Dudarik gabe, gure irizpideak ez dira bat etortzen Jesusenekin. Gutarteko norek uste du gaur egun gizon-emazte garrantzizkoenak gainerakoen zerbitzura bizi direnak direla?
Guretzat, garrantzizkoa izen handiko pertsona da, bere buruaz seguru ageri dena, bizitzako alor batean arrakasta ardietsi duena, gainerakoen gaineko ageri den eta jendeak txalotu ohi duena. Telebistan etengabe ikus ditzakegun horiek: lider politiko, «Nobel saridun», modako kantari, besterik ez bezalako kirolari... Nor horiek baino garrantzizkoago?
Jesusen irizpidearen arabera, berriz, besterik gabe, beste hauek dira garrantzizko: milaka eta milaka gizon-emazte anonimo horiek, aurpegiz ezezagun direnak, nihork ere omenaldirik egingo ez diotenak, baina norberaren probetxurik gabe besteen zerbitzuan jo eta ke dihardutenak. Beren arrakasta pertsonalerako bizi ez direnak. Era/molde egoistan beren desioak nola aseko ez, baizik eta gainerakoen zorionaz arduratzen direnak.
Jesusen ustez, bada handitasun bat honelako pertsona hauen bizitzan: ez dezakete asmatu zorioneko izaiten gainerakoen zoriona gabe. Berauen bizitza buru-eskaintzazko eta buru- ardurarik gabeko misterioa da. Beren bizitza gainerakoen eskura jartzen dakitenak dira. Beren onberatasunak sustaturik jokatzen dute. Solidaritateak sustatzen ditu beraien lana, beraien egunean eguneko zeregina, beraien harremanak, beraien bizikidetasuna.
Ez dira bizi lan egiteko bakarrik, ezta gozatzeko bakarrik ere. Beren bizitza ez dute mugatzen beren lanbide-betebeharrak burutzera edota beren egitekoa zorrotz gauzatzera. Jende horren bizitzak badu berekin beste zerbait gehiago. Era/molde sortzailean bizi dira. Beren bidean aurkitzen dute pertsona bakoitza, beren ingurunean sumatzen duten oinaze bakoitza, ondoan sortzen zaien problema bakoitza hartzen dute deitzat, lehiatzera, zerbitzatzera eta laguntzera akuilatzen dutena.
«Azkenak» diren itxura ageri zaiote, baina handia dute zinez beren bizitza. Denek dakigu, maitasun eta buru-axolarik gabeko bizitzak pena merezi duela, nahiz eta ez giren ausartzen halakorik bizitzera. Agian, umil-umila egin beharko ginuke otoitz Teilhard de Chardinek egin ohi zuen bezala: «Jauna, erantzungo diot zure inspirazio sakonari, existitzeko agintzen dautanari, nere maitasun-indarra eta on egitekoa axolagabe ez itotzeko, ez desbideratzeko, ez alferrik galtzeko».
José Antonio Pagola Itzultzailea: Dionisio Amundarain