Komunikabideek gero eta lasterrago emaiten daukute munduan gertatzen denaren berri. Gero eta hobeki ezagutzen ditugu lurralde guzietan egunero egiten diren zuzengabekeriak, miseriak eta abusuak.
Berri hauek errex sortzen dute gure baitan hein bateko solidaritate-sentimendua hainbat eta hainbat gizon-emazteekiko, mundu egoista eta zuzengabearen biktimekiko. Are gehiago, nolabaiteko hobenduntasun-sentimendurik ere eragin dezakete. Aldi berean, ordea, gure ezintasun-sentsazioa hazten da.
Gure jarduera-ahalbideak arras mugatuak dira. Guziek ezagutzen ditugu gure indarrez erremediatzen ahal ditugunak baino miseria eta zuzengabekeria gehiago. Horregatik, zail izaiten da saihestea/baztertzea gure kontzientzian galdera bat, hain gizatasunik gabea den gizadiaren aitzinean: «Zer egin dezakegu?».
Joan Bataiatzaileak, bere soiltasunean, erantzun izigarri bat eskaini dauku. Erantzun erabakitzailea, nor bere egiaren buruz-buru jartzen gaituena. «Bi soineko dituenak ez duenarekin parteka ditzala, eta jatekoa duenak berdin egin beza».
Ez da errexa hitz hauek entzutea nolabaiteko ongiez bat senditu gabe. Kuraia behar da berak onartzeko. Denbora behar da interpela gaitzaten uzteko. Sufriarazten duten hitzak dira. Hemen burutzen da gure «borondate on» faltsua. Hemen jartzen da agirian gure solidaritatearen egiatasuna. Hemen nahasten da gure sentimentalismo erlijiosoa. Zer egin dezakegu? Soil-soilik, daukaguna partekatu premia dutenekin.
Gure eztabaida sozial eta politiko anitz, gure protestarik eta garrasietarik anitz, anitzetan erantzukizunezko jarduera batetik libre uzten gaituztenak, murrizturik gertatzen dira bat- batean galde soil batera. Ausartuko al gira daukaguna partekatzera premian direnekin?
Inoxentki kasik beti uste izaiten dugu, gure gizartea zuzenagoa, gizatiarragoa izango dela gainerakoak aldatuko direnean, eta gizatiarrago izaitea trabatzen daukuten egitura sozialak eta politikoak eraldatuko direnean.
Eta, bizkitartean, Bataiatzailearen hitz soilek pentsatzera behartzen gaituzte zuzengabekeriaren erroa hor dagoela gure baitan ere. Egiturek sobera ongi salatzen dute guziak animatzen gaituen izpiritua. Zuzen adierazten dute gutarik bakoitzaren baitan dauden handinahia, egoismoa eta ukaiteko egarria.
José Antonio Pagola Itzultzailea: Dionisio Amundarain