NORENGANA JOAN GAITEZKE?

NORENGANA JOAN GAITEZKE?

Jesusengana hurbiltzen denak anitzetan uste izaiten du era/molde harrigarrian topo egiten duela egun-egungoa den norbaitekin: egun-egungo eta gure egungo problemetan gure garaikideetarik anitz baino presenteago dagoen norbaitekin.

Badira gaur oraino hunkitzen gaituzten Jesusen keinu eta hitzak, gure problemen eta bizi- kezken muina hunkitzen dutelako. Denborarekin eta ideologien aldaketarekin bazter gelditzeari buru egin dioten keinu eta hitzak dira. Bizi izan dituzten mendeek ez dizkiote ahaldu beren baitan dituzten indarra eta bizitasuna, aditasun ttipienaz eta bihotza egiaz idekirik begiratzen badiotegu.

Bizkitartean, hogei mendetan barna hauts asko joan da pilatuz, ezinbestean, Jesusen gainean, beraren jardueraren eta beraren mezuaren gainean. Kristautasun batek, asmo hoberenaz eta zaletasun bero eta beneragarriz jokatu bazuen ere, trabatu ditu batzuetan kristau xume asko bizi-freskotasuna eta bizitasuna agertu zituen Norbait harekin topo egiteaz: hau da prostituituei barkatzen, haurrak besarkatzen, adiskideekin nigar egiten, esperantza kutsatzen eta jendea Jainkoaren seme-alaben maitasuna aske eta libre bizitzera gomitatzen zuen harekin.

Zenbat gizon eta emaztek entzun behar izan dituzten asmo oneko moralisten zorrozkeriak eta predikari adituen agerpenak, Jesusekin topo egitea niholaz ere ardietsi gabe.

Horrenbestez, ez gintezke harritu behar Jean Onimus idazle frantsesaren hitz hauek entzutean: «Zergatik izan behar duzu zuk [Jauna] predikarien, doktoreen eta aditu batzuen jabetza pribatu, hain gauza xumeak, hain zuzenekoak erraiteko erabili dituzun hitzak bizi- hitz direlarik gizon-emazte guzientzat?».

Azken urte hauetan Elizatik urrunduz joan diren kristau askok ebanjelioak zuzenean ezagutuko balitu, berritz sendituko luke noizbait Petrik erran hura: «Jauna, norengana joan gaitezke? Zuk dituzu betiko bizirako hitzak. Guk sinesten dugu».

José Antonio Pagola Itzultzailea: Dionisio Amundarain