatuak izan dira, Hazparneko ostalerek, edaterat emaiten zutela, Meza eta elizkizun denboretan, bai eta ere, gauaz aise berantegi. Gainerat, ostatu horietan, debekatuak diren joko ainitzetan jostatzen direla. Ondorioz, ostalerak manatuak izan ziren, elizkizun orduetan, ostatua hestea, eta aratsetan tenorez hestea ere : 9 tan udan, eta 8 tan neguan, aratsetako ezkilaren ondotik berehala. Elizkizun denboretan, Herriko arduradunak ostatuetan pasatuko dira, ikusteko, erabakiak errespetatuak direnez ; hala ez balitz, jokolariak, edaleak eta ostalerak, preso altxatuak izanen dira, gaztigu saria ordaindu arte.

Urte bereko abendoan aldiz, ageri hau irakur ditaike Hazparneko paper zaharretan: " Gaztigu zergetarik bildu dirua, herriko beharduneri partikatua izanen da". Ondoko urtean, Richelieu Dukearen manuz, lo gela edo egoitzak aloiatzen dituztenak, beharko dute liburu batean idatzi, aterbetzen dituzten kanpotiarren izenak, ofizioak, pasaporta eta bertze xehetasun larrienak. Zerbeit arrangura balute jende horieri buruz, hauek, salatu beharko dituzte herriko arduraduneri.

Ostaleren araudiak berriz moldatu zituzten, 1765 garren urtean. Idatzia zen : « Jokolarier sesitu diruaren hiruetarik bat, Erregearentzat izanen da ; hiruetarik bat sesitzailearentzat, eta hiruetarik bat, pobreentzat. » Horela, 1792-arte, urte oroz, zerbeit gaztigu gehiago emendatzen zuten jokolarien kontra, eta ostaleren kontra ; hauek, elizkizun denboretan edaterat emaiten zutelakotz, edo berantegi hesten et abar. Ots! Legearen errespetaraztea neke zen, eta gaztiguen gatik, bai ostalerek, bai jokolariek, berdin segitzen zuten beren ohiduretan.

Urte berean, loteriak ere debekatuak izan ziren. Frantziako iraultza hasia zen, eta jende elgarretaratze guziak debekatu zituzten, pestetan eta ostatuetan biltzea. Egun guziak laneko egunak bilakatu ziren. Bainan, hemen ere, gauzak berdin segitzen zuten, ezen, ageri baten arabera, Elizaberrin, Trinitateko igandearekin, pilota partida bat egin zuten, eta, ostatua mukurru betea zen. Jandarmak etorri ziren, eta ostalera preso altxatu. Hatzeman zituzten guziek, gaztigu zergak ordaindu behar ukan zituzten.

1800 garren urtetik aintzina, gauzak gaixtandu ziren ostatuetan. Ohointzak eta jende hiltzeak ere izan ziren. Errana izan zen, aita familiako askok, gaua ostatuetan pasatzen zutela. Ondorioz, debeku guziak, berriz errespetarazi zituzten. Haatik, joko batzu haizu ziren, kartak, billard, domino, dames, jokoak. Ordutik, ostatu zenbeit, joko guneak bilakatu ziren, nola, Gaskoïna ostatuan, muntatu zuten, " Cercle du progrès". Joko debekatuak gelditu ziren : baccarat, lansquenet, trente et un, trente, eta, quarante, chemin de fer, quinze, pharaon, la roulette, eta hauen iduriko bertze zenbeit.

1907 garren urtean, Pierre Broussain Auzapeza hasi zen, alkolismoari mendekatzen. Herriko etxe publikoen hurbil, 40 metra inguruan, ostatu berri baten idekitzea debekatu zuen.

Kontseilu nagusirako hauteskunde batzu

Egun kondatuko dautzuet, Kontseilu nagusiko bozak nola iragan ziren Hazparneko kantonamenduan, 1905 eta 1910-eko bi hauteskundeetan. Lehen ere, eta behar bada lehen, gaur baino gehiago, kataskak izaiten ziren boz denboretan. Ordu haietan, Xuri eta Gorrien artean ziren tira birak . 1905 ean, Pierre Broussain medikua (Xuria), Hazparneko Auzapez berria presentatu zen, Kontseilu nagusian, Harriague zenaren ordain. Larraidy medikua (Gorria) zuen kontrako bat, eta Ritou notarioa bertzea.

Lehen itzulian, Broussain-ek bildu zituen 888 boz, Larraidy-k 629 eta Ritou-k 501 boz. Bainan, Broussain, ez zen presentatu bigarren itzulian, nahiz eta, kasik segurra zuen bozak irabaztea. Urte hartan, Broussain-en koinata, Guichenet (Xuria), deputatu presentatzen zen eta hautatu berria zen; botere guziak ez zirela familia batean behar eman, errana izan baitzen, hortako zuen Broussain-ek, utzi tokia. Ondorioz, Larraidy izan zen Kontseilu nagusi. Bainan, 1910 urtean, Pierre Broussain (Xuria) presentatu zen berriz, Larraidy medikuaren kontra. Aldi huntan, Larraidy, jadanik Kontseilari nagusi izanez, nahiz gorria izan edo gorrien laguntzarekin hautatua izan, hunek zituen, berriz ere, kantonamenduko bozak irabazi ; 1052 boz ukan zituen eta Broussain-ek 966 boz. Hazparneko zenbakiak : Larraidy 708 boz, Broussain 473.

Tira bida haundiak izan ziren boz horietan, xuri gorrien artean. Bozen ondotik ere, Broussain-ek gauzak xuxendu nahi izan zituen, bere iduriko zernahi kondatu baitzuten harren gain. Huna zer zion « Eskualduna » kasetan: "Argitzalea kasetan agertu artikulueri nahi dut erantzun. Egia da bozak galdu dituztala, bainan hau, ez naizelakotz, Larraidy bezala, etxez etxe ibili boz galdaka, ustez eta Hazpandarrek estimatuko zutela ene diskrezioa. Presentatu naiz, Larraidy, gorria agertu delakotz, eta ez, ohore gose nintzelakotz, errana izan den bezala ! Deputatu bozetan, Larraidy, Ritou gorriaren alde agertu da, Guichenet xuriaren kontra. Errana da ere, bidentzat ez dutala gauza haundirik egin ; ene falta ote da, egin dituen uhartek bide guziak funditu badituzte ? Ene falta ote da ere, Landetako haitzek eritasuna bildu badute ? Badakizue ? 9 urtetarik egiten diren inkantetan, juanden urtekoan, 1000 liberaz emendatu direla oihan horietako mozkinak? Hunek erran nahi baitu, gure oihanak haundituz doala! Ezen, arbolak, milaka landatu baititugu 5 urte hauetan ».

« Argitzalea », Gorrien kaseta zen, eta hunen aurka jasartu zen ere Broussain erranez : « Sortu denetik, kaseta hunek ez du bertzerik egiten Euskalduna kasetari ausikiak emaiteaz bertzerik. Azken hogoi urte hauetan, 4 edo 5 kaseta sortu dira Argitzalearen idurikoak, eta denak gelditu dira. Argitzalean, dena gezur eta xoxokeri irakurtzen ahal da, « Euskaldunaren » kontra. Ez ote da egia, Euskalduna kasetan idatziak ginintuenak ? hala nola, gure gobernamenduko nagusiak ohoin batzu baizik ez direla ? eta hauek laguntzen dituztenak ez direla hobeak ? Larresoroko Semenarioa ebatsi dutela erraitea, gezurra ote da ? Argitzale kaseta horrek ez du onartzen, euskaldun batzuek, euskaldun zinezko batzuek, hauteskundeak irabaz dezaten, nola : Guichenné, Pradet, Anxo, Elissague, Etcheverry, Errecat, Dourisboure, Franchisteguy, Beguere, Casemajor jaunak. Hazparnen eta Donapaleun baizik ez dira gorriak irabazdun atera ».

« Euskalduna » kasetak segitzen zuen erranez : « Gure laguna, Broussain jaunak, ustez, bertzeak bera bezalakoak ziren, galdegin zaukun guri, « Euskalduneko » idazleri eta bertze bi kasetako buruzagieri, deus ez erraitea Larraidy medikuaren kontra. Hobeki eginen zuen ohartzea lehenago, nola jokatuko zen Larraidy, hunek ez baitu Broussain-en zuhurtzia bera, eta ez baita jenatu, Hazparneko Auzapezaren kontra mintzatzeko . Hazparnen ere, bertze tokietan bezala, boz emaileari gustatzen zaiote , hautetsi gaiek bozaren eske etortzea etxerat. Onestasuna gauza ederra da, bainan gaurko egoeran, hau ez da aski, eta agiantza dugu, Broussain jaunak hau ongi hartua duela gogoan ; bertzaldiko behartuko dako ! »

1919 garren urtean, Broussain-ek, Hazparneko Auzapezgoa utzi zuen, Jean Pierre Larramendy-ri, eta berriz presentatu zen Kontseilu Nagusiko bozetan. Aldi huntan, Larraidy- ri irabazi zakon .
Ondoko urtean, kontseilu nagusiko biltzar batetarik gibelerat etortzen zenean, Ortese-ko herrian, hil zen supituki, 61 urtetan.

Hazparneko ikastegiak 1650-tik - 1940-rat (1/3)

Hiru mintzaldiz aipatuko ditugu, Hazparneko eskolak, 1650-etik eta 1940-a arte hortan.

Ikastegien gaiean, irakurtzen ahal ditugun idatzi zaharretan ikusten dugu, 1658-an, herriko konduetan emanak direla, ikastegieri buruzko lehen ageriak, "Errejenten” soldata, eta ere, nun eta nola, erakasle horiek, eskola emaiten ari ziren Hazparneko kartier edo auzoetan. Errejenten paga, urterako, 40 libera zen, osoki Herriaren gain, nola herriaren gain zen ere, erakasle hauen izendatzea. Auzo bakotxak, bere erakaslea bazuen. Hunek, etxe batean ari zen eskolatzen, ez baitezpada eskola etxe egoki batean, bainan, ordainez, haur gehienari hurbil erretxa zen etxe batean. Paper zaharretan, eskola izan diren etxe zenbeiten izenak badira, hala nola: Arbaldea, Arcemisbeheria, Labia eta Bikaritea.

Ikastegi horien lehen denboretan, herriko jendea arranguratzen zen pondutik, errejenteak ardura aldatzen zituzten. Eskola pagatuz zen aberatsentzat, eta kitorik behartsuentzat. Ordu haietan, haurrak ez ziren eskola eguneri biziki segituak, hala nola, neguan, aro txarretan, bideak iztilduak eta fundituak zirelarik, haurrak aise etxetan atxikitzen zituzten; udan aldiz, kanpoko lanetan laguntzeko, etxen egoiten ziren ere.

1700-etik eta 1789-a arte, Herriko etxeko kondu ageriak agertu direnetik, ohartzen gira, herriaren kondu haurrak eskolatzen zituzten errejenten aldean, bazirela, bertze erakasle batzu, "kartsuak" deitzen zituztenak, (hauetan apez batzu ere baitziren), “Kartsuak” deitzen ziren ikastegi horietan, katixima eta otoitzak ikasten zutelakotz. 1720-etik aintzina, errejenten soldata, 40 liberatik, 60 liberetarat hupatu zen. Ordutik, familia aberatsek, ilabete oroz ordaindu zuten : saltegietakoek 5 sol, idazlariek 10 sol, kondu egileek 15 sol. Herriak ez zezan ikastegi baten aloaitzerik ukan, karrikako eskola, Herriko Etxean zen, edo, zenbeit aldiz, eliza kalostre azpian.

Errejenten hautatzeko baziren ohidura batzu, ongi segituak zirenak. Hala nola, Auzapezek eta Juratoek, Jaun Erretorarekin zituzten hautatzen. Errejenta horiek behar ziren plantakoak izan, eta nehundik ahal bazen, itzal gutikoak ; hauen jakitatea, hainbaitetakoa behar zen ere. Azken finean, Apezpikuari zoan, errejente hautatua zutenari baimenaren emaitea. Harana, Labiri, Zelai eta Minhots auzo bakotxak bazuen bere errejenta. Haltzketak aldiz, ez zuen, eta ondorioz, eskatu zuen ukaitea herriko Auzapezari. Galdea onartua izan zen; bainan, herriak, dirurik ez ukanez, edo ez xahutu nahiz, Zelaiko errejentari galdatu zion bi auzoetan eskola emaitea: goizetan Zelaian, eta aratsaldetan, Haltzketan.

1750-ean, Haranako errejenta elizako xantrea ere zen. Kasua berezia baitzen, Errejent Xantreak eskubide ukan zuen, eskolaren hestea, elizkizun bat gertatzen zen aldi guziz.

Noiztenka, dirua edo ondoriotasun batzu emanak ziren herriari, beharretan gertatzen ziren obra edo eraikitze batzuentzat. Hala nola 1767-an, Abere portuan, “Elizaleku”-ko Martin Bidegaray-ek, Peru hirialdean bizi zenak, 30 000 libera eman zituen, bertze gauza batzuen artetik, Labiriko eskolaren eraikitzeko. Handik eta bi urteren buruan ideki zen eskola hau, "Labia" etxean.

“Kongregazione”-ko lehen eskola 1738-an ideki zen, "Komentu zaharra” deitzen zen lekuan, Ursuia karrikan goiti juaitean ezker, barnekaldean den oraiko Espildean. Dubarat Apezaren dokumentoetan irakur ditaikenaz, etxe hortan, komentu bat zen, eta eskola bat neskentzat. Etxe hunen eraikitzaleak, Urruñako Etcheverri anderea eta Daguerre Apeza ziren. Bellefond, Baionako Apezpikuaren baimena ukan zuten gainerat, erretreta etxe baten idekitzeko toki hortan berean. "Bisitazioneko" 5 serora baziren hor, neska gaztentzat pentsione bat eta eskola lekua, nun erakasten baitzen urririk. Neska gazte behartsuek ere, eskolatzeko ahala zuten hor, eta komentu hunen eraikitzea baliotsua izan zela gure herriarentzat, errana izan zen. Frantziako iraultzaren ondorioz, Komentu zahar huntako aktibitateek gelditu behar ukan zuten. Ordu hartan ziren 12 serorak, Hazparneko hiru etxetan aterbetuak izan ziren.

Iraultzaren gatik hetsi zuten aintzinetik, Prefetak galdatu zuen Hazparneko Auzapezari, Komentu zahar horren gainean zituen xehetasunak emaiteko : hala nola, 24 neska ikasle eta erakasle baziren, hauetarik 9 gazteriaren formakuntzari lotuak zirenak. Bertzalde, 40 ikasle eta hauetan behartsun ainitz. Hor erakasten zela erlisionea, irakurtzea, aritmetika, eta emazteri behartuko zaioten esku lan ainitz. Bertzalde, Iraultzaren ondorioz, ez zen aldaketa haundirik izan erakaskuntzari buruz.

1801 urtean, Prefetak galdatu zuen, bigarren mailako eskola baten idekitzea. Orduan, Courtelarre Auzapezak eskaini zion, Komentu zaharrean egitea bigarren maileko eskola hori, Hazparne eta inguruetako herrietako ikasleentzat, bainan erran zion ere, gure euskaldean ikas-gai egokienak zirela : erlijioneari zoan morala, idaztea eta matematikak. Prefetak ez zuen segidarik eman Auzapezaren eskaintzari. Handik eta 30 urtez oraino, karrikan 2 erakasle ziren, bertze bat Urkoin, bat Labirin, bat Zelaian eta bat Elizaberrin. Erakaskuntzari zoan diru zenbakia, 300 franko-tarat heltzen zen doi doia.

Louis-Philippe-en denbora arte, Hazparnek ez zuen eskola publikorik. 1833-ko urtean, publiko bilakatu ziren karrikako eskola eta auzoetakoak.

Egun, hortan utziko dugu gai hau. Bertzaldian beretik segituko dugu eta aipatuko ditugu Kongregazioneko eskolak Hazparnen.

Hazparneko ikastegiak 1650-tik - 1940-rat (2/3)

Egun, juanden aldiko gaiaren segidarekin eginen dugu gure solasa: Kongreganizta ikastegiak Hazparnen.

“Landaburua” etxea erosi zuen Garat Apezak, 1837-an. Hor egin zuen diosesako misionesten egoitza, eta erosi zuen ere, "Hoditea", huni hurbil zen bertze etxea -Hazparneko etxe zaharrenetarik bat-. Hoditea, serora kongregazio bati eman zuen, (Baiona San Andreseko "les filles de la croix" kongregazioari). Hunek, 15 serora ezarri zituen Hoditean, eta heietarik 7, erakaskuntzan artzeko behexi zituzten. Lehen urtean berean, serorek neska ikastegi bat ideki zuten, eta pentsoner toki bat; orotarat, hastapenetik, 40 pentsoner ziren toki hortan. Geroxago, haur ttipientzat bertze eskola bat ideki zuten, eta oraino bertze bat, Elizaberri “Larreburuan”; geroztik “Seroratea” deitzen den etxean.
Han, 100 bat haur bildu zituzten, Elizaberri, Labiri eta Haltzketa-tik etortzen zirenak. Gero, 1869-an, Zelaian, eskola bat ideki zuten ere; hau, neskentzat bakarrik. Hoditean, bazuten, josten eta sukaldaritzan ikasteko eskola bat, luzaz idekia izan dena; Hazparneko ainitz neska hortik pasatu izan dira, 1983-an hetsi zen arte. 1907-an, Estadua eta Eliza berexi zirenetik, eskola horiek hetsi behar izan zuten, eta, eskola konfesionalak bilakatu ziren zenbeit, nola, Elizaberrikoa eta Hoditekoa. 184-ean, herritar ainitzen nahikariari segitzeko, Misionestek ekarrarazi zituzten bi fraile, (eskola girixtinoetako fraileak ziren hauek).

Fraile horiek, behin ideki zuten lehen mailako eskola bat, San Josep deitu zutena, eta egun oraino bizi dagona. Handik eta 11 urte berantago, fraile gehiago ziren bixtan dena, eta ideki zuten kolegioa, 160 pentsonerekin behin, gero, 200-etarat heldu ziren laster. Horrat etortzen ziren haur ikasleak, Euskal Herri guzitik etortzen ziren, Biarnotik eta Landesetarik ere. 1891-an, Hazparnen izan zen jende zenbakitze batean, kondatu zituzten kolejio hortan , 40 haur Frantses eta 119 Español, (hauetarik gehienak, hego euskal herrikoak). Lehen mailako ikastetxea eta kolejioa hetsiak izan ziren, 1911-ko irailaren 1 an. Diosesako Apezek, berriz ideki zituzten beren gain. Arte hortan, bertze bi eskolek ardietsi zuten, herriko eskola, edo eskola publiko, izaitea: Hazparneko karrikakoak eta Urkoikoak. Poeyt eta Galant jaunak ziren errejientak.

1850-ean, "Falloux" legearen ondorioz, onartua izan zen erakaskuntzaren libertatea. Handik goiti, ikastetxetan, ikasle behardunak zenbakitu behar ziren, bai eskola publikoetan, bai eskola girixtinoetan, bainan, haur horiek, edozoin eskoletan onartuak izan behar ziren.

1852-an, Herriko hautetsiak oharturik Frailen eskolak herriari egiten zuela ongi haundia -300 haur eta hauetan 150 behardun eskolatzen zituzten, bertze eskoletan ziren baino lauetan gehiago- galdatu zuten herriko eskola bezala onartua izan zadin, eta, eskola huntako zuzendaria, Michel Elissamburu frailea, erlijionean "Innocentius" izenekoa, herriko errejente bezala ezagutua izaitea. Galde hau onartu zuen Prefetak, 1852-ko martxoaren 27 an.

Ondoko urtean, ikaskuntzako erakundeak, 1 500 franko eman zituen nesken eskolarentzat eta josteko eskolarentzat. Handik eta bi urte barne, Serorek zuten nesken eskola ere, Herriko eskola bezala ezagutua izan zen. 1862-an, Prefetak bortxatu zituen girixtino eskola horiek, pagatuzko eskolak izaitea; ezen, horela, bere eskolen artatzeak beren gain hartzen ahalko baizituzten. Galdatua izan zen Herriari ere, haur ttipientzat eskola baten idekitzea. Bainan, Herriko hautetsiek ez zuten hau beharrezkoa kausitzen, ezen, frailek baitzuten horelako eskola bat, kartieretan; bertzalde, jende kartsuek biltzen zituzten haur ttipi horiek bere aldetik, eta, Eyheralde Apezak ere, Elizaberrin eskola bat idekia zuen ttipientzat, 100 haurrekin. 1866 sei-an, Herriko hautetsiek erabaki zuten, Galant jaun errejentearen ikastegi publikoaren hestea, haur eskasez.

Ondoko urtean, "Durruy" legearen ondorioz, Prefetak galdatu zuen Auzapezari, zeinbeit diru gehiago bozkatzea ikaskuntzarentzat. Kasik hautetsi guziek errefusatu zuten emendatze hori.
1872 hamabi-an, Herriak ideki zituen, Elizaberri Hoditean eta Zelai Hastingatean, eskola publikoak edo, herriko eskolak, mutikoentzat bakarrik.

1878-an berriz, Bernard Broussain, herritar batek, eman zuen dirua, karrikan eskola publiko baten eraikitzeko. Eskola huni “Institut Saint Bernard “ izena emanarazi zuen, (berak izen hori zuelakotz) -etxe hori “Trésor public” gaurko zerga etxea da-. Broussain horrek eman zuen ere, Ospitalearen eraikitzeko dirua. Hego Ameriketan aberastua ziren Broussain bi aneiak. Ondoriotasuna, beren iloba Saint Martin Harriague-k ukan zuen, gero hunen alhargunak, Lissar andereak, eta oraino ere gelditzen da zerbeit ontasun horietarik, familian gelditu direnak.

Huna egungo hitzaldia bukatua. Helduden aldian aipatuko dugu, 1878-ko urtetik, hunat, nola segitu zuen erakaskuntzak Hazparnen.


Hazparneko ikastegiak 1650-tik - 1940-rat (3/3)

Egun aipatuko ditugu Hazparneko eskolen garaipena, XIX eta XX garren mendean.

1881 urtean, Jules Ferry legearen ondorioz, erakaskuntza urririk izanen zela erabakia izan zen. Handik goiti, herrietan, behar ziren zergak emendatu erakaskuntzaren dako. Hazparneko hautetsiek, hiruetan ukana zuten galdea zerga horien bozkatzeko, bainan, aldi bakotx,12 baizik ez ziren etorri bozkatzera, eta azkenean, guti izanik ere, bozkatu behar ukan zuten zerga hori xutik ezartzea.

Urte hortan berean, Prefetak galdatu zuen eskola publiko bat idekitzea, Pegnan, eta gainerat, Zelaiko eta Elizaberriko eskola girixtinoak, publiko bilaka zadien ere galdatu zuen, eta oraino, bertze zenbeit eskola berri eraikitzea Hazparnen. Herriko Hautetsiek erantzun zakoten: "Gauza horiek gogoetatze bat galdatzen dute. Talde bat izendatuko dugu gai horien ikertzeko".

1886 -eko urtarrilaren 26 an, Auzapezak abisatu zituen hautetsiak, Suprefetaren gutunaz, hala nola, hunek galdatzen zuen, frailen kongregazione eskolaren hestea. Ilabete berean, Herriak erran zuen, ez zuela ahalik eskola hortako haur guziak bertze eskoletan kokatzeko, eta fraileek, 34 urtez erakasten ari izan zirela, herriko eskola publiko bilakatua zen hortan, herri osoaren onetan, eta ez zela zuzen, eskola horren hestea. Prefetari eta ministroari erantzun zioten ere: " Nun zer dagon hobeki jakinean bazinezte, ez zinukete holakorik asma".

1888-ko urtean aldiz, erakaskuntzako akademiak eskatu baitzuen errientsa bat gehiago hartzea, Elizaberriko eta Zelaiko nesken eskolarentzat, eta Pegnan eta Kostan eskola mixtoak eraiki behar zirela, erran baitzuen ere, Herriak, eza eman zuen haueri guzieri. Erran behar da, herriaren gain zirela ordu haietan gastu horier guzieri buru egitea. Ordainez, erabaki zuten, goi mailako ikaskuntza bat beharrezkoa zela, eta, delako, Bernard Broussain-ek bere testamentuan aipatzen zuen, "Institut Saint Bernard" delakoaren eraikitzeari lotu ziren. Handik eta lau urteren buruan, eskola publiko mixte bat ideki zuten Pegnan, "Magnotenia"etxean.

Eskola laiko horien aldean, Herriak erabaki zuen ere, Seroren eskolaren atxikitzea, hauek, legeari ihardokiak baitira, eta ez baitute sekulan herritarren artean arrangurarik sortu. 1903-ko urtean, Prefetak galdatzen du nesken eskola laiko baten sortzea karrikan. Orduan, Herriak erosi zuen "Esperantxaenia", Plaza berriaren ondoan den etxe bat, 39 500 franko gosta izan zena ; estadoak, 8 295 franko eman zuen herriaren laguntzeko.

Urte bereko apirilaren 7an, Jaun Prefetaren gutun batek zion, katixima, Frantsesez erakatsi behar zela. Auzapezak erran zuen, Ministroak galdegin zuen ordutik, Jaun Erretorak katixima Frantseses egiten zuela, bainan gero, Euskaraz explikatzen zuela haurrer, hauek ongi olertzeko gisan, ez baitzakiten Frantsesa. Prefetak ongi hartu zuela erantzun hau, errana izan zen, ezen, jakinean baitzen, kongregazioneko ikastegiko 29 nesketarik 23 ez ziren gai, Frantsesez hitz bat ere konprenitzeko; bainan baliatu zen erraiteko, ordu zela, eskola girixtino edo kongregazionezko horiek, laikoak bilakatzearen alde bermatzea, Frantsesa nagusi zadin lehen bai lehen Euskal Herrian.

Jadanik aipatua dugun bezala 1905-eko urtetik goiti, Estadoa eta Eliza berexi ziren, eta Zelai eta Elizaberriko eskolak, laikoak bilakatu ziren. Karrikan, Serorek zaukaten nesken eskola hetsi zuten. Handik laster eraikia izan zen, Marandeko bisenbis, eskola berri bat hunen orde. Frailen eskola hetsi baitzuten ere, erakasle laikoek hartu zuten frailen tokia eta kolejioak berdin segitu zuen, eskola girixtino gisa.

1914 urtean, gerla izanen zela entzunik, karrikako eskola publikoko errejenteak galdatu zuen Herriari, harma baten ukaitea, haurren usatzeko harma baten erabiltzen. Galde horri ardietsi zuten hautetsiek, eta karabina bat erosi zakoten 80 franko gosta izan zena. Bertzalde, eskolan ibiltzea legez bortxatua baitzen, Prefetak galdatu zuen herriari 6 hautetsi hautatzea, ikusteko legea errespetatua zenez. Hala ez balitz, Poliziari manatu behar zuten, eskolako adina duten haurrak eta han ez direnak, eskolarat eremaitea bortxaz.

1920-eko urtean, Prefetak abisatu zuen Auzapeza, nola, Hazparne hautatua izan zela, Laborantxa ofiziorako eskola publiko baten jabe izaiteko, eta ondorioz, Departamenduko 10 zentroetarik bat bilakatu zen arlo hortan. 1924-an, hasi ziren eskola horietan, klasetako kopurua mendratzen, adibidez: bi klasa zituen eskolak, 50 haur gehienik; 3 klasarentzat 80 haur; lauentzat 120 eta 5 klasarentzat, 160 haur gehienik. 1934-an, Herriko hautetsieri galdegina izan baitzen Zelaiko eskola mixte izaitea, erran nahi baita, mutil eta nexkatxak elgarrekin eskolatzea. Hautetsiak oldartu ziren, eta erran zuten, lege berri horrek ohiduretan durduzatzen zuela Euskal Herriko jendea, eta ez zutela galde horri segidarik emanen.

Huna beraz, berriki arte, zer izan den Hazparneko ikastetxen ixtorioa. Gaur, 2000 ikaslez goiti bada Hazparnen, lehen maila, kolejio eta lizeoetan. Publikoan haur gehixago bada, eskola eta kolegio girixtinoetan baino; lizeoak, girixtino eskolak dira Hazparnen.

Hazparneko elkarteak

Egun aipatuko ditugu Hazparneko elkarteak, 1874-tik eta 1940-a arte.

1901 izen bereko legearen ondorioz, elkarteak sortu ziren bazter guzietan, bainan, lege hori egin aintzin ere, baziren elkarteak Hazparnen.

Lehena, 1874-an, sortu zen, abendoaren 4an. Lehen elkarte hunen helburua zen : Hazpandarrentzat ausagailuen antolatzea. "Cercle Saint Julien" deitzen zen elkartea, eta, Julien Ihitz jauna izan zen talde hunen eraikitzailea. "Cavadeenea" Ursuia karrikan den etxe batean zuten beren gela -. Elkarte hunen araudietan idatzia zen: irakurtzeko gela bat bazutela, elgar hizkatzeko bertze gela bat, eta Billard jokoan artzeko gela bat gainerat. Azken gela huntan, bertze joko ainitzetan ari ziren, nola : kartetan, domino, damiers eta holako. Ordu heietan, diru joko gehienak debekatuak ziren, loteriak eta bertze. Irakurtzeko gelan, 4 egunkari edo aldizkari bazituzten beren menean: Le Monde illustré, La France, La Gironde eta Le Courrier de Bayonne. Urte saria, 9 franko zen, eta tokia idekia zen, egun guziez, goizeko 8 etarik, gauerdi arte.

1885 urtean, bertze elkarte bat sortu zen "Cercle du Progrès" izenarekin. Lehendakari zuen, Emile Irigoyen Eyhartzekoa. Elkartearen etxea, ostatu bat zen "La Comète" deitzen zena, eta geroztik, Hôtel Kaskoina izana dena, edo gaur, Jastea. Hor ibiltzen zirenek, 25 eta 50 urte arte hortakoak ziren, eta orotarat, elkarteak, 40 kide bazituen. Elkarte hunek, 20 urte iraun zuen. Araudietan idatzia zenaren araberan, politika eta erlijioneaz mintzatzea debekatua zen, nola ere debekatua zen, diru jokoetan artzea, nola : baccarat, lansquenet, chemin de fer eta roulette jokoak.

1901-eko legearen menpeko izan zen Hazparneko lehen elkartea, hau 1909-an sortu zen. "Amicale des Excursionnistes" deitzen zen, eta hunek, bere araudiak idatzi zituen liburuxka batean. Huntan irakurtzen zen : 40 urtez petik diren gizon karlosak zirela bakarrik elkartean sartzen ahal. Bertze araudi batek dio, aste saria, franko bat zela, eta hau, igandetan ordaindu behar zela. Errana zen ere, elkartearen helburu nagusia, diru biltzea zela promenada batzuen antolatzeko. Hau antolatua zen, kutxan gelditzen zen diru zenbakiaren lauetarik hirua baino gehiago ez bazen gosta.

Pierre Broussain, Hazparneko auzapezak, 1910-ean sortu zuen elkarte bat "Zaharra-Berri" izenekoa. Hunen helburua zen, pilota jokoen kontserbatzea eta zabaltzea, guziz eta bereziki, luzeko jokoa.

1913-an, sortu zen «Kultur eta kirol» elkartea, Justin Mirande Apezaren nahikariz. Hau, behin, «Xerubino» elkartea deitua izan zen, eta gero, «Jeunes Basques». Hazpandar gazte gehienak hortik pasatuak dira, 1960-a arte. Hor ari ziren, pilotan, oinbaloian, gimnastikan, musikan, dantzan, teatroan ; hor egiten zen ere, zinema eta armadarat juan aintzineko preparazioa, etabar. Bere araudietan irakur ditaike, elkartearen helburu bat dela, gazte indartsu eta argituak moldatzea, Frantziari soldado azkar eta suhar batzuen emaiteko.

1923 urtean, musika elkarte berri bat sortu zen. "Hazparneko Adixkiden Musika" deitzen zen. 25 musikari bazituen. Talde hunen helburu bakarra zen, musikaren zabaltzea gazten artean, elkartasunean, eta adixkidantza baketsuan. Zorigaitzez, zenbeitek, araudi hau ez errespetaturik, urte bat barne desegin ziren. Handik eta bi urteren buruan, Pierre Madré-k berriz muntatu zuen musika taldea, eta huni eman zion "Hazpandarrak" izena. Hau ere, laster desegin zen. Beti musika gaiean gelditzeko, 1926 urtean, bertze musikari formakuntza bat sortu zen "Estudiantina" izenarekin, Durencq jauna buru. Hunek ere gutti iraun zuen.

Anartean, nesken elkarte bat, «Jeanne d'Arc» deitzen zena, 1925-ean sortua zen. Ordu haietan, nesken libertateari buruz arras bortitza zen elkartea. Handik eta 8 urte berantago eraiki zuten elkarte hunentzat, " Jeanne d'Arc" gela. Handik eta zenbeit urteren buruan, gerla denboran, toki hori, Alemanek bereganatu zuten, eta hauek juan zirelarik, zapaterietako kantina bilakatu zen. Geroztik, noiztenka baliatua izan zen nesken patronajea bezala, bainan, ez segidakorik. Ikastola, toki hortan sortu zen 1972-an.

1935 urtean sortu zen bertze elkarte haundi bat, "Noizbait" deitzen zena, eta pilotari emana zena. Behin, Frantziako federazioarekin zenbeit denbora mutur egonik, Noizbaiteko kideak sartu ziren lerroan, eta hunen legeak segitu. Pilotako elkarte hunen sortzaileak ziren: Darmendrail, Mathieu , Bellecave, Etcheverry, Mendiague, Luro, Biados, Diharce, Haissaguerre eta Marquine jaunak. Pilotako elkarte hau, Euskal herriko lehenetarik izan zen, eta pilotari famatu ainitz pasatu dira Noizbait elkarte huntarik. Urte berean sortu zen, "Haïtz-Barneko Ihiztariak" elkartea.

1960 garren urtetik haste, zernahi elkarte sortu dira Hazparnen. Gaur, 112 zenbakitzen dira, eta hauetan, 80 bat, herriak diruz laguntzen ditu.

Elektrika Hazparnen

Egun aipatuko dugu, elektrikaren emaitea, Hazparneko herrian.

Morroxko, Saint Martin Harriague Auzapez zen denboran, 1890-ean hasi zen Hazparneko Herriaren elektrifikatzea. Bainan, Hazparneko karriketan, argi batzu baziren jadanik 240 urte lehenago, 1650 ean.

Idatzi zaharretan, lehen aipua urte hortako paperetan irakurtzen da. Beraz, 17garren mendean, Hazparneko konduetan ikusten da: "Lanterna pizle" bat bazela, herriak pagatzen zuena; reberberak pizten zituen karrikan, iguzkia itzaltzen zenetik. Urte hortan berean, Elizako lanpendako, olioa, inkantean erosten zen ere; gutienik pagarazten zuenari hartzen zuten urteko olioa. Erramu egunetik, bertze urteko Erramuetaraino bali zen tratua. Adibidez, 1720 an, Pierre Hiriart delakoak, zuen argitzeko olioa saldu, ondoko urteko Erramua arte. 1867 an, Herriko konduetan ikus ditaike, argitzeko lanterna batzuen erosketa bat izan zela. Pariseko, Léon Luchaire lantegiaren izenean ordainduak izan ziren hauek : 5 lanterna konsola kobre gorrizkoak ziren, hiru alderditarat argitzen zutenak, eta hauekin, 500 mitxa luze kondatuak ziren; orotarat, 464 franko gosta izan zen erosketa hau.

1870 ean, eta ondoko 10 urtetan, hasi ziren egiten lehen dinamoak, eta lehen transformatorrak. 1890 ean, « Morroxko »-k erabaki zuen, elektrika egiteko tresna berri horietaz jabetzea, eta Hazparneko Herriari elektrikazko argia emanaraztea. Handik eta 4 urte barne, François Clavier zozietateari eman zuten elektrika hedatzeko konzezioa.

Elektrika egiteko lehen gunea izan zen, Elhiarreko Eihera. Huntan, turbina bat bazen hiru dinamorekin, eta 120 anpera fornitzen zuen. Zozietatearen zantrala, Hazparneko karrikako Fourkadenian zuten. Bi adarretan partikatua zen elektrika bidea: bat, Herriarentzat, eta bertzea, partikularrentzat. Elektrika hori ukaiteko, Herri zentrotik 800 metra inguruan behar zen izan, eta ez urrunago. Errana zen ere, karrikako argientzat, behar ziren lanpen indarrak zoin behar ziren : 5-10-16 eta 32 boujiakoak; orotarat, 1 600 boujia. Herriko etxean ezarri zuten tresna bat, -Voltmètre- deitua; hunek neurritzen zuen behar arau argiaren indarra. Karriken argitzea, iluntxian hasten zen, eta gauerditan hiltzen zituzten argiak, bainan, 12 lanpade gelditzen ziren bizirik gau guzian. Bertzalde, Herriko eta Eguberri pestetako gauetan, argiak pizturik ziren gau guzian eta elektrika kitorik .

1897 an, François Clavier zozietateak saldu zuen konzezionea, Jean Claroux zozietateari, 27 100 frankorentzat. Bainan, zozietate hunek, gero eta neke haundiagoak kausitu zituen, segidako elektrika beharraren furnitzen. Ondorioz, erabaki zuen, Altxuko errekan ur gelditze baten eraikitzea (Barraja bat). Hunen egitea, ainitz gosta baizakon, herriari galdegin zuen parte baten pagatzea. Herriak, diruz lagundu zuen zozietatea, barraja horren egiten.

1902 an, Josep De Heriz, Elhiarreko nagusiak, Hazparneko elektrika konpania sortu zuen, eta Claroux zozietatea erosi zuen, hunen konzezioa eskuratu zuen. Hazparneko elektrika konzezio berri huntan barne ziren : Josep De Heriz, Jamattit Elissagaray, Pierre Broussain eta Albert Detchart. Hauen zozietatearen zentroa "Jaureguizaharra" zen, Pierre Broussain-en etxea, gaurko Posta lekua. 267 500 frankotan erosi zuten. Kasik, 20 urtez gauzak ongi juan ziren horela, bainan, 1920 an, Hazparneko elektrika zozietateko buruzagi berriak, Darricau jaunak, galdatu zuen elektrika saria altxatzea, ezen hau ez baitzen mugitua 25 urte hartan. 80% ez goititzea nahi zuen, ez baizen guti !

Kontseiluak errefusatu zuen, eta auzitan sartu ziren ; hunek, lau urte iraun zuen. Anartean, mekanika asko sartu zen zapataintzako lantegietan, eta elektrika are behartsuago bilakatu baitzen, hautsi mautsi batekin trinkatu zuten auzia, eta Darricau jaunak, ardietsi zuen emendatze haundi bat.

1925 -eko urtean, « Hydro-Electrique des Basses Pyrénées » zozietateak, Urkoin, transformatore bat eraiki zuen, eta, Urkoin, Paxkoenian, Zelaian et Sohanon, elektrika ukan zuten. 1927 an, Hazparneko elektrika zozietatea gelditu zen, eta hau « Hydro-Electrique des Basses Pyrénées » zozietateak hartu zuen. 1930 ean, Jean Lissar Auzapezaren denboran, " Syndicat intercommunal d'électrification du secteur est de Hasparren" sortu zuen ; elektrika ez zuten kartieren fornitzeko eta ere zenbeit auzo herri batzuentzat. Haindik eta sei urte barne, Hazparnek orotan elektrika bazuen.

Ohar bat : 1898 an, elektrikako langile batek, Jean Sarthou izenekoak, izenpetu zuen, langile kontratuan idatzia zen : « Herriari argiaren fornitzerat engeiatzen naiz, hunek argirik ukanen ez duen lehen aldian, 10 franko kenduko dautate jornaletik ; bigarren aldian, 15 franko, eta hirugarren aldian, 20 franko, eta kanpoa ukanen dut, gehiagoko eskubiderik gabe». Bixtan dena, hau langilearen falta zenean bakarrik, ezen, ortzi eta panak bazitaizken orduan ere segurki.

Hazparneko Plaza Karkana

Hazparneko plaza nagusia, duela aspaldi, “Plaza Karkana” deitzen zen. 1935- eko agorrilaren 4 an, "Place Verdun " bataiatu zuten, oraino usuenik deitzen dugun "eliza aintzineko Plaza » hori, edo erdaraz « Place de l'église ». 1950- a arte, nunbeit han, Plaza horri erraiten zen “ Plaza Karkana”! : Plaza karkanan gertatua da hori ! edo, Plaza karkanan ikusi ditugu kaxkarotak dantzan ihauterietan … Bainan, zertako "Plaza Karkana" izen bitxi hori?

Frantziako Iraultza aintzin, Herriko hautetsi eta juratoeri zoan, legez kanpo ibiltzen zirenen gaixtiginen gaztigatzea, ez gaixtagin haundieri zoazin auzien egitea, bainan, ohointza eta bertze egitate txar batzuen egileen punitzeko eskubidea zaukaten. Adibidez, hau deitzen zuten "La basse justice" edo, “lehen maileko Justizia”, tokian berean trinkatzen zena.

Hobendunen gaztigatzeko, herriko gizonek bi ibilmolde baliatzen zituzten gehienik. Lehena, presondegia: Hazparnen izan dira presondegiak, bat Herriko etxean, 1955- an desegina izan dena; bertze bat, Kaserna deitu jandarmerian, eta geroztik, Hazparnen, jandarmeriak izan diren 11 toki desberdinetan.

Herriko paperetan irakurtzen ahal da, preso altxatua izaitea, biziki usu gertatzen zen gaztigua zela. Ardurenik merkatu egunetan moxkorrak joka ari ziren, eta presondegirat altxatzen zituzten, gehiagoko auzirik gabe; nola ere, ohoinak eta buhamiak deitzen zituztenak. Funtsean, deus guti aski zen presondegirat altxatua izaiteko, ezen, 1675-ean, Baionako Du Crocq jaunak, Hazparneko parropiari, (ordu heietan ez zen Herria erraiten bainan Parropia), 2000 libera prestatu zituen ; diru hori gibelerat ezin ukanez, presondegirat altxaarazi zituen zazpi Hazpandar, Baionako karriketan goxoan ibilki zoalarik, nehori minik egin gabe, eta auzi huntan, deus ikustekorik ez zutenak. Hauek, preso egon ziren, Hazparneko hautetsiek zorra bere intresarekin ordaindu arte. Gainerat, preso egon ziren denboran, janari eta gastuentzat gosta izan zena ere ordaindu behar ukan zuen, Hazparneko Herriak.
Bertze adibide bat, 1678- an, Harana auzoko Jurate bat juan zen Bastidarat, Hazparne eta herri horren artean zen eztabada baten trinkatzeko gogoarekin. Hunen arrazoiak ez ziren argi eta garbi agertu Bastidakoentzat, ezen, egun hartan berean, Bastidako presondegian sartu zuten gure gizona. Handik eta bi ilabete barne, Hazpandarrek ordaina itzultzeko aukera ukan zuten: Bastidako ordezkari bat, eztabada beraren trinkatzerat Hazparnerat etorri zelarik, ber moldean, bortz egunentzat preso eman zuten gizon dohakabea.

Gaztigatzeko bigarren molde bat zen beraz, “Karkanan” ezarria izaitea, jenden bixtan estekan izaitea, goiz albatik iduzki apala arte. “Karkana”, zurezko haga labur bat zen, gate batzuekilan; hauen buruan, lepoa inguratzen zuen burdin borrobil bat bazen, zerrapo batekin. Horela, estekan ezartzen zituzten lepotik, gaixtagin ttipiak eta egun osoan, jendearen behakoaren menean izaiteko afruntua zaukaten. Karkana hori, gaur, gerlarien harriaren toki hortan zen, plazaren erdian, eta hortako deitzen zen “Plaza karkana”.

Huntaz, ainitz idatzi badira herriko paper zaharretan, ezen, ardura zura usteltzen baitzen, eta burdina herdoiltzen; ondorioz, noiz nahi hauen ordaintzeko gastuak aipatuak ziren herriko etxean. Paper zaharretan idatziak dira bertze xehetasun asko, Karkan hauen gaiean. Hala nola, 1700 garrren urtean, ekainean, Ducamp izeneko jauna, Karkanari loturik ezarri zuten, elizan, kurutze haundiaren pean den diru kutxan ebasten kausiturik. Bertzalde, Karkana aipatua zen ere usu, ezen, merkatu egunetan, saltzaileen sal tokiak, Karkanatik hunanbertze metrotan esker, eskuin, gibel edo aintzin izartuak ziren. Karkana toki hortan zen, Herriko bi karriketarik ikusia izaiteko moldean, horela, nehor ez zen Hazparnetik pasatzen ahal, Karkanan norbeit estekan zena ikusi gabe. Frantziako iraultza denboran, kendu zuten Karkana, bainan hunek, izpirituak ainitz kausitu zituen, ezen handik eta 180 urte berantago oraino, “Plaza karkana” deitzen baitzen eliza aintzina, Hazparnen. Gaur, aipatzen dugu gai hau, gure ondoko gizarteek oraino jakin dezaten, “Plaza Karkana” izan dela Hazparnen.

Geroztik, bertze plaza batzuek ukan dituzte beren izenak, bainan hauek, gure beharrieri egokiagoak direnak, nola: Plaza berria, hau pilotarentzat eraikia izan zen eta Herriko pesten egiteko leku bat bilakatu, arbola lerro batzuen itzalean kurritzeko gune bat ere egin zuten, eta ordutik, herriko Plaza berria han izan zen; ikusgarri eta gertakari guziak han antolatuak ziren, Elizako plazan izaiteko partez. Bertze karrika berri bat ere sortu zen, 1845 eta 1870 urte horietan ; hau deitu zuten, Rue neuve, Karrika berria. Ordu arte, Hazparnek ez zituen bi karrika baizik "Rue montante » eta « Rue de la Mairie » deitzen zirenak.

Galarrotsak Hazparnen

1950-eko urteaz geroztik, nehoren laguntzarik gabe, beren baitarik antzerki berri bat antolatu zuten gazte batzuek Hazparnen. Gertakari horrek oihartzun izigarria izan zuen hedabideetan.

Galarrotsen ohidura biziki zaharra da Euskal Herrian. Lehen, alargun bat berriz ezkontzekotan zelarik, auzoko gaztek «zerga» baten iduriko tratu bat lotzen zioten. «Zerga» hura zen, gehienetan, hunenbertzeko pinta arno. Bertzenaz, galarrotsak jotzen zizaizkioten. Piarres Larzabal Apezak kondatzen du , haurra zelarik, ikusi zuela Azkainen, jandarmak, galarrotsa egilen ondotik lasterka, arrobotsa azkar egiten zutelakotz eta hunen gatik, nehork ez baitzezakeen begirik hets.

Beraz, 1950-ean, holako zerbait gertatu zen, Hazparne Elizaberriko kartierean: alargun batek ez zion amore eman gazteriari, eta galarrotsak muntatu ziozkaten. Gau guziez elgarretaratzen ziren, haren etxe aitzinean, eta sekulako arramantza egiten zuten, edozein tresnarekin, atabal, untzi, kaxa, turruta eta bertze zernahi. Bainan, ixtorioa, gaizki bururatu zen aldi huntan: tiro egin zuen norbaitek arrabotsa egileeri buruz. Hil bat izan zen, eta kolpatu bat ere. Jandarmek, inkesta bat egin zuten, eta behin, galarrotsaren gaia zen gizona, gerokorik gabe libro utzi zuten, ez baitzen herrian gau hartan, eta ondorioz, ez baitzuen berak tiroa eman ahal izan.

Auzoko gazte bat, akusatua izan zen. Jandarmek altxatu zuten, Baionara ereman ; han, zafraldi bat eman ondoan, mehatxatu erranez, joanen zitzaizkiola berriz galdezkatzera, eta bere krima aitorraraztera, erran zioten. Karlos gazte hunek, jadanik ukanak zituen galarrotsak bertze aldi batez, eta behar bada, ustez, berentzat ziren aldi hortan ere, harrek zuela tiro egin pentsatu zuten Jandarmek. Bainan, frogarik gabe, libro utzi zuten behingotz. Biziki gaizki jasan zuen Baionako jandarmeriatik iragaite hori, eta galdezketa bortiz horiek. Zenbeit adixkidek entzun zuten erraiten : “Jandarmeak berriz eni galdatzketak egitea baino, nahiago diat, ene buruaz bertze egin”. Zorigaitzez, hala gertatu zen. Karlos gazteak, goiz batez, beren etxetik ikusi zituen jandarmeak, Labiri Ahotzia ostatuaren parean heldu ; pentsatuz bere xeka heldu zirela, etxe aldeko haizperat juan zen, eta arbola branka batean soka loturik, beren burua urkatu zuen.

Galarrotsen ondorioz, ixtorio huntako bigarren hila izan zen hau. Berri lazgarri horietaz jabeturik, Pariseko kazetari batzu etorri ziren Hazparnerat, eta orrialde osoka gai huntaz mintzatu. Euskal Herriko jendea, nunbeitetako populu basa bat baten iduriko jendeak agertarazi nahiz, egiak eta gezurrak nahas mahas kondatu zituzten, gauzen erdiak berek pentsaturikako zozokeriez apaindurik. Errana izan zen, kasetalariak, mutil gaizo batzuen edan-arazten ari izan zirela, hauek, hilarrietarat ereman zituztela eta han, argazkitan hartu ; ixtorio hilkor huni, sorginkeriaren lotzeko asmuarekin, hots, beren zinema egin zuten. Bainan, herriko gazte batzu elkartu ziren, eta erabaki zuten, kazetari horietarik bat behar zutela bahitu, oihan beltzera ereman, eta, minik egin gabe, larrugorritan utzi. Hazpandarrek, beren xedea bete aitzin ordea, Paristar guziak, menturaz norbaitek abisaturik, itzuli ziren Parisera.

Galarrotsen ondorioak ez ziren hortan gelditu. Ordu heietan, bere buruaz bertze egiten zuenak, ez zuen elizatik pasatzeko eskubiderik, eta Hazparneko erretorak, ez zuen onartu ehortzketako mezaren emaitea. Karlos gazte hura, Espeletakoa izanez sortzez, han izan ziren ehortzketak, azken finean. Nehork ez zuen gehiago galarrotsik antolatu; hauek deitzen ziren ere “Tuta jotzeak”. Hau azkena izan bazen, izan zen soberakin, hura. Gazteria ez zen gehiago menturatu, holako gertakari latzgarri baten irriskuan berriz abiatzerat.

Elizaberriko gainetan gertatu ixtorio ilun horrek orroitaraz zezakeen, kartier berean izan zen bertze gertakari trixte bat: Plumagaineko premu galerianoaren ixtorioa. Hunek ez zuen nehor hil, bakarrik auzo bat doi bat kolpatu, bainan horren gatik, Rochefort-eko galeretan ezarria izan zen, eta han zendu zen, 5 urte egon ondoan. Berak, amaren ondoriotasuna eskuratu nahiz, galerak ukan zituen ondaretzat; aldiz, bertsu eder eta hunkigarri batzu utzi dauzkigu guri, galerianoak, ondaretzat.


Hazpandarren emigrazioa Kubako ugarterat

“Hazpandarren emigrazioa Kubako ugarterat” aipatuko dugu egun.

XX-garren mende hastapenean, zernahi euskaldun juan ziren, ipar eta hego Ameriketarat. Ordu haietan, zortzi itsas untzi konpañiek egiten zuten trabeskadako bidaia, kasik, euskaldun emigrazioarekin bakarrik. Euskaldun emigrante horiek, ehunetarik 22, Kubako ugarterat juaiten ziren. Ordu haietan, Euskal Herrian, familia haundiak ziren, eta, etxeko seme zaharrenak etxaldea segitzen bazuen, bertze anaiak, ardura, Ameriketarat juaiten ziren, oraino gazte hutsak zirelarik. Gazte horiek, ez zuten armadako zerbitzua egiten; denbora horietan, ipar Euskal Herrian, 1 885 insumitu zenbakitzen ziren orotarat. Kubarat juan ziren lehen euskaldunak, Christophe Colomb famatuarekin izan ziren, 1492 an.

Kuban zer egiten zuten Hazpandarrek ? Gehienek, beren etxetan egiten zuten lan bera…erran nahi baitu, taneria eta zapataintza. Hazpandarrek, ongi ezagutzen zuten larruaren lana, ur erreketan egiten zen lanetik hasirik, larrupilatzea, gisu purga eta tanatzea arte. Beraz, Kubarat joan ziren Hazpandar gazte horiek, larru lana ezagutzen zuten, ezen, jadanik, 1831an, Hazparnen, 51 taneria baziren ; gehienak, etxaldetan zirenak. Hazparneko laborariek, bi ofizio betan erabiltzen zituzten. 1891an, Hazparnen, 850 gizon eta 605 emazte bizi ziren larru industriatik. 1856 eta 1866 arte hortan, 527 mutil gazte zenbakituak ziren Hazparnen, hauetarik 316-ek armada egin zuten eta 207, Ameriketarat juan ziren, armadarik egin gabe, heietarik zenbeit, Kubarat.

XIXgarren mende undarrean, eta XXgarrenaren hastapenean, zenbeit hazpandar emigrantek, beren izenak utzi dituzte Kubako erresumaren ixtorioan. Hala nola, Gratien DAGUERRE, Hazketa Malexiatean sortua 1874 eko uztailaren 20 an. Hazparnetik juan zen Kuba alderat, ugarte hau españolen esku zelarik oraino. Etxen, laborantxa ikasia zuen, eta ere, larruaren lana. Familia bazuen Kubako ugartean, eta hari buruz juan zen. 1902ko irailaren 10an, ezkondu zen, Maria Lamorena-rekin, eta ordutik, Sondon Arbeletche aihertarraren tanerian lan egiten hasi zen. Zenbeit urteren buruan, bera nagusi bilakatu zen taneria hortan, eta laster, lantegiari omen haundia bilduarazi zuen; tokiko taneria haundiena bilakatu zen. Ordutik, hazpandar ainitz juanarazi zituen bere lantegian lan egiteko. Horela, taneria hori, 50 urtez, ongi erabili zuen, hazpandar langile andana haundi batekin, nola: Jean-Baptiste Hiriart-Urruty, Bernard Bacardatz, Jean Baptiste Lahirigoyen Mentaxurikoa, Adrien Cinquabres, Pierre Bidart, Jean Hiriart etabar... Bere bizi undarrean, Gracien DAGUERRE, "Gibara " herriko gizon aberatsena bilakatua zen. 420 ektarraren jabe zen, eta, ehun bat etxe bazituen berenak, herri gotor hortan.

Bertze hazpandar batek ere fortuna egin zuen "Gibara"herri berean; Gratien Daguerre industrialaren konfientxiako gizona zen, eta hunek izena zuen : Jean Baptiste LAHIRIGOYEN. Hau, biziki gazterik juana zen Kubarat, eta han, ixtudioentzat trebetasuna zaukalakotz, gaueko ikastaldiak segitu zituen, eta etxaminak pasatu ere. Horela, Daguerre lantegi haundiaren kontable nagusi bilakatu zen. Maria Rosa Cruz Gil–ekin ezkondu zen, eta bertze lan mota batzuetan ere trebatu, nola, gisu labe lanetan.

Paulin LAFITTE, Hazketa Larregain Beherekoa ere, juan zen Kubarat, bi lagunekin, iragan mendearen hastapenean. Pedro Sondon taneria haundiko nagusiaren alabarekin ezkondu zen, eta, lantegiaren giderrak hartu zituen. Laster, tresna berriak erosi zituen lanaren errexteko, eta produkzioaren emendatzeko. Paulin LAFITTE, Frantziako delege bilakatu zen ugarte guziarentzat, erresumak greba haundi batzu jasaiten zituen denboran. Gizon hunen gaiean diren artxiboek daukatenaz, gizon errespetagarria izan da, LAFITTE hori. Azkatasunaren alde maiz mintzatu zen; Frantzia eta Kuba-ren arteko hartu emanetan baitezpadakoa izan da, eta ere, gerlaren ondorioz, burrasoak galdu dituzten haurren alde, laguntza haundia ekarri zaiote.

Ohargarri da, Euskal emigrazioak, Kuba erresuma berriaren eraikitzean, parte haundia ekarri duela. Jakinez, euskaldunak zirela ugarte huntako lehen kolonizatzaileak, nahiz eta, populuaren ehunetarik bortz baizik ez izan. Euskaldun familia horiek eraiki zituzten, Havanako herrian , "Cercle Vasco" elkartea, eta, Beneficencia-ko " Vasco-Navarraise " elkarteak. Pilota jokoa sartu zuten Kuba erresuman; gaur, zernahi arrabota badira ugarte huntan, eta jendea, pilota jokoari segitua da. Argentina eta Xilian ere baziren hazpandar zapatain eta taneria sortzaileak. Geroxago, azken mende horren erditsutan, Hazpandarrak, Ipar Amerikarat juaiten ziren, ainitz, artzaingoan artzeko.

Hazparneko Herriko Etxea

Etxe bat bada, orok ezagutzen duguna, Herriko etxea da, denek, noizbeit, zerbeiten beharretan izanez, herriko administrazio gune huntarik. Erdaraz erraiten dugu "la Mairie", bainan lehen, Herriko Etxeari erraiten zen: "la mairerie ". Lehen, Herriko hautetsiak eta etxetako nagusi eta etxekoandereak, beren erabakien hartzeko, igande goizetan, mezaren ondotik, eliza kalostre azpian elgarretaratzen ziren, salbu, zerbeit larri zelarik, iraultza aroan edo bertze ; orduan, herrikoetxean biltzen ziren.

Hazparneko Herriko etxea, paper zaharretan ikusten ahal daikenaz, oraiko toki berean zen jadanik, 1650ean. Herriko etxeak berak, bulego ttipi bat baizik ez zuen, eta biltzarren egiteko, gela haundi bat. Frantziako iraultza aintzin, Herriko etxean baziren bertzalde : bihi saltzeak, haragi saltzeak, larru saltzeak ; Frantziako eta Espainiako arnoen saltzeak ere hor egiten ziren. Gainerat, errientaren egoitza hor zen, presondegia ere, eta, Herriko etxearen parte bat, ostaler bati aloiatua zen.

1855-eko abendoaren 18an, Baionako Su-Prefetak, Harriague Hazparneko Auzapezari onartu zion, herriko etxearen berritzea ; erranez haatik, Herriko etxe aintzinak, bertze etxeen lerro bera atxiki beharko zuela. Debisak egin zituzten eta hauek, 25 221,40 franko-tarat heltzen ziren. Erabakia izan zen, aro ederraren beha egoitea obren hasteko, eta, negua aintzin beharko zirela lan guziak bukatuak. 1856an, ekainaren 19an, hasi ziren Herriko etxe xaharraren aurdikitzen, eta, urte undarrean baizik ez ziren lotu berriaren eraikitzen. Ondoko urteko larrazkenean bukatu zuten.

Ordutik, eta bi urtez oraino, eztabada izan zen Herriko hautetsi eta arxitektoen artean, baizik eta, hauek sobera jornal galdatzen zutela bere lanaren egiteko. 1859an trinkatu zen afera, eta, azken zorrak pagatu zituen, Hazparneko herriak, arxitektoeri. Horren gatik, Herriko etxe berriaren keskak ez ziren itzaldu : teilatua, arbelaz estalia baitzuen, orotarik itatxurak agertzen ziren, eta, Kontseiluak erabaki berri bat hartu behar ukan zuen, 1864ean. Ondorioz, arbela kendurik, teilak ezarriko zituztela erabaki zuten.

Obren egiteko moldean, zernahi xehetasun badira idatziak: teilatuko zureriak ez du zureko koropilik behar, eta, ez ere, parte ilunik, eta, urte osoa behar du, segatua izana dela. Marluseriek, hiru urte hartan segatuak behar dira izan, aski xukatuak izaiteko gisan. Itziak nola sartu behar diren ere ezarria da idatzirik. Leiho inguruetan, Bidaxuneko harria. Eskailerak, haitzez eta 4 zentimetroko taula azkar batzuekin. Plastra grisa baliatu beharko da, eta azken pasaialdiarentzat, Rouen hiriko plastra xuria. Debisak ofizioka : hargintza, 11 327, 38 franko; teilatua, eskailera eta zureriak, 6 483, 20 franko; plasturgoa 14 440,32 franko; marluseria, 1 936,38 franko; kinkalleria eta burdineria, 1 566,80 franko; berinak eta tindua, 852,40 franko, eta bertzalde, 600 bat franko atxikitzen zituzten, obra xehe batzuen ordaintzeko. Orokorki : 24 258, 48 franko, gosta zen, Herriko etxe berria.

Geroztik Herriko etxea haundiagoa zen oraino, eta, hiru partetan zatikatu zuten : erdian Meria zen, eta bi sahetsak aloiatu zituzten ; bat, 250 franko urteka, eta bertzea, 170 urtean. Geroxago oraino, gela bat baliatu zuten, justiziaren epai tokia egiteko, 1940 a arte. 1868an, poliziako komiserio bat ere izan zen Herriko Etxean. Hunek zenbeit urte baizik ez zuen iraun.

Gaur, Herriko etxeak berak baliatzen du toki osoa, eta gainerat, Mañarenia etxe osoa ere baliatzen da Herriko etxe gisa. Bertzalde oraino, Jauregiko barrokietan egin dituzte gela berriak, ur eta ur higatueri buruzko idazlaritzaren eta Kadaztra tokiaren aterbetzeko. “La Mairerie” deitzen zen denboran, nahiz, 5 000 biztanle izan Hazparnen, Herriko etxean, bi langile baizik ez ziren: idazlari bat eta herriko mutila. Biziki urrun gira gaurko, kasik ehun bat enplegatuetaz, 6 300 biztanlerentzat.


“Hazparneko herriaren izena”

Gaur, euskaraz, Hazparne, deitzen dugu gure herria, frantseses, Hasparren; erdaraz, usu baliatzen dugu ere hitz lerro hau : «La cité des chênes», erran nahi baitu: “Haitzen herria”. Izen ospetsua, gutiz gehieneri gustatzen zaiona, ezen Haitza baita arboletan errege, eta, hazpandarrek, egokia kausitu dugu izen hori gaur gureganatua daukaguna.

Denboran erraiten zen, urtxintxa bat, Hazparnetik Baionarat juaiten ahal zela, haitz batetik bertzerat jautzinez. Hori, erran bat da bixtan dena, nola ere, erran bat baizik ez den, Haitz Barne deitzen zela Hazparne. Dakiguna da ere, Hazparnen, Ametzak eta Haltzak zirela gehienik, eta ez, baitezpada, Haitzak, nahiz Ametza haitz mota bat den. Ametza, larru pilatzeko baliatzen zen tanerietan, eta Haltza, ur erreka bazterretan nasaiki heldu da. Hazparnen, erreka ainitz bada, eta ondorioz, Haltzak ere. Ainitzeri iduritzen zaiote Haitz barrene, edo Haritz-Barne dela Hazparneren izen xuxena, bainan, ikertzale bat ere ez da kausitzen, teoria hunen alde agertzen denik; denek bertze ikusmolde bat eskaintzen daukute. Nehork ez badu ere porogatzen ahal, argi ta garbi, nundik helduden gure herriaren izen hori, badakiguna da, ez dela nehundik ere, Haitz barne-tik heldu; puntu huntan ikerle guziak ados dira.

(1349)-an, Hazparne, HESPERRENE deitzen zen eta idazten; geroztik, oraino berriki arte, AHETSBARRENE eta AHAZPARNE, idatzi askotan irakurtzen ahal den bezala, eta izenaren etimologiari hurbilago ditaiken bezala. Izenaren hastapenean, “ahets” erran nahi bailuke “gaina” eta bukaeran “barren” gaur “parren” bilakatua den hitza, erran nahi baitu –mugan-. Beraz, “ahetz” oronimoa lotua da “barren” hitzari , erran nahi baitu: “barnekalde muga gaina”, erdaraz: « hauteur la plus intérieure ».

Ikusmolde hau zabaldua izan da, ikusis, Hazparne, Ahetsbarrene deitzen zela, gure ixtorioa idatzia izan denetik. Badakigu, herri hunek zer inportantzia zuen gure aroaren lehen mendetan, ikertzaleek diotenaz, eta, ohargarri da denentzat, mendeetan barna, izen hori, ez dela guti baizik aldatua izan, bertze herri ttipiagokoen izenak aldatu izan diren molde berean. Ondorioz, betidanik izen bera atxiki du Hazparnek, edo Ahetsbarrenek; bi izenek, erro berak baitituzte.

Bertze ikusmolde bat bada ere izenaren gai huntan, lehenari hurbil litaikena. Ikertzale batzuek diote, “aitz” edo “aritz” izenetik ateratzen dela, erran nahi bailuke “arroka”, eta orduan erran nahia litaike ( barnekalde mugako arroka). Ikusmolde hunek ere bere funtsezko arrazoiak baditu: Ursuia mendi arrokatsuaren altzoan da, Hazparne. Hemen ere, barnekaldearen buruan den herri arrokatsu (menditsu), beraz gora den bat aipatua da, eta orokorki, denak erran nahi bertsurat erortzen dira.

Dudarik gabe, barnago ikertu beharko ginuke sail hau, bainan, gaurdanik erran ditaikena da, ez ginukela gehiago Hazparnerentzat, Haitz-Barne erran nahi duela oihukatu behar, lau haizetarat.

Duela zenbeit urte, Zelaiko Parachou jaunak aipatzen zuen, Hazparne, Haltza arbolatik heldu zela, eta eztabada luze bat ukan zuen denboran, Idieder Hazparneko bikariarekin, geroztik erretor egon zenarekin. Apezak zion Hazparne “Haitzen erdian” erran nahi zuela, eta Parachouk “Haltzbarne” zela “Haltzen erdian” tematzen zen, ezen, goraxago erran dugun bezala, ur errekak ainitz baiziren; hainbertze erreka nun, 30 bat eihera baziren Hazparnen. Ur erreka hauen bazterretan, Haltzak baziren nonbre haundian. Hunek erranarazten zaion, Parachou jaunari, Haltz barne zela eta ez Haitzbarne. Nahiz kaseten bidez eztabada zabaldu zuten, arrazoinik ez zuten atera, batek ez bertzeak, eta azken finean, trinkatu gabe gelditu ziren bizkar; bakotxak beren ikusmoldea beretzat atxikiz.

Ordainez, Hazketako auzoak, lehen, Harana deituak, iduri luke, Haltzetik atera duela bere izena, haltz (arbola) eta keta (tokia). Beraz, hemen erran behar ginuke, Haltzketa eta ez Hazketa edo, are gutiago, Hasketa, gaur idatzia den bezala. Bainan, hemen ere, oraindik makurra egina da, eta erraiten dugun moldean segituko dugu: Hazparne eta Hazketa deitzen. Huna gaurko gaia bukatua.