IZPIRITUARI ZABALIK

IZPIRITUARI ZABALIK

Ez dira anitz mintzatzen. Ez dira ohartuki agertzen. Beren presentzia umila dute eta isila. Baina «lurraren gatz» dira. Munduan Jainkoaren Izpirituari adi eta erne bizi den gizon- emazterik dagoen bitartean, daitekeena izango da esperantzaz bizitzen segitzea. Holako jende hori da oparirik hoberena Elizarentzat, bera eskastasun izpiritualak mehatxaturik bizi denean.

Holako horien eragina ez dator egiten dutenetik, ezta erraiten edo idazten dutenetik ere, baizik eta errealitate barnago batetik. Monasterioetan erretiraturik bizi dira edota jendartean gorderik. Ez dira ohartuki agertzen beren jardueraz eta, bizkitartean, barne energia irradiatzen dute bizi diren lekuan.

Ez dira bizi itxurak eginez. Beren baitako barneenari dario beren bizitza. Beren buruarekin harmonian bizi dira, beraien baitan bizi den Izpirituaren deiarekin beren bizitza nola bat egingo erne bizi dira. Berak ohartu gabe Jainkoaren Misterioaren dirdira dira lurrean.

Ez zaiote falta hutsik eta mugapenik. Ez daude immunizatuak bekatuaren kontra. Baina ez dituzte uzten bizitzako problema eta gatazkak beren burua itotzen. Behin eta berriz jotzen dute beren baitako barnera. Jainkoaren presentzian bizitzen ahalegintzen dira. Bera dute beren desioak, hitzak eta erabakiak bateratzen dizkioten erdigunea eta iturria.

Aski da beraiekin harremanetan jartzea, gure baitan bizi ditugun barreiaduraz eta nahasmenduaz jabetzeko. Beraien ondotik errex dugu sumatzea gure bizitzan bizi ditugun batasun-falta, hutsunea eta azalkeria. Ezezagunak ditugun alderdiak sumatzeko bidea emaiten daukute.

Izpirituari zabalik bizi diren gizon-emazte hauek argi eta bizi-iturri ditugu. Beraien eragina gordezkoa da eta misteriotsua. Jainkoaren ganik datozen harremanak ezartzen dituzte gainerakoekin. Nehoiz ere ikusi ez duten jendearekin elkartasunean, komunioan, bizi dira. Ezagutzen ez duten jendea amultsuki eta samurki maite dute. Jainkoak kreazione osoarekin batasun sakonean biziarazten ditu.

Gure gizarte materialista eta azal hutseko huntan, izpirituaren baloreei hartarainoko izen eta tratu txarrak ezartzen dizkioten huntan, gizon-emazte «izpiritual» hauen oroitzapena egin nahi izan dut. Giza bihotzeko tirria handiena eta egarria asetzen dituen azken Iturria dakarkigute gogora.

José Antonio Pagola Itzultzailea: Dionisio Amundarain