Samurtasunez josia dago eszena. Dizipuluak akituak heldu dira egin lanarengatik. Jarduera/ekintza hain bizia da «jateko arterik ere ez (bait)zuten». Orduan Jesusek gomit hau egin diote: «Zatozte zuek, berex, bazterleku baterat, eta pausa zaitezte pixka bat».
Kristauek ahanzten dugu gaur egun, usuegi, Jesusen jarraitzaile-talde bat ez dela otoitz, gogoeta eta lan-elkarte bat bakarrik, baizik eta atseden eta gozamen-elkarte ere bai.
Ez da beti horrela izan. Ondotik datorren testua ez da nihongo teologo progresista batena. Aspaldi, IV. mende hartan, idatzia da; arinkeria-susmo gutiko Agustin Hiponako apezpiku handiak idatzi zuen.
«Kristau-talde bat elgarrekin otoitz egiten duten pertsonen taldea da, bai, baina baita elgarrekin solasean ari ohi direnena ere. Batera irri egiten dute eta zerbitzuak trukatzen. Elgarrekin ari ohi dira arrailerian eta elgarrekin ari ohi dira serioski. Batzuetan ez dira ados egoiten, baina zorrozkeriarik gabe, batzuetan nor bere buruarekin egon ohi den bezala, eta desadostasun hortaz baliatzen dira ohiko akordioa sendotzeko/indartzeko.
Beti ikasten dute batak bestearenganik edota batak besteari irakasten diote. Faltan izaiten dituzte, penaz, hurbildu ez direnak. Pozik onartzen dituzte etortzen direnak. Mota bateko edo bestelako agerpenak egiten dituzte: elgar maite dutenen arteko ateraldiak, aurpegian, begietan, samurtasunezko milaka keinutan adieraziak».
Testu huntan gaur egun, beharbada, gehienik harritzen gaituena, otoitz egiten dakiten, baina irri egiten ere dakiten kristauen alderdi hori da. Badakite serioski jokatzen eta badakite ausatzen. Eliza modernoa, aldiz, kasik beti serio eta harro agertu ohi da. Erran daiteke, beldur girela irri egiteaz, irria azalkeriaren edo erantzukizun-faltaren zeinu balitz bezala.
Bada, bizkitartean, umore edo aldarte bat eta irri egiten jakite bat, heldutasunaren eta jakinduriaren zeinu dena. Erlatibo dena erlatibizatzen dakien sinestedunaren irria da, problemak beharrik gabe dramatizatzera jo gabe.
Azken konfiantza guziei pietatez eta samurtasunez begiratzen gaituen Jainkoaren baitan jarri duenaren irria da: Irri bat, bereizten dakiena, libratzen eta bide egiten jarraitzeko indarra emaiten duena. Irri hau bateragarri da. Elgarrekin irri egiten dutenek ez dira bata besteari jasartzen, ez dute kalterik egiten elgarri; izan ere, egiaz gizatar den irria ulertzen eta maitatzen dakien bihotzari dariona da.
José Antonio Pagola Itzultzailea: Dionisio Amundarain