BIZITZEN JAKIN

BIZITZEN JAKIN

Zenbat aldiz ez dugu entzun: «Egiaz inporta duena bizitzen jakitea da». Eta, halere, ez zaigu batere gauza errexa agertzea «bizitzen jakitea» zer den. Anitzetan, gure bizitza ohikeriazkoa izaiten da eta aspergarria. Gazi-geza.

Bizkitartean, izaiten dira uneak, zeinetan gure bizitza zoriontsu bihurtzen baita, itxuraldatu, ziztu-aldi hutsekoa izanik ere. Uneak, zeinetan maitasunak, xamurtasunak, bizikidetasunak, solidaritateak, lan sortzaileak edota bestak beste bizitasun bat hartzen baitute. Bizi girela senditzen dugu. Gure izaitearen hondo-hondotik ateratzen zaigu: «Hau da bizitzea».

Gaurko ebanjelioak Jesusen hitz batzuk dakarzkigu, hein batean nahasten ahal gaituztenak: «Egiaz diozuet: sinesten duenak betiereko bizia du». «Betiereko bizia» erran-moldeak ez du erran nahi, besterik gabe, heriotza ondoko mugarik gabeko bizialdia.

Beste bat da kontua: barnatasun eta kalitate berriko bizitza adierazten du, behin betiko munduari dagokion bizitza. Bazilo batek akaba ez dezakeen bizitza da, edozein errepidetako bidegurutze batean maingu geldi ez daitekeen bizitza. Bizitza betea, guhaur baino haratago ere doana, jadanik Jainkoaren bizitzan berean parte hartzea delako.

Gu guziek dugun eginkizunik zoragarriena, egunero gizatiarrago izaitea dugu, eta kristauek sinesten dugu era/molde gizatarrean bizitzeko molderik zintzoena Jesu Kristori osoki atxikitzetik datorrena dela. «Kristau izaiteak gizaki (gizon/emakume) izaitea erran nahi du, ez gizaki-mota bat, baizik eta Kristok gure baitan sortzen duen gizaki» (Dietrich Bonhoeffer).

Beharbada, sinesten hasi behar dugu gure bizitza izan daitekeela beteagoa eta sakonagoa, askeagoa eta gozoagoa. Beharbada, ausartu beharko dugu maitasuna errotikotasun handiagoz bizitzen, «bizia ugari ukaitea» zer den doi bat aurkitzeko. Kristau-idazle bat ausartu da erraitera: «Guk badakigu heriotzetik bizira pasatu girela, haurrideak maite ditugulakotz» (1 Joan 3,14).

Baina kontua ez da maitatzea maita dezagula erran daukutelako, baizik eta maitatuak girela erro-errotik senditu dugulako. Eta sinesten dugulako, gero eta sendoago, «gure bizitza Kristorekin Jainkoaren baitan gorderik dagoela». Bada bizitza bat, betetasun bat, dinamismo bat, askatasun bat, xamurtasun bat «munduak eman ez dezakeena». Soilik, bere bizitza Jesu Kristoren baitan errotzea ardiesten duenak aurkitzen du.

José Antonio Pagola Itzultzailea: Dionisio Amundarain