Gaur egun gero eta gutiago entzuten da leialtasunaz hitz egiten. Aski da solasaldi batzuei begiratzea, ingurumen arras desberdin bat egiaztatzeko: «Bakotxak gure alde egin dugu oporraldia», «senarrak amodio-kontu bat izan zuen, anitz kostatu zitzaidan onartzea, baina zer egiten ahal nuen?», «senarrarekin bakarrik aspertzen bainaiz».
Bikote batzuek uste izaiten dute maitasuna zerbait berezkoa dela. Erne eta bizirik jarraitzen badu, dena ongi joaiten da. Epeltzen eta gordetzen bada, jasanezin bilakatzen da elkar bizitza. Orduan, gauzarik hoberena, «era/molde zibilizatuan» berextea izaiten da.
Ez dute guziek horrela erreakzionatzen. Badira ohartzen direnak, ez dutela gehiago elkar maite, baina elkarrekin jarraitzen dute, hori zergatik egiten duten garbiki jakin gabe. Hau izaiten dute galdera bakarra, egoera horri noiz arte buru egiten ahalko dioten. Badira beren ezkontza-bizitzatik kanpo maitasun bat aurkitu dutenak ere, eta harreman berri horrek hartaraino erakartzen ditu, ez baitiote uko egin nahi. Ez dute galdu nahi, ez beren ezkontza- bizitza, ez ezkontzaz kanpoko maitasuna.
Gisa anitzetakoak izaiten dira egoerak eta, usu, kasu anitz arras mingarriak. Bazter utzi izanaz eta umilazioaz isilean nigar egiten duten emazteak. Jasan ezineko beren harremanetan asperturik bizi diren senar-emazteak. Haurrak triste, beren gurasoen maitasun- ezaz sufritzen.
Ezkontza-bikote hauek ez dute izaiten «errezeta» beharrik beren egoeratik ateratzeko. Biziki erraza izango litaike hori. Eskaintzen ahal diotegun lehenbiziko gauza errespetua da, molde diskretuan entzutea, hatsa emaitea bizi ahal daitezen eta, beharbada, norabide-hitz argigarri bat. Dena den, egoki gerta daiteke, beti egin behar izaiten diren oinarrizko urrats batzuk gogoraraztea.
Lehenbiziko gauza, elkarrizketari uko ez egitea. Agerian ezarri behar dira harremanak. Egiatasunez, agerian ezarri behar da bakoitzak sentitzen eta bizi duena. Saiatu ulertzen zer dagoen kukuturik ongiez hazkor horren pean. Agerian ezarri zer ez dabilen ongi. Izena ezarri batak besteari egin hainbat bidegabekeriari, batere agertu eta berexi gabe metatuz joan izan direnei.
Baina ez da aski elkarrizketa. Krisialdi batzuk ez dira konpontzen eskuzabaltasunik eta jarrera zintzorik gabe. Bakoitza egoismo-jarrera kixkil eta hetsi batean hesten bada, gatazka larriagotu egingo da, gogoa sutu eta egun batez maitasun izan zena herra gorde eta bata bestearen kontrako oldarkortasun bihurtuko.
Gogoan izan behar da, orobat, maitasuna bizitza arruntean bizi ohi dela eta egunerokoa errepikatzearen errepikatzean. Elkarrekin bizi izan egun bakoitzak, partekatu poz eta sufrimenduak, bikote bezala bizi izan problema bakoitzak: horrek guziak emaiten dio trinkotasuna maitasunari. Jesusen hitzak: «Jainkoak bateratu duena, jendeak ez beza berex», bere eskakizunak ditu hausturara heldu baino anitzez lehenagotik; izan ere, ezkontza- bikoteak emeki-emeki apartatuz joan ohi dira, eguneroko bizitzan.
José Antonio Pagola Itzultzailea: Dionisio Amundarain